Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Ühaitza ibaiaren gainbehera aztergai

Publizitatea

Gizartea

Ingurumena

Ühaitza ibaiaren gainbehera aztergai

Ur teknikari eta Basabürüko arrantza elkarteko buru den Nicolas Kürrütxagek Mendikotatik gora doan ibaiaren bilakaera aztertu du ‘Hitza’-rentzat. Arrain kopuruen txikitzea ez da beti uste den arrazoiengatik soilik gertatzen.

Hitza-k Nicolas Kürrütxage deitu zuen SHEM hidroelektrikaren 100. urtebetetzeaz artikulu bat prestatzeko, urtegiek erreketan eragiten duten kaltearen berri ukaiteko. Basabürüko —Mendikotatik Larraine eta Santa Grazira doan eskualdeko— arrantza elkarteko burua da, baina, aldi berean, orduan jakinarazi zuenaz, SHEM enpresako langilea ere bai, teknikaria zehazki. "Ibaiaren andeatzen duen beste faktore bat da, baina ez nagusia", erran zuen, baina gehituz ezin zuela xeheki aipatu. Beste faktoreak "ez dituzue sekula aipatzen", salatu zuen orduan, kazetariak orokorki aipatuz. Aste honetan, erreketako teknikari eta arrantza elkarteko lehendakariak xehetasun guztiak eman dizkio astekariari.

Ühaitza ibaia izan du aipagai, bere elkarteko eremuko bizkarrezurra baita, eta arrainen bizilekurik handiena Zuberoa osoan, Maule ere zeharkatzen baitu beherago. Onartu du Basabürüa "paradisua" dela arrantzaleentzat, eta arrantzale izugarri onak biltzen direla gehitu, izan Frantziatik edo izan Hego Euskal Herritik, "han erreken kalitatea askoz apalagoa baita". Besteei konparatzen delarik zinez "ongi gaudela" pentsa daitekeela onartzen badu ere, bere haurtzaroan arrantzan hasi zenetik gaur egun arte erreka eta ibaiak nola andeatuak izan diren ohartzen da. Ur teknikariaren analisia eskaintzen du.

Uraren kalitatea

Bere elkarteak kudeatzen dituen 400 kilometroko ur ibilbideak baditu bere berezitasunak, testuinguruari lotuak, baina aipatzen dituen arazoetarik anitz orokorrak dira, hala nola uraren kalitatea. 1090eko hamarkadan ezarri du kalitate apaltzean jauzirik handiena, etxeko garbitze produktuen agertzearekin. Horiez gain, "auto zirkulazio handiagoa, ur zikinak erreketara igortzea…" eta halako beste elementu batzuk badirela jakitun da Kürrütxage, baina azpimarratu du etxeetako produktuak "geroz eta korrosiboagoak direla", eta horiek ez direla ur saneamenduetan behar bezala tratatuak. Ohitura aldaketa sakona izan da. "Txikia nintzelarik, dutxan xaboi bat besterik ez nuen", erran du arrantzaleak. "Pentsa aitzineko belaunaldiak", gehitu du. Uraren Agentziak Basabürüan egin dituen neurketek ez dute Atharratze inguruko ura zikinenen artean sartzen, baina produktu horien aztarnen berri ematen dute, halere.

Laborantzak ere, nola ez, badu bere eragina. Alta, mendiko eskualdea izanik, Basabürüan ez da laborantza intentsiboa garatu. Baina " kabala kontzentrazio askoz handiagoa bada, eta, hala izanik, parasitoen kontrako tratamenduak anitz garatu dira azken 20 edo 30 urteetan". Kürrütxagek uste du kontzientziak aldatuz doazela azken urteetan, eta azken hamar urteetan halako gutxiago baliatzen dela. Produktu kimiko horiek ere neurketa zientifikoetan agertzen dira: "Arrastoak uzten ditu pixan, pentzeetan eta, de facto, erreketan".

Ikerketa batzuk egin ziren Basabürüarekin, Nafarroa Beherarekin eta Euskal Herriarekin, oro har, antzekotasun handiak dituzten eskualdeetan. Asturias eskualdean eginak ziren, eta ohartu dira laborantzan anitz baliatua den antiparasitario jakin bat atzematen zela Asturiasko fario amuarrainetan. "Arrainak, gainera, produktu guztiak bere barruan gordetzen ditu. Metal pisuak eta beste… Toxina tasak handiegiak direlarik lanjera bada kontsumorako", zehaztu du. Zuberoatik hurbil, hain zuzen, dekretuak izan dira Lacq eskualdetik goiti —Mourenx ondoko eremu industriala— arrainen kontsumoa debekatzeko.

Atharratze eta haren inguruak bisitatu dituen nornahiri bitxia egiten ahal zaio, baina arrantza elkarteko lehendakariak industria ere kalteen erantzuletzat hartzen du: "Iduri luke industriarik ez dela hemen, baina, niretzat, hasteko, arrain hazkuntzak industrialak dira, kontzentrazioa badelako, badira zentral hidroelektrikoak, xerri hazkuntzak… Ura baliatzen duten industriak dira, eta, ezinbestean, ura baliatzen delarik, eragina badu uraren kalitatean.

Uraren kalitate apaltzeaz bere analisia segitzen duelarik, etsipen doi bat ageri zaio bisaian. "Badira ere faktoreak ez ditugunak menperatzen". Horietarik bat euri azidoak dira: "Gaskoiniako golkoan prezipitazioak sortzen dira, eta guk ditugu lehen euriak jasaten. Euri azidoak dira. Hori ez da sobera ikusten erreketan, baina bai landareetan. Udaberriko lehen euriak bereziki kargatuak izan ohi dira", gehitu du, eta kapitulua itxi.

Erreportaje osoa Iparraldeko Hitzan.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea