Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Kataluniako erreferenduma babestu dute milioi erdi lagun baino gehiagok

Publizitatea

Mundua

Kataluniako prozesu subiranista

Kataluniako erreferenduma babestu dute milioi erdi lagun baino gehiagok

Erreferendumaren Aldeko Itunak negoziatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. 3.000 lagun elkartu dira ekitaldian eta milioi erdi pertsona baino gehiagoren eta 4.000 erakunderen babesa lortu dutela jakinarazi dute.
Ekitaldiaren une bat. /
Ekitaldiaren une bat. / Quique Garcia, Efe

2017-05-19 / Berria

Bost hilabetez aritu da Erreferendumaren Aldeko Ituna sinadurak lortzen, eta emaitza oparoa jaso du. Milioi erdi lagun batu zaizkio, eta 4.000 elkarte eta instituzio. "Orain instituzioek kudeatu beharko duten ondarea da hau".

Joan Ignasi Elenak irakurri duen testuan negoziatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, "onartu ezazu errealitatea". Palauan 3.000 lagun elkartu dira elkartearen ibilbidea errepasatu, eta erreferendumaren aldeko aldarri ozena egiteko. Itunak aurrerantzean zein bide jarraitu behar duen erabakitzeke dago, eta bertako kideek erabakiko dutela jakinarazi du Elenak.

Azpimarratu du, duela urte batzuk ez bezala, erreferenduma Kataluniako bizitza politikoaren erdigunean dagoela orain. Eta ohartarazi du ez direla independentziaz ari, demokraziaz baizik. Galdeketak Kataluniako herritarrak zatitzen dituela diotenei gezurretan aritzea egotzi die: "Erreferendumak elkartu egiten gaitu herritarrok, baita independentziaren kontra daudenak ere". Gizartea zatitzen duena erreferendumaren kontrako jarrera dela dio.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Carles Puigdemont Kataluniako gobernuburua, Arthur Mas gobernuburu ohia, Carme Forcadell legebiltzarreko presidentea, Gerardo Pisarello Bartzelonako alkatea, Oriol Junqueras gobernuko presidenteodea, eta beste hainbat ditutatu. CUPeko kideak, ERCkoak eta abar.

Akordiorik ezean ez da Kongresura joango

Ekitaldiaren aurretik prentsaurrekoa eman du Puigdemontek Oriol Junquerasekin batera, eta garbi esan dio Soraya Saez de Santamariari: erreferendumerako aukera ez du Kongresura eramango hark atzera bota dezan; Kataluniako Gobernua Espainiako Kongresura joango bada, aurretik negoziatu eta adostutako plan bat berrestera joango da. Eta negoziatzeko prest dago.

Saez de Santamariak Madrilera konferentziak ematera joan beharrean —astelehenean doa— Espainiako Diputatuen Kongresura joateko esan dio; han hitz egingo dutela erreferendumaz. Ezetz esan arren, haren hitzetan tonu aldaketa bat igarri du Puigdemontek. Izan ere, erreferenduma negoziatzeko eskatu dionez, "erreferendumerako aukera onartu" duela ulertu du.

Aurrez pentsatuta zegoen bezala, Mariano Rajoyren gobernuari erreferendumerako proposamena igorriko dio Kataluniakoak, eta haren gainean negoziatzeko prest dagoela berretsi du Puigdemontek.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak