Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Ez dutelako konformatu nahi

Publizitatea

Gizartea

GIZARTEA

Ez dutelako konformatu nahi

Proiektu propioak garatu dituzte hainbat gaztek, prekaritateari aurre egiteko eta aldaketa soziala eragiteko.

2017-05-19 / Edurne Elizondo

Mundua eraldatu nahi dute; egungo sistema kapitalistak ezartzen dituen joko arauei aurre egin; lanerako eta lan harremanetarako esparru propioa sortu dute horretarako, inguru hurbilenean, eta, gizartean, oro har, eragiteko asmoz: Lizarran Denendako proiektu komunitatea sortu dute hainbat gaztek; Iruñean Gakoa gazte kooperatiba jarri dute martxan bertze hainbatek.

Denendako: "Nahi dugun aldaketaren alde ari gara lan egiten"

Lagun onak dira, aspalditik; Lizarrako ikastolako eta gaztetxeko kide. Orain, gainera, lan esparruan egindako urratsak batu ditu: beren proiektuak garatzeko kooperatibak sortu dituzte, Denendako komunitatearen babespean. "Lan estilo propioa" landu nahi dute, haren bidez gizartean eragiteko. "Mundua aldatu nahi dugu", erran dute, argi eta garbi.Hori da Denendako komunitatearen menpe diren Mugitu, Lur, Uztaldi eta Flow proiektuetako arduradunen azken helburua; mundua eraldatzea, alegia. Horregatik, beharrezkotzat jotzen duten "aldaketa sozialaren alde" egiten dute lan. Lur izan zen sortzen lehena, duela zazpi urte. Kooperatiba horretako arduradunetako bi dira Iñigo Urrizelki eta Urko Peral. "Zaletasun genuena lanbide bilakatu ahal izan dugu", erran du Peralek. Soinu eta argi ekipamenduak alokatzen dituzte kontzertu, antzezpen eta gisako ekitaldietarako; tresna horiek muntatzen dituzte, eta teknikari lana ere egiten dute. Ez hori bakarrik. Grabazio estudioa jarri dute martxan, Arellanon. Lur sortu zuten hiru kideekin batera, bertze zortzi pertsona inguru aritzen dira egun kooperatiban lanean, sasoiaren arabera. "Proiektuarekin bat egiten dugu denok. Lana ez da bakarrik lana, finean; langileen eskubideak kontuan hartzen dituen kooperatiba da gurea", azaldu du Urrizelkik. Balio horiek nabarmendu nahi izan zituzten duela bi urte, hain zuzen ere, Denendako proiektu komunitatearekin bat egin, eta haren gerizpean jarri zirenean.

Pertsonen arteko ekinaldi gisa sortu zen Denendako, duela lau urte inguru. "Gizartea pertsonek osatzen dugu, eta pertsonak garatuz gara daiteke gizartea ere; garatu ahal izateko, ikasi eta egin egin behar dute pertsonek, batzuek besteekin", azaldu du Beñat Etxabarrik. Flow etxeko arduraduna da. Hezkuntza da, Etxabarrik erran duenez, trebakuntzaren arloan egiten duen lana hobekien azaltzen duen hitza. Denendako komunitateko kooperatibekin egiten du lan, bai eta proiektutik at dauden bertze hainbat erakunderekin ere. Bertzeak bertze, lan esparruko "ezberdinen arteko harremanak" kudeatzeko erak lantzen ditu.

Denendako-n bat egin zuten pertsonek mahai gainean jarritako proposamenen eskutik dago Flow, egun, martxan. Mugitu eta Uztaldi dira zuzenean komunitate horren gerizpean garatutako bertze bi proiektuak. Baratze ekologikoa da Uztaldiren oinarri; ekoitzi eta saldu egiten du. Mugitu kooperatibaren lan esparrua, berriz, abentura kirolak dira, nagusiki. Proiektu horretako arduradun dira, bertzeak bertze, Asier Urzelai eta Iñaki Arbizu.

Kalitatezko lana

Bertzeentzat lan egitea zer den badakite Mugituko kideek; horregatik, duela lau urte Denendako komunitatea sortu zenean, aurrera egitea erabaki zuten. Saiatzea. "Badakigu zer den lan prekario bat izatea; ordukoa, gainera, krisi garaia zen, eta, azkenean, betidanik asmo izandako proiektua martxan jartzea erabaki genuen", erran du Urzelaik. Eskalatzen irakasteko ikastaroak egiten dituzte, piraguak erabiltzen ikastekoak ere bai; rokodromoa badute, gainera, Lizarran. Urbasan abentura parkean eta inguruko kanpalekuetan egiten dute lan, bertzeak bertze, eta herriko ikastetxeetan ere bai. Bazkalorduan aritzen dira, futbola ez diren bertzelako jarduerak garatzeko haurrekin; gainera, ikastolako eta Remontival ikastetxeko haurrak batzen dituzte eskalada eskoletan.

Kalitatea da Mugituko eta Denendako markaren eskutik garatzen diren bertze proiektuen ezaugarria, Urzelaik adierazi duenez. Egungo sistema kapitalistaren moduekin ez dute bat egiten, eta Lizarran inguruarekin eta ingurukoekin lotutako proiektuak garatzea dute helburu, elkarri eragiteko, eta, denen artean, aldaketa sakonagoak bultzatzeko. Hala ere, sistemaren barruan kapitalismoa bera agerian uzteko moduak badirela uste dute Denendako-ko kideek: "Erakutsi dugu lan baldintza duinak izan ditzakegula".

Oraindik bada egiteko lana, halere, Denendako-ko kideek onartu dutenez. Parekidetasunaren auzia jarri dute mahai gainean, adibidez. Izan ere, langileen artean bai, baina komunitateko hamahiru bazkideen artean emakumerik ez da. Gogoetarako gaia bada hori komunitatearentzat. Astero egiten dituzte kideek bilerak, eta bi astean edo hilabetean behin koordinazio batzarrak. Proiektua zabalik dela nabarmendu dute. Oinarriak sakontzen ari dira orain, aurrerantzean ere garatu ahal izateko.

Gakoa: "Helburua da kooperatibaren kultura auzo osoan ezartzea"

Ez dira hutsetik hasi; bertzelako kooperatiben lana ezagutu eta aztertu dute, Gakoa martxan jarri ahal izateko. Etorkizunera begira, hain zuzen, haiek ere bertzeentzat eredu bilakatzea dute helburu; kooperatiba batek bertze bat ekartzea; saretzea; elkarlana sustatzea. Txantrea kooperatiba handi bat bilakatu arte. "Kooperatibaren kultura ezarri nahi dugu auzoan", erran dute Gakoa kooperatibako kideek.

Lau gaztek sortu dute kooperatiba: Adriana Urmenetak, Miren Leuzak, Alis Alonsok eta Lontxo Nobilik. Iazko irailean hasi ziren bilerak antolatzen eta proiektua errealitate bilakatzeko urratsak egiten. Beharrak bultzatu zituen beren bidea egitera: "Merkatuak ez digu aukerarik ematen gazteoi lan duin bat izateko", azaldu du Urmenetak. Horregatik, beren balioekin bat egiten duen proiektua garatzea erabaki dute: irabazi asmorik gabeko Gakoa kooperatiba. Antikapitalismoaren, feminismoaren eta ekologismoaren bidetik egin nahi dute aurrera, eta, euskaraz, ahal duten neurrian.

Ama-gi izeneko garagardoa da Gakoa kooperatibak egindako lehendabiziko proiektua. Kooperatiba aurkezteko balio du produktuak. Txantreako bestetan jarri zuten salgai, eta, orain, auzoko dendetara eta tabernetara eramateko bidean dira. Taberna propioa sortzeko proiektua ere esku artean du Gakoak. "Gazteentzat espazio bat sortu nahi dugu, gure balioak kontuan izanen dituena, noski", erran du Urmenetak. Ez hori bakarrik. "Proposamenak aztertu eta jaso nahi ditugu; asmoa da proiektu batekin lortuko duguna hurrengoak martxan jartzeko erabiltzea; auzoko dinamiketan ere eragin nahi dugu", erantsi du Alonsok.

Auzoan txertatutako proiektua dela nabarmendu du Alonsok, hain zuzen ere. Garrantzitsua da beren proiektua testuinguru horretan garatzea kooperatibako kideentzat; auzoan, eta auzoko kideekin eta eragileekin elkarlanean, gainera. "Ez da kasualitatea Gakoa Txantrean sortu izana; auzoko herritarren ehuneko oso handi bat langile klasea da, eta horrek ekartzen ditu halako proiektuak sortzeko behar diren baldintzak; zapaldu kontzientzia bat dugu hemen".

Lontxo Nobili Erromatik iritsi zen Txantreara, zuzenean, duela zortzi urte. "Gaztetxean aritzen nintzen han; hiri handia da Erroma, eta prekaritate handia dago. Auzi hori asko lantzen genuen gaztetxean. Hemen, geroago hasi da lan hori, baina ikusi dut jendeak baduela ohitura alternatibak sortzeko".

Nobili buru-belarri aritu da garagardoa herritarren esku jartzeko lanean. Historia ikasi zuen, eta esparru horrekin lotu du produktuaren izena. "Ama-gi hitz sumertarra da, askatasuna adierazteko erabilitako lehendabizikoa; amarengana itzultzea erran nahi du. Interesgarria iruditu zaigu hori azaltzea, gure garagardoaren bidez kontatzen ez den historia ezagutaraztea".

Kontsumo kolektiboa

Iruñerrian ekoitzitako garagardoa da Ama-gi, eta artisau eran egindakoa. "Multinazionalen logikatik at dagoen produktu bat da", erran du Nobilik. Onartu du zaila dela merkatuari ihes egitea, baina kontsumitzaileak duen boterea erabili behar duela uste du, halere. "Badakigu dirua kapitalismoaren parte dela, baina gure esku dago non kontsumitu, gure dirua nora bideratu erabakitzea. Gure helburua da, kooperatibaren bidez, auzoko dinamiketan inbertitzea", erantsi du.

Kontsumo kolektiboaren ideia jarri du mahai gainean Alonsok, halaber. Adibide bat aipatu du: "Zenbat gazte edo haur izanen dira eskola partikularrak hartzen auzoan? Zenbat gazte haientzat irakasle lanak egiten? Egin dezatela bat, bana dezatela lana, erabaki dezatela denen artean lan hori nola egin. Hezkuntza eredu berri bat sortzeko bidea egon daiteke hor ere". Kooperatibak dituen proiektuen artean, hain zuzen, hezkuntzarekin lotuta, udan ludoteka martxan jartzeko aukera dago mahai gainean. "Haurrei euskaraz aritzeko espazio bat eman nahi diegu eskolatik at", azaldu dute kideek.

Auzoan harrera ona izan dutela nabarmendu dute Gakoa kooperatibako kideek. Eta poztu egin ditu horrek. Eskerrak eman nahi izan dizkiete Txantreako herritarrei, eta laguntzeko prest agertu diren guztiei. "Jendea ari da gure proiektuaz hitz egiten, ekarpenak egiten, eta proiektuak eskatzen", azaldu du Alonsok. Eta bidea hori dela gaineratu du. Auzoko beharretatik abiatuta, haiei erantzuteko proiektuak garatu nahi dituztelako. "Prest gaude auzokoek esateko dutena entzuteko".

Gakoako kideek argi dute hasi duten bidea ez dela erraza izanen, eta kontraesanak ere sortuko direla bidean. "Soldatapeko lana sortuko dugu, zenbaitetan; hori nahi dugu? Argi dugu eztabaidak sortuko direla, kontraesanak agerian geldituko direla, baina prest gaude aurre egiteko". Urratsez urrats egin nahi dute aurrera, irabazi asmorik gabeko kooperatibaren praktikaren bidean.

"Aurrera egiteko gogoz eta ilusioz gara", berretsi du Adriana Urmenetak. Auzoan aritu nahi dute Gakoako kideek, auzoan proiektuak garatu, auzoaren alde. Urratsak egiten jarraitu ahal izateko, hain zuzen ere, finantzaketa kolektiborako kanpaina bat jarriko dute abian, segur aski, uda pasata.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Elizondo

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak