Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Barkamena eskatu du Jean Lassallek

Publizitatea

Gizartea

Barkamena eskatu du Jean Lassallek

Bere erran "nahasiekin" ez zituela ikastolak aipatzen adierazi du, bere hitzak esplikatu gabe. Auzitara eramateko aukerak aztertzen ari da Seaska
Jean Lassalle, François Hollande Frantziako presidente ohia agurtzen, Larrainen 2011ko abuztuan. /
Jean Lassalle, François Hollande Frantziako presidente ohia agurtzen, Larrainen 2011ko abuztuan. / Bob Edme

"Lazturaz ikusi ditut euskarazko irakaskuntzari buruz atxiki ditudan hitz barkaezinak; bidegabeak bezain oinarri gabeak. Ez ditut inolaz ere miran hartu nahi izan, ez Seaska ezta ikastolak ere; aspalditik ezagutzen dut, euskarazko irakaskuntzaren aldeko beraien borroka luze, igurikor eta nekaezina". Hitz horiekin eskatu du "barkamena" agiri batean, Jean Lassalle diputatu eta Frantziako presidentetzarako hautagai ohiak. Polemika bizia sortu zen atzo, joan den apirilaren 20an egin zioten elkarrizketa baten irudiak agertu ondoren: euskarazko irakaskuntza proposatzen duten egitura batzuek "lehen helburutzat haurrei armen erabilera irakastea" dutela baieztatzen du Lassallek elkarrizketan. Heldu den ekainaren 11an eta 18an izanen diren Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Ipar Euskal Herriko 4. hautesbarrutian aurkeztekoa da Jean Lassalle.

"Barkamena" eskatzeko agirian, tokiko hizkuntzen irakaskuntzan Frantziako Errepublikak "huts egin" duela dio Lassallek. "Tokiko hizkuntza guziak erasotu ondoren, bazterrera utzi ditu", idatzi du. Bere arabera, horrela ulertu behar dira bere adierazpenak. "Hizkuntza horiek Hezkunde Nazionalaren baitan irakatsiak izatearen beharra azpimarratu nahi nuen". Baina ez du azaltzen, zergatik eta zertarako aipatzen duen "armen erabilera irakasteko helburua", ez eta ere, nor edo zer zuen buruan hori erraterako orduan. Lassallekin mintzatzen saiatu da BERRIA, baina ez du erantzunik eman.

Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren iritziz "onartezinak" dira Lassallen adierazpenak, eta beren abokatuekin, diputatua auzitara eramateko aukerak aztertzen ari direla adierazi du. Baina adierazpenetan zehazki ikastolak aipatzen ez dituenez, prozedura "zaildu" lezakeela onartu du. Ikuspegi baikor bat ere erantsi nahi izan dio: bideoa agertu denetik, hautetsi eta arduradun politiko andanaren mezuak eta deiak jaso dituela jakinarazi du. "Agerian gelditu da gure lana ez duela gehiago inork zalantzan jartzen". Onarpena, edo hauteskunde kanpainaren gertutasuna.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak