Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Zortzi greba egun iragarrita erantzungo diote zamaketariek dekretuari

Publizitatea

Ekonomia

Portuak

Zortzi greba egun iragarrita erantzungo diote zamaketariek dekretuari

"EAJk saldu egin gaitu", salatu dute LABek Bilboko eta Pasaiako portuetan dituen langileek, jeltzaleek lege aldaketa babestu izanarekin kexu. Bideoa: Ekonominutuan, zamaketaren liberalizazioa aztergai.

2017-05-19 / Ivan Santamaria

Zamaketaren sektoreak Espainiarako deitu diren mobilizazioekin eta lanuzteekin bat egingo dute Bilboko eta Pasaiako portuetako langileek. Mobilizazioak datorren maiatzaren 24an hasiko dira, asteazkenarekin. Zortzi lanuzte izango dira, txandakako egunetan. Maiatzaren 24an, 26an, 29an eta 31n egingo dira, hasteko, eta deialdiak jarraipena izango du ekainaren 2an, 5ean, 7an, eta 9an. Lanuzteak egunez egingo dira, eta langileek ordu bat lan eta ordu bat greba egingo dituzte.

Bilbon eta Pasaian 570 langile ari dira zamaketa lanetan, finkoak eta aldi baterakoak kontuan hartuta. Kontratazio poltsan dei baten zain daudenak gehituta, 700 langile ingururen etorkizuna zalantzan jarri du Espainiako Kongresuak atzo onartu zuen lege dekretuak.

Bigarren saiakeran lortu du Espainiako Gobernuak erreforma aurrera ateratzea. PPk lortu du oraingo honetan gehiengo osoaren langa gainditzeko babesa. Ciudadanos, EAJ eta PDECat alderdien aldeko botoa izan du. Europako Batasunak aspaldi eskatua zuen sektorea liberalizatzea, eta agindua ez betetzeagatik isuna jarria zion Espainiari. Dekretuak ez du langileen eskaera nagusia aintzat hartu. Hau da, langile guztiak subrogatzea, orain dituzten lan baldintzei eutsita.

"EAJk saldu egin gaitu", kexu azaldu dira gaur LAB sindikatuko zamaketariak Eusko Legebiltzarrean. Kontroleko osoko bilkuran EH Bilduk gatazkari buruzko galdera egin dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Ondoren, adierazpenak egin dituzte LABeko kideek. "Arduragabekeria bat iruditzen zaigu EAJk errege dekretuaren alde bozkatu eta, era berean, portuen transferentzia eskatzea", adierazi du Iker Callao sindikalistak.

Eskumena bera jasota dekretuari ezingo litzaiokeela aurre egin ohartarazi dute langileek, Bilbon eta Pasaian bete beharrekoa delako. "PPren eta patronalaren politika neoliberalak babesteari utz diezaiola eskatzen diogu EAJri", Callaoren hitzetan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarekin ere kritikoak dira LABen. Bermeoko portua kudeatzen du Jaurlaritzak, eta "eredu liberalaren" erakusle dela uste dute. Zamaketari guztien subrogazioa exijitu du sindikatuak, eta bat egingo du greba eta mobilizazio deialdiekin.

Urkullu eta EH Bildu

Legebiltzarreko saioan ere zamaketari buruz hitz egin da. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galderari erantzun dio Iñigo Urkullu lehendakariak. Lehen txanda Madrilen EAJk egiten duenari buruz aritzea ez zegokiela esanda itxi du Urkulluk. Casanovak erreplika baliatu du jeltzaleek dekretuari emandako babesa EAJren eta PPren arteko akordioen barruan kokatzeko. Haren ustez, ez da kasualitatea Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen bozketak eta zamaketarien lehen dekretuarenak bat egin izana. Langileen aurka aritzea ere egotzi dio lehendakariari: "Liberalizazio gordina da, eskuinei hainbeste gustatzen zaien horietakoa".

Lehendakariak erantzun zabala eman du bigarren txandan. Portuen eskumena aldarrikatu dutela azpimarratu du, eta, horrekin batera, langileei "ahalik eta kalte gutxien" egiteko neurriak proposatu dituztela, hala nola subrogatzen ez diren langileentzat kalte-ordainak eta aurre erretiroak egiteko laguntzak. "Zuek ez duzue ezer egin", leporatu dio Urkulluk koalizio abertzaleari.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak