Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika %28,73koa izan da parte hartzea Nafarroako lehen galdeketa olatuan

Publizitatea

Politika

Herri galdeketak

%28,73koa izan da parte hartzea Nafarroako lehen galdeketa olatuan

Nafarroako lau eskualdetan herri galdeketak izan dituzte: Bortzirietan, Imotz-Basaburuan, Mendialdean eta Sakanan. Jada 154.374 herritarrek eman dute botoa galdeketetan (%26,79), 166 udalerritan.

2014an Etxarri Aranatzen eta 2016an Bakaikun egin ondoren, Nafarroara heldu da estatus politikoari buruzko aurreneko galdeketa sorta. 24 herritako 27.095 herritar zeuden deituta botoa ematera, eta hala egin dute 7.784k, %28,73k. Bideoa: jai giroa eta poza (jarraitu albistea irakurtzen bideoaren ondoren).

09:00etatik 20.00etara eduki dituzte irekita hautetsontziak. Horiek itxita, botoak zenbatzen hasi dira. Mendialdean izan da batez besteko parte hartze handiena; hamar herritarretik lauk eman dute botoa (%39,56). Bortzirietan, %26,66koa izan da parte hartzea, eta apur bat apalagoa Sakanan (%23,67). Hala ere, eskualde horretan bildu dute boto gehien: 2.962. Imotzen eta Basaburuan ere izan dute botoa emateko aukera, eta, bi herrietan, 404 lagunek jo dute bozkalekura (%37,62).

Askotarikoak ziren galderak. Estatus politikoaren ingurukoak izan dira guztiak, baina xehetasunak izan dira leku batetik bestera. Bortzirietan, esate baterako, galdera bera egin dute Lesakan, Igantzin, Arantzan, Beran eta Etxalarren: "Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?". Mendialdean ere formula bera erabili dute eskualde osorako, baina kasu horretan galdera bikoitza izan da. Sakanan, berriz, herri bakoitzak bere galdera adostu du.

Askotarikoak izanagatik, ordea, erantzun bat nagusitu da guztietan; euskal estatu burujabe edo independentearen aldekoa. 7.463 herritarrek eman dute baiezko botoa (%95,87), eta 135ek ezezkoa (%1,73). Zuri bozkatu dute 143 herritarrek (%1,83), eta 43 boto baliogabeak izan dira (%0,55).

BERRIAk zuzenean eman du emaitzen berri:

Zuzeneko kontakizuna

22:38
2017-06-18

Bitxikeria moduan, Sakanako Irañeta herrian botoa eman dutenen %100k baiezkoa eman du. Partaidetza %20,4koa izan da; hau da, 18 urtetik gorako 142 herritarretatik 29k bozkatu du, baina guztiek baiezkoa eman dute. Mendialdean ere, Areson, ia %100eko emaitza izan du baiezkoak. Bertan parte hartzea %42,5ekoa izan da eta %99k baietz erantzun du.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

22:34
2017-06-18

Parte hartu dutenen artean, %96k baiezkoa bozkatu du

20:30ean aurreratu bezala, azken partaidetza %28,7koa izan da. Dena den, gaur herri galdeketetan parte hartu duten herritarren %95,8k modu argian baiezkoa erantzun dio toki bakoitzean egin den galderari. Eskualde bakoitzak bere galdera formulatu du, eta Sakanan herri bakoitzak berea egin du. Parte hartu dutenen artean, 7.463k baietz erantzun dio galderari, 135ek ezetz, 143k zuri bozkatu du eta beste 43ren botoa baliogabea izan da.

22:21
2017-06-18

Sakanan parte hartze handieneko herria izan da Ziordia. 153 boz izan dituzte. Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan galderari 140 herritarrek baiezkoa eman dio, zortzik ezezkoa eta bostek txuri bozkatu dute.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

22:08
2017-06-18

Gaurko eguna laburbildu du Gure Esku Dagok minutu bateko bideo honetan

 

Joxerra Senar

Joxerra Senar

21:59
2017-06-18

1.066 altsasuarrek baiezkoa eman dute

Parte hartzeaz gain, hasi dira emaitza batzuk aurreratzen. Adibidez, Altsasun azkenean 20:30ean aurreratutako datua baino boto bat gehiago zenbatu dute. guztira 1.094 altsasuarrek parte hartu dute eta partaidetza %17,4koa izan da. Sakanan herri bakoitzak galdera desberdina egin du. Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko? Botoa eman dutenen artean 1.066 herritarrek baiezkoa eman dute eta 17k ezezkoa. Bederatzi boto zuri eta bi baliogabe izan dira.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

21:28
2017-06-18

Imotz eta Basaburuan, parte hartzea handia

Imotzen eta Basaburuan, guztira, 404 herritarrek parte hartu dute, eta parte hartzea, %37,6koa izan da. Zehazki, Basaburuan parte hartzea %36,12koa izan da eta Imotzen %40,5ekoa.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

21:20
2017-06-18

Mendialdean parte hartze handiena, %40koa

Mendialdeko zortzi herrietan guztira 2.504 lagunek eman dute botoa eta parte hartzea %39,6koa izan da. Goizuetan 18 urtetik gorako herritarren %63,3k eman du botoa: 404 boto guztira. Hain zuzen ere Goizuetan lortu da parte hartzerik handiena. Bailarako biztanle handineko herrien artean aipagarria izan da Leitzako emaitza: guztira, 1.011 boto bildu dituzte eta parte hartzea %40koa izan da. Lekunberrin, berriz, 291 herritarrek parte hartu dute, %23,6. Hain justu, gainerako herrietan parte hartzea handiagoa izan da: Larraunen %35,8koa, Betelun, %46,15ekoa, Areson %42,5ekoa eta Araitzen %43,2koa.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

21:09
2017-06-18

Sakanan parte hartze txikiena, %24koa

Nahiz eta parte hartze txikiena izan, era berean, herritar kopuru handiena eman du botoa Sakanan: guztira, 2.959 herritarrek parte hartu dute. Berez, gainera, gaur ez dute Sakanako herri guztiek parte hartu. Lehenik, Etxarri Aranatzen 2014ean egin zen galdeketan eta Bakaikun iaz. Gainera, beste herri batzuetan ez da galdeketarik antolatu.
Galdeketaren aldeko 2.805 sinadura bildu ziren Sakanan, eta gaur parte hartzea apur bat handiagoa izan da: %23,6koa. Arruazun (%54,4), Ziordian (%46,4) eta Urdiainen (%45,5) izan dituzte parte-hartze daturik onenak. Altsasun, berriz, 1.093 herritarrek parte hartu dute bozketan eta parte hartzea %17,3koa izan da. Aldiz, biztanle gehieneko beste herrian, Irurtzunen, %15,6koa izan da partaidetza. Arbizun eta Lakuntzan, parte-hartzea %42koa eta %35,9koa izan da hurrenez hurren. Azkenik, Olaztin 342 herritarrek eman dute botoa, deituta zeudenen %26,8k eta Irañetan %20,4k.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

20:56
2017-06-18

Bortzirietan %27ko parte hartzea

Bortzirietan batez bestekoaren mailan ibili da parte hartzea, nahiz eta portzentajea apur bat txikiagoa izan. Guztira, 1.914 bortziriarrek eman dute botoa gaurko galdeketan, eta parte hartzea %26,7koa izan da. Herriei begira, Beran parte hartzea %19,8koa izan da eta 626 herritarrek parte hartu dute; Arano izan da parte hartze handieneko herria, %60,3rekin (310 herritarren parte hartu dute); Etxalarren %26,9koa izan da parte hartzea eta 178 boz izan dituzte; Igantzin 215 boto bildu dituzte eta parte hartzea %41,6koa izan da. Azkenik, Lesakan 585 herritarrek parte hartu dute, boto-erroldaren %25,2k.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

20:50
2017-06-18

Goizueta izan da parte hartze handieneko herria. Goizuetarren %63,3k parte hartu du gaurko bozketan. Arantzan eta Aranon ere %60tik gorako parte hartzeak izan dituzte. Irurtzun izan da parte hartze txikieneko herria. 288 boto bildu dituzte bertan eta parte hartzea %15,6koa izan da; hain zuzen, aste batzuk lehenago galdeketaren aldeko 370 sinadura bildu zituzten bertan.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

20:44
2017-06-18

Gaur %29ko parte hartzea

Nafarroan gaur guztira, 7.781 herritarrek eman dute botoa, eta parte hartzea %28,7koa izan da. Eskualdeka honelakoa izan da emaitza: Bortzietan parte hartzea %26,7koa izan da (1.914 boto); Sakanan %23,65ekoa (2.959 boto); Mendialdean %39,6koa (2.504 boto) eta Imotz-Basaburuan %37,6koa (404 boto).

Joxerra Senar

Joxerra Senar

20:38
2017-06-18

Beñat Txoperena txirrindulariak eman du azken botoa Igantzin.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

20:33
2017-06-18

Gaurkoan Altsasun botoa eman dutenen artean bi parlamentari eta bi alkate ohi: Geroa Baiko Unai Hualde eta EH Bilduko Asun Fernandez de Garaialde

20:31
2017-06-18

Aurreko iruzkinean zehaztu bezala, Leitzan mila boto pasatxo: 1.012, parte hartzearen %40,1.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

20:13
2017-06-18

Itxi dira hautetsontziak eta hasi dira botoak zenbatzen. Goizuetan kantatuz amaitu dute erabakitzeko eskubidearen aldeko eguna.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

20:05
2017-06-18

Leitzan 2.525 zeuden parte hartzera deituak eta bederen 1.000 lagunek parte hartu dute. Milagarren botoa Esne Beltzako bakuak eman du.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

19:48
2017-06-18

Leitzan %32,6koa zen parte hartzea 17:00etan. Hala ere, hemen ere azken unean jende gehiago animatu da eta ilarak sortzen ari dira, Mendialdeko Gure Esku Dagoren irudietan egiaztatu daitekeen bezala.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

19:39
2017-06-18

Lekunberrin 17:00etan %19koa zen parte hartzea. Dena den, irudietan nabari da azken orduan ilarak badaudela. Mendialdeko Gure Esku Dago-tik parte hartzera deitu deitu dituzte herritarrak.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

19:31
2017-06-18

Hautetsontziak ixteko ordu erdi baino ez da geratzen. 17:00etan parte hartzea %23,7koa izaki, orain zalantza da azken txanpa zenbateraino iristen den. Altsasun %14,16koa zen 17:00etan baina mugimendua badago azken orduotan. Besteak beste, Camino Mendiluzek, Euskal Herritarrok koalizioarekin 1999tik 2003ra bitartean alkate izandakoak, botoa eman du.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

17:58
2017-06-18

Bostetan, %23,67

Herritarren erdiak baino gehiagok eman du botoa Arantzan eta Goizuetan bostetarako. Arruazun eta Aranon erdira iritsi gabe, baina gutxiren faltan ziren.

Imotz-Basaburua eskualdean ari da handiena izaten parte hartzea. Ordu horretan %33,05ekoa zen. Haren atzetik dator Mendialdea, %32,62rekin; gero Bortziriak, %20,85eko parte hartzearekin; eta azkenik, Sakana, %19,95ekin.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:19
2017-06-18

Altsasun ere gora egiten ari da parte hartze datua. 17:00eta %14,5eko zen. Bero da baztarretan, baina umore ona nagusitu da. Fanfarrea dabil Altsasun, esate baterako.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:21
2017-06-18

Betelun izan da orain arteko parte hartze handiena: %48,90, eta Arantzan bigarrena handiena, %42,2. Irurtzunen eta Altsasun eman dute daturik apalena; ozta-ozta gainditu dute %8,5a bietan.

13:17
2017-06-18
13:17
2017-06-18

Ordubateko datuei erreparatuta, nabarmen egin du gora parte hartzeak 12:00etakoekin alderatuta. Eguerdiko orduak ari dira aprobetxatzen herritarrak botoa emateko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:14
2017-06-18

Eguerdiko parte hartze datuak eman dituzte, eta lau eskualdeetan botoa ematera deituta zeuden herritarren %7,5ek egin du. Arratsaldeko zortzirak arte irekita daude hautetsontziak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:33
2017-06-18

Eguerdiarekin batera jai giroak hartu du protagonismoa. Leitza Erabaki jaia egiten ari dira, esate baterako. Ekitaldi nagusia ere ordu honetan dira egitekoak Altsasun.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:17
2017-06-18

24 herritan ari dira gaur galdeketak egiten. Denetan ez dute galdera berbera jarri mahai gainean; hamar galdera desberdin daude. Toki bakoitzean egin dute parte hartze prozesuaren erakusgarri.

Estatuaz galdetuko dute batzuetan, burujabetzaz beste batzuetan...

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:11
2017-06-18

"Etorkizuna gure esku dago eta denok ezinbestekoak gara".

Ireki dituzte hautetsontziak. Beran egin dute ekitaldi nagusia, eta parte hartzeko deia egin diete horretara deituta dauden herritar guztiei: "Etorkizuna gure esku dago eta denok ezinbestekoak gara".

Gainera, galdeketak egin ez dituzten herriei prozedurak martxan jartzeko animoak eman dizkiete. "Denon artean erabaki behar dugu".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:01
2017-06-18

Gure Esku Dagon antolatuta Nafarroan egingo diren lehen galdeketak dira gaurkoak. Baina, Etxarri Aranatzen egin zuten duela lau urte independentziari buruzko lehen-lehen galdeketa.

Gaurkoari buruzko prebia egin zuen Iñaki Berastegik.


Gaiarekin zerikusia duten albisteak