Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Lasserre-David, Lassalle eta Bru dira Ipar Euskal Herriko hiru diputatu berriak

Publizitatea

Politika

Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak

Lasserre-David, Lassalle eta Bru dira Ipar Euskal Herriko hiru diputatu berriak

Abstentzio historikoarekin, Emmanuel Macronen Martxan mugimenduak gehiengo absolutua lortu du Frantziako Asanblean; Ipar Euskal Herrian, haren babespekoak dira Florence Lasserre eta Vincent Bru; Jean Lassalle ez. Ezustea eman du azken horrek, lehen itzulian bigarren postuan geratu baitzen.
Martxan alderdiko Florence Lasserre-David izan da garaile 5. hautesbarrutian. /
Martxan alderdiko Florence Lasserre-David izan da garaile 5. hautesbarrutian. / Isabelle Miquelestorena

2017-06-18 / Nora Arbelbide Lete

Bozetako emaitzak ez ezik, abstentzioa bera ere aipagarria izan da Frantziako Asanbleako bozetako bigarren itzulian. Bitik bat baino gutxiago da bozkatzera joan. Zundaketen arabera, %57koa liteke Frantzian. Ipar Euskal Herrian %54,75koa. Bosgarren hautesbarrutian, %44,6 da hurbildu bozkatzera eta horien artean %10ak zuri bozkatu du. Seigarren hautesbarrutian, %43,02 da bozkazaleen kopurua, eta horien artean %14,49ak zuri bozkatu du. Parte hartze handiena laugarren bozka eremuan izan da %52,46koa izan baita (Euskal Herriko zatian). Zuri %13,04.

Hautagaien artean, laugarren hatesbarrutiko emaitzek dute aldaketa ekarri, lehen itzuliari begira. Izan ere, azkenean Jean Lassalle (Eutsi) zentro eskuineko hautagai biarnesa da izanen bertako diputatua, hots, orain artekoa. 19.787 boto lortu ditu (%52,79). Laugarren agintaldia izanen du diputatu gisa; Loic Corregek 17.694 boto lortu ditu (47,21%). Lehen itzulian Macronen babespeko Loic Correge izan zen bozkatuena, 11.688 botorekin (%25,4) eta Jean Lassallek (Eutsi) 8.145 boto zituen eskuratuta (%10,16). «Zaila izanen da», onartu zuen Lassallek berak.

Lassallek haserrea sortu zuen berriki ikastola batzuetan "armen erabilera" ikastea zutela lehentasun erranez. Adierazpen hauek Les enfants de la politique emankizunean egin zituen apirilaren 20an. Loic Correge bera Tarbekoa da sortzez. Frantziako armadaren lehen RPIMA unitate bereziko militarra izan da orain arte, Baionan.

Bosgarren hautesbarrutian Florence Lasserre-David izanen da diputatua. 20.625 pertsonek bozkatu dute bere alde (57,04%). Modem alderdikoa da, Macronen Martxanen babesa lortu duena. Gaur egun Pirinio Atlantikoetako kontseilaria da baita Angeluko auzapez ordea. Colette Capdevielle sozialista zuen parean, orain arteko diputatua. Capdeviellen alde 15.536ek egin dute (42,96%). Lehen itzulian 16.489 boto eskuratu zituen (%37,44) Lasserre-Davidek, eta Colette Capdevielle 5.765 boto (%13,24).

Vincent Bru izanen da seigarrenen hautesbarrutiko diputatua. 22 urte hauetan Kanboko auzapeza da, 2001tik departamenduko hautetsi eta Euskal Elkargoko presidente ordea ere bada. Maider Arostegi hautagai errepublikanoa zuen parean. Lehen itzulian ere garaile atera zen 20.087 botorekin (%38,94); bigarren tokian geratu , Maider Arostegi hautagai errepublikanoak 7.882 boto bereganatu (%15,28) zituen.

Frantziako Estatuan Martxan nagusi

577 diputatuetatik 361 izanen dira Macronen babespekoak (319 pour LRM, 42 MoDemekoak); Eskuinak (LR, UDI eta beste) 126 jarleku lortuko lituzke; Sozialistek eta bere aliatuek, ezkerreko erradikalak barne 46 jarleku (sozialistentzat 32), La France Insoumise-k 16 jarleku (Jean Luc Melenchon eta François Ruffin barne) eta komunistek 10; Fronte nazionalak 6.

Gustora agertu da Edouard Philippe lehen ministroa lortutako emaitzekin: "Herritarrek nahiago izan dute itxaropena, kolera baino". Dena den aitortu du abstentzio altua ez dela "albiste ona demokraziarentzat".

Jean-Christophe Cambadelis, orai arteko alderdi sozialisteko buruak dimititzen duela iragarri berri du, eskuinaren garaipenaren berri izan ostean. "Ezkerreko eskaintza berri bat eraiki behar da, neoliberalismoari eta nazionalismoei aurre egiteko", adierazi du.

Oso bestelako giroa bizi dute gaur Fronte Nazionalaren egoitzan. Izan ere, Marine Le Pen alderdiburuak presidentetzarako bozak galdu zituen arren, alderdiak emaitza onak lortu ditu Asanblearako bozetan. Lehen zituen bi diputatuetatik zortzi izatera igaroko da, tartean Le Pen bera.

Beste izen bat aipatzearren Manuel Valls lehen ministro ohi sozialista izan daiteke. Diputatu da berriz, 139 bozengatik. Ez da gehiago alderdi sozialisteko kide, ez zuen ere hauteskunde hauetarako Macronen alderdiko babes ofizialik. Macronen alderdiak ez zion, haatik, bere parean nehor jarri lehen itzulian. Tentsioak sortu ditu emaitza estuak. Bigarren itzulian parean zuen Farida Amrani La France Insoumiseko hautagaiak bozak berriz kontatzea eskatu du.

Hiru korsikar
Pe a corsica-ko Paul-Andre Colombani, Jean-Felix Acquaviva eta Michel Castellani garaile atera dira Korsikan. Era horretan aurkeztutako lau hautagaietatik hiru izango dira Frantziako Asanblean. Gilles Simeoni eta Jean-Guy Talamonik daramaten zerrenda bateratua da Pe a corsica.

Publizitatea

Sortu kontua
Nora Arbelbide Lete

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak