Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika 30.000 herritar baino gehiago joan dira bozkalekuetara

Publizitatea

Politika

Parte hartzea

30.000 herritar baino gehiago joan dira bozkalekuetara

Guztira, 30.862 lagunek eman dute botoa, azken datuen arabera. Parte hartzeak %24ko langa pasatu du, eta baiezko botoa eman dute %95,84k.

2017-03-20 / Hodei Iruretagoiena

"Demokraziak irabazi du". Mezu horixe eman zuen Gure Esku Dago-k herri galdeketen behin-behineko datuak ematearekin batera. Oiartzualdean, Tolosaldean, Astigarragan eta Hernanin (Gipuzkoa) eta Larrabetzun (Bizkaia), 124.274 herritarrek izan dute estatus politikoari buruz iritzia emateko aukera, eta 30.862k erabaki dute bozkalekuetara joan eta botoa ematea (%24,83).

Baiezkoa izan da nagusi herri guztietan. Orotara, 29.578 lagunek eman dute baiezko botoa (%95,84); ezezkoa, 727k (%2,36); eta zuria, 394k (%1,28). 163 boto baliogabe izan dira.

Horiek denek emandakoa pauso garrantzitsua dela nabarmendu du Gure Esku Dago-k: "Gaur, 30.500 herritarrek, erabakiaren bidean atzera bueltarik gabeko urrats historiko bat egin dugu. Etxarri Aranatzen eta Arrankudiaga-Zollon jarritako kimuari eta 2016an 36 herritan egindako galdeketei, 2017an beste 35 herri batu zaizkio, 30.500 herritar batu zaizkio. Gaur, erabakiaren bidean urrats erabakigarria egin dugu, eta ziur gaude gaur hemen posible izan dena bihar Euskal Herrian ere posible izango dela".

Gaur, 35 herritan izan dira galdeketak. Aurretik, ordea, beste 38tan ere eginak zituzten antzeko ariketak: Etxarri Aranatzen, Arrankudiaga-Zollon, Azpeitian, Goierrin, Debagoienean, Ispasterren, Bakaikun eta Diman. Horietan, batez beste, %30,1eko parte hartzea izan zen; gaur, %24,83koa. Tartean, orain arte herri galdeketaren bat egin den eskualderik handiena zegoen: Oiartzualdea (%19,52).

"Zaila hautetsontziak jartzea da"

Aurrera egiteko bidean, galdeketak antolatzen aritu direnen lana goraipatu du Gure Esku Dago-k: "Zailena ez da erabakitzea, boto bat hartu eta kutxa batean sartzea izan daiteke, bere soiltasunean. Zaila bidea eta galdera adostea da, zaila hautetsontziak kalean jartzea da. Hori da adostasuna eskatzen duena, elkarlana eskatzen duena, areriotzat hartu dugun hori herrikidea dela gogorarazten diguna".

Beraz, denera, ia 70.000 herritarrek hartu dute parte orain arteko herri galdeketetan. Gaur artekoetan, 39.201 ziren; gaukoekin, ia 70.000.

Katalunian, %20,4

Herrialde Katalanetan, prozesu subiranistaren hasieran egin zituzten antzeko galdeketak herriz herri. 2009ko irailean egin zuten lehena, Arenys de Munten, eta beste udalerri ugari batu ziren gero. Horietan guztietan, batez beste, %20,4koa izan zen parte hartzea. Euskal Herriko gaur arteko galdeketetan, %30ean zegoen batez bestekoa.

Egun osoan zehar eman du botoa jendeak. Eguerditik arratsaldera, ia bikoiztu egin da parte-hartze datua:

Larrabetzun

Gure Esku Dago-k 17:30ean eman ditu arratsaldeko parte-hartze datuak, eta eguerditik nabarmen igo dela azpimarra daiteke. 12:00ak arte %9k bozkatu badute ere, arratsalderako jada %19,3koa zen datua, eta Tolosaldeko hainbat herritan %70era hurbilduak ziren. Eskualdeka Tolosaldean dago parte hartze handiena: %25,17. Oartzualdean, %15,96koa arratsaldean. Errenterian %11,05ekoa izan da parte hartzea, Pasaian %16,50ekoa, Hernanin %15,69koa eta Tolosan %20,68koa.

Parte hartze handiena Baliarrainen, Orendainen, Orexan, Larrabetzun eta Abaltzisketan izan da. Bizkaiko herria alde batera utzita, gainontzekoak 300 hautesletik beherako herriak dira. 10.000tik gora hautesle dituzten herrietan, berriz, ez da pasatu %20,68tik (datu guztiak, xehatuta, beherago).

Oartzualdea

Orain arte herri galdeketak egin dituen eskualde handiena da Oiartzualdea. Lau herri dira, baina 60.000tik gora hauteslerekin jokaleku garrantzitsua da Gure Esku Dago-rentzat. Hautesleen erdiak Errenterian daude: 33.435. Galdera bikoitza zuten, eta arratsalderako hamar herritarretatik batek bozkatu du.

Pasaian espero zitekeen baino emaitza hobea izaten ari da parte hartzeari dagokionez. %16,5ek bozkatu dute arratsaldera arte. Parte hartzean Oiartzun (31,22) eta Lezo (21,06) koska bat gorago daude. Oiartzunen, Pasaian baino herritar gehiagok eman dute botoa, biztanleen erdiak baino pixka bat gehiago soilik izan arren.

Tolosaldea

Tolosaldean 28 herri dira, eta guztietan parte hartzea %20tik gorakoa izan da. Zenbait herritan %70era hurbildu da parte hartzea: Baliarrain, Orendain eta Orexan. Tolosak ere, 16.343 hauteslerekin, gainditu du %20ko langa: arratsalderako 3.379 tolosarrek eman dute botoa.

1.000 hautesletik gorako gainontzeko herrietan %20tik %27ra joan da parte hartzea: Alegia (%25,43), Anoeta (%27,39), Asteasu (27,75), Ibarra (21,56), Irura (%21,95), Villabona (%24,16) eta Zizurkil (20,41).

Hernani-Astigarraga

Hernanin, 17.168 hautesle izanik, tamaina horretako beste herrietan gaur izan den parte-hartze maila nabari da. Alderatzera, boto kopurua Pasaiakoaren antzekoa izan da (2.693 Hernanin eta 2.314 Pasaian), Hernanik 3.000 hautesle gehiago izan arren. Antzeko hautesle kopuru batekin, Tolosan bost puntu handiagoa izan da parte hartzea Hernanin baino.

Astigarragan, Hernaniren hautesle laurdena izan arren, arratsaldean parte hartzea antzekoa zen.

Larrabetzu

Hautesle kopuru eta parte-hartze maila aintzat hartuta, zalantzarik gabe Larrabetzun izan du gaurko galdeketak arrakasta handiena. 1.585 hauteslerekin, arratsalderako %50eko langa gainditua zuten larrabetzuarrek. %51,29 zehazki.

Antzeko hautesle kopuruarekin Tolosaldean gaur bozkatu duten beste herrien parte-hartze kopurua bikoiztu du hainbat kasutan. Bizkaiko hirugarren herria da herri galdeketetan bozkatzen, eta Arrankudiagako (%61,5) eta Ispasterko (%63,7) parte-hartze mailara gerturatuko da.

Normaltasuna eta jai giroa, egun osoan

11.000 lagunek baino gehiagok eman dute botoa eguerdirako. Goizean ere parte hartze handiena herri txikietan izan da, eta handietan jende gutxiago joan da bozkalekuetara. Botoa ematera deituta zeuden herritarren %9k egin dute eguerdia bitarte. Gure Esku Dago-k azpimarratu du normal-normal ari direla botoa ematen herritarrak, eta jai giroan. Bideoa: eguerdiko parte-hartze datuak (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

"Argi dago euskal herritarrok, prest gaudela", hala esan du Mario Zubiaga irakasleak. Begirale lanetan ari da bera gaurko galdeketetan, eta baikor azaldu da. Iladak sortu dira mahai batzuetan eta arazo tekniko batzuk ere izan dira. Errenterian, adibidez, bozkaleku batzuk itxita ere eduki dituzte aldi batean.

Hain justu, herririk handienetan izan da parte hartzerik txikiena. Errenterian daude herritar gehienak deituta bozkatzera: 33.435, eta eguerdian haien %4,9k eman du botoa. Baina, bestelakoa izan da herri txikietako joera. Orendainen, adibidez, botoa eman dezaketen 161 herritarren %47k emana zuen eguerdirako.

Larrabetzun %30ek eman dute eguerdirako; Tolosaldean, %13k eta Oiartzualdean zein Hernani Astigarragan, %7k.

Publizitatea

Sortu kontua
Hodei Iruretagoiena

Publizitatea