Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Itxaropen tantak

Publizitatea

Bizigiro

Esne bankuak

Itxaropen tantak

Urtearen amaierarako martxan izango da Euskal Herriko lehen esne bankua. Orain hamar urte Eusko Legebiltzarrean onartutako proposamena gorpuzten ari da azkenean, eta Galdakao-Usansoloko ospitalean ezarriko dute ama esnea jasotzeko bankua. Haur jaioberriekin lan egiten duten adituek eta eragileek pozez hartu dute albistea.
Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko esne bankua
Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko esne bankua

2017-04-22 / Nagore Etxeberria

Euskal Herriko lehen esne bankua martxan jarriko dutela iragarri zuen Jon Darpon Osasun sailburuak martxoan, bankua egiteko proposamena Eusko Legebiltzarrean lehen aldiz onartu zenetik hamar urtera. 2003an egin zen azken proposamena, eta, onartu arren, haririk mugitu gabe jarraitzen zuten Osakidetzan. Esne bankua edukitzea "premiazkoa" dela jakitun, jendearen babesa jasotzeko sinadura bilketa abiarazi zuen iaz Maria Garcia Gurutzetako ospitaleko jaioberrien guneko erizainak. Gizartearen eskaerak erantzuna izan du: urte amaieran jarriko dute martxan esne bankua, Galdakao-Usansoloko Ospitaleko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan.

Esne bankuak zein funtzio beteko duen eta nola funtzionatuko duen azaltzeko erreportajea argitaratuko da bihar BERRIA egunkariko Bizigiro sailean. Maria Garcia erizainak eta Erne Unzurrunzaga Euskadiko Esnearen Liga elkarteko kideak haien iritzia eman dute, eta haien poza adierazi. Jon Darpon sailburuaren hitzak ere jasotzen dira erreportajean.

Esne kontuez gain, Argentinako Necocheako Euskal Etxearen Hator Hona proiektua aipatuko da. Euskal Herriko gazteak Argentinara gonbidatu ditu euskal etxeak hiru astetarako. Lo egiteko lekuaren eta janaren truke, euskara eta Euskal Herriko ohiturak, dantzak, kirolak, musika eta beste erakustea du helburu proiektuak.

Ohi bezala, asteburuan zer egin daitekeen ere jasotzen da gehigarrian. Asteburu honetan dauden azoka eta festen artean dago, besteak beste, Baiona Kantuz. 20. urtez egingo dute ekitaldia bihar, eta Euskal Herri osotik joandako kantu herrikoien taldeek hartuko dituzte Baionako kaleak, 10:30etik aurrera. Zinema aretoetara joan nahi dutenentzako, asteko estreinaldien berri emango du Gontzal Agotek. Guardian of the Galaxy sailaren bigarrena estreinatuko da datorren asteazkenean Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan, eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak