Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Iruñeko gertaerak "terrorismo delitu" izendatzea gehiegizkoa dela diote Asironek eta Mendozak

Publizitatea

Politika

Politika

Iruñeko gertaerak "terrorismo delitu" izendatzea gehiegizkoa dela diote Asironek eta Mendozak

Iruñeko eta Errenteriako alkateek oharra atera dute, biek batera. Iruñean gertatutakoa eta "indarkeriazko edozein adierazpen" gaitzesten dutela diote, baina, aldi berean, gehiegizkoa iruditzen zaiela hiru gazteak "terrorismo delituak" egotzita giltzapean edukitzea.

2017-03-18 / Erik Gartzia

Julen Mendoza eta Joseba Asironek, Errenteria-Oreretako eta Iruñeko alkateek, hurrenez hurren, adierazpen bateratua plazaratu dute. Gaur zortzi Nafarroako hiriburuan izandako gertaerak eta hiru gazte errenteriarren espetxeratzea gaitzetsi dituzte. Iruñeko espetxean dauden hiru gazteen "berehalako askatasuna" exijitu dute, eta Auzia Espainiako Auzitegi Nazionaletik epaitegi arrunt batera pasatzea eskatu dute Mendoza eta Asironek, terrorismo kalifikazioa kenduta.

"Indarkeriazko edozein adierazpen" —Iruñekoak barne— gaitzetsi dituzte, eta "irmotasun berarekin" gaitzetsi dituzte istilu horiek terrorismo bezala kalifikatzea. "Neurrigabea" dela eta "iraganari eta salbuespen neurriei" erantzuten dietela uste dute. "Gure herrian bakegintzan eta elkarbizitzan urratsak ematea oztopatzen dute".

Etorkizunera begira jartzeko deia luzatu dute, halaber, bi alkateek. "Uste dugu batzuek zein besteek iraganean nahi gaituztela, gainditutzat jotzen genituen gertaera, egoera eta dramak errepikaraziz", gaineratu dute. Hainbat sektorek "indarkeriari buruz egiten duten ariketa nostalgiko eta hutsalak" kezkatzen ditu bi hirietako alkateak. Espainiako Estatuarentzako ere izan dituzte hitzak: "Irmotasun berberarekin, kezkatzen gaitu estatuaren jarrera immobilistak eta salbuespenezko neurri eta politiken mantentzeak". Horrela, uste dute "batzuek zein besteek" gazte belaunaldi bat "indarkeriaren eta sufrimenduaren ziklo berri batean katramilatu" nahi dituztela.

Atxilotutako lau gazteen gurasoei "elkartasunik zintzoena" adierazi diete, "alkate eta aita" bezala. Izan duten "ausardia" txalotu eta atzoko agerraldian egindako adierazpenengatik zoriondu dituzte.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak