Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Estreinaldi ugari izango dira Donostiako 78. Musika Hamabostaldian

Publizitatea

Kultura

MUSIKA

Estreinaldi ugari izango dira Donostiako 78. Musika Hamabostaldian

70 proposamen inguru izango ditu aurtengo egitarauak, abuztuaren 1etik 30era.
Yua Wang pianista txinatarra
Yua Wang pianista txinatarra Hamabostaldia

2017-04-21 / Maialen Unanue

Kursaalean eta Viktoria Eugenian eskainiko dituzten emanaldi batzuk iragarri dituzte antolatzaileek. Juanjo Mena gasteiztarraren BBC Philarmonic orkestrak zabalduko du Kursaaleko Auditorioko egitaraua: bi saio eskainiko dituzte, abuztuaren 3an eta 4an. Lehenengo egunean, Berliozen Sinfonia fantastikoa interpretatuko dute lehenengo, eta Elgarren Biolontxelorako kontzertua gero, Asier Polo bakarlariaren parte hartzearekin. Bigarren egunean, Donostiako Orfeoiarekin arituko dira britaniarrak, Fidelio operaren eszenarik gabeko moldaketak eskaintzeko.

Abuztuaren 19an, iazko arrakasta tarteko, Balthasar Neumann abesbatza eta Bakarlariak taldea eta Balthasar Neumann Ensemble arituko dira Kursaalean, Thomas Hengelbrocken gidaritzapean. Schubert-en bi lan eskainiko dituzte: batetik, orain arte jaialdian interpretatu gabeko Stabat mater eta, bestetik, Sinfonia osatugabea. Beethovenen Meza Do lanak itxiko du programa.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Andra Mari abesbatza elkarrekin arituko dira abuztuaren 21ean, eta Haydnen Nelson lan sinfoniko-korala eskainiko dute, orain arte jaialdian interpretatu gabea, antzinako musikan aditua den paul Goodwinen zuzendaritzapean; Haendelen Musika urtarra pieza barrokoarekin amaituko dute emanaldia.

Asian Youth Orchestra lehen aldiz arituko da Hamabostaldian, abuztuaren 23an, James Judd zuzendari britaniarraren aginduetara. Mahlerren 1. sinfonia, Titan, eta Xostakovitxen Biolinerako 1. Kontzertua eskainiko dituzte, Vadim Repin bakarlari errusiarraren parte hartzearekin.

Estreinakoz ariko den beste talde bat Orcheste Philarmonique du Luxembourg izango da, eta bi saio eskainiko ditu. Lehenengo saioan, abuztuaren 25ean, XIX. eta XX. mendeko musika errusiarrean zentratuko dute: Liadoven Ainzira sorgindua eta Xostakovitxen 1. Sinfonia eskainiko dituzte. Bigarren emanaldia hurrengo egunean izango da, abuztuaren 26an: Donostiako Orfeoiarekin batera, Verdiren Messa da Requiem interpretatuko dute, Gustavo Gimenoren zuzendaritzapean.

AEBetako talde batek itxiko du Kursaaleko egitarau sinfonikoa: Cincinnati Symphony Orchestrak. Louis Langree zuzendari duen orkestrak ere bi emanaldi eskainiko ditu. Abuztuaren 29an, Bernstein, Copland eta Txaikovskiren lanak interpretatuko dituzte; abuztuaren 30ean, berriz, John Adamsem musika minimalista zein Dvoraken 9. sinfonia, Mundu berriarena, eskainiko dituzte. Gainera, Bruchen Biolin eta Orkestrarako 1. Kontzertua interpretatuko dute, Renaud Capuçon biolinista frantsesarekin.

Opera antzeztua eta dantza

Mozarten Figaroren ezteiak opera antzeztua ikusteko aukera izango da, abuztuaren 13an eta 15ean. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza ariko dira Yi-Chen Lin Taiwaneko zuzendari gaztearen gidaritzapean; Hamabostaldian emakume bat zuzendari arituko den lehen aldia izango da.

Azkenik, Kursaal Auditorioan Victor Ullateren Balletak Carmen opera eskainiko du, urteroko dantza saioan. Hain zuzen, hori izango da auditorioko egitaraua zabalduko duen ikuskizuna, abuztuaren 1ean, eta bigarren saio bat eskainiko dute hurrengo egunean.

Viktoria Eugeniakoak

Viktoria Eugenian eskainiko dituzten hiru proposamenen berri ere eman dute gaurkoan antolatzaileek. Batetik, Yuja Wang pianista txinatar ospetsuak eta Leonidas Kavakos biolinista ezagunak Janacek, Schubert eta Debussyen zenbait obra eskainiko dituzte abuztuaren 8an. Soqquadro Italiano talde berritzaileak musika, kantua eta dantza uztartuko ditu Stabat Mater-Vivaldi Project izenburupean, abuztuaren 22an. Steven Isserlis biolontxelista britainiarraren txanda izango da abuztuaren 28an: bakarlari gisa arituko da, Bach, Mendelssohn eta Debussyren partiturak interpretatuz. Gainera, eskola magistrala emango die Musikeneko ikasleei.

Antzinako musikaren, musika garaikidearen, organoaren eta interprete gazteen sail paraleloak ere eskainiko ditu, baita Hamabostaldi Ibiltaria eta haurren eguna ere. Datozen asteetan emango dute horien berri. Asteartean, hilaren 25ean, amaituko da Hamabostaldiaren Lagunek beren abonuak eta sarrerak erreserbatzeko epea; salmenta orokorra, berriz, ekainaren 1ean jarriko dute martxan.

Donostian ez ezik, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko zenbait herritara zabalduko dute Hamabostaldia, iaz hasitako bideari jarraituz.

Publizitatea

Sortu kontua
Maialen Unanue

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak