Transfobia

"Hazte Oir kanpora" entzunaraziz geratu dute Iruñean haur transexualen aurkako autobusa

Parlamentura joan nahi zuten elkarteko kideek autobusean, han oharra uzteko, baina ez dira iritsi. Udaltzaingoak geldiarazi du aurrena autobusa, harik eta logotipoak eta leloak estali arte. Parean jarri zaion jendea jo du autobusak. Gutxienez pertsona bat zaurituta dago, eta anbulantzian eraman dute. Iruñetik irten ostean, Gasteiz aldera abiatu da ibilgailua. Zuzeneko kontaketa egin du Ion Orzaiz kazetariak. Bideoa albiste barruan.

Gizon bat Hazte Oirren autobuseko mezuak estaltzen, protesta artean. /
Gizon bat Hazte Oirren autobuseko mezuak estaltzen, protesta artean. / Iñigo Uriz/Argazki Press

Berria -

2017ko martxoak 21

Iritsi da Iruñera Hazte Oir taldearen autobusa. Zuastiko ordaintokian adierazpenak egin dituzte, eta hiriburura abiatu da autobusa, baina Udaltzaingoak geldiarazi egin du. Esan diete logotipoak estali ezean ezin direla hiriburuan sartu. Ignacio Arsuaga elkarteko presidenteak esan du debekuak debeku legebiltzarrera joango direla. Gainera, salatu du ez dagoela adierazpen askatasunik: "Gure logoa estaltzera behartu gaituzte. Iruñean ez dago askatasunik". (Bideoa: Argazki Press)

Logoak estalita, parlamentura abiatu dira. Han, baina, transfobiaren kontrako protestan elkartuta zeuden hainbat lagun, eta aurre egin diete. "Hazte Oir kanpora!" oihuak egin dizkiete, besteak beste, eta arrautzak ere bota dizkiete. Handik alde egin behar izan dute, baina bidean, parean jarri zaien jendea jo du autobusak. Neska bati hanka ere zapaldu dio.

Bitartean, Arsuagak manifestua utzi du Nafarroako Gobernuko erregistroan.

Protesta artean hartu dute autobusa Zuastin ere E28, LAB eta Bilgune Feministako kideek. "Ez, ez, ez, transfobiarik ez" eta "faxistak!" oihu egin diete besteak beste, eta "ez zarete ongi etorriak" esan diete.

Joseba Asiron alkateak esan du adi egongo direla autobusak ez ditzan mezu transfoboak erakutsi. Izan ere, gogora ekarri duenez, halaxe dio araudiak. Gainera, gaitzetsi egin du "oso sentibera den gizartearen zati baten kontra" kanpaina egitea. Nafarroako Gobernuak arbuiatu egin du elkartearen jarrera eta autobusarekin egiten ari diren kanpaina. Guztientzako giza eskubideen errespetua nahi duela azpimarratu du gobernuak, "baita transexualentzat ere".

Iruñean martxoaren 3an egindako manifestazioan jakinarazi zioten elkarteari autobusa ez dela ongi etorria izango. Hala ere, Ignacio Arsuaga elkarteko presidenteak dio Nafarroako hiriburuko askok azaldu dietela babesa.

Madrilen eta Bartzelonan ez zioten sartzen utzi autobusari. Baina elkarteak ibilgailu gehiago prestatu ditu. Chrysallisek haren kontrako salaketa jarrita dauka.