Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua May: "Gorrotoak ez du irabaziko"

Publizitatea

Mundua

erasoa londresen

May: "Gorrotoak ez du irabaziko"

Gutxienez lagun bat hil da Londresen, furgoneta batek hainbat musulman harrapatu ondoren. Erresuma Batuko Musulmanen Kontseiluak islamofobia gora egiten ari dela nabarmendu du.
Hainbat lagun, erasoa gertatu den lekuan. /
Hainbat lagun, erasoa gertatu den lekuan. / Facundo Arrizabalaga, Efe

2017-06-19 / Berria

Londres iparraldean gertatu da erasoa, bart gauerdian. Furgoneta batek Finsbury Parkeko meskitatik atera berri ziren hainbat lagun harrapatu ditu, eta, ondorioz, horietako bat hil da eta hamar zauritu dira; horietatik zortzi eraman dituzte ospitalera, eta bi oso larri daude. Biktima guztiak musulmanak dira. Londresko Poliziak jakinarazi du han zeudenek gizon bat atxiki dutela eta atxilotu egin dutela. 48 urte ditu erasotzaileak, eta azal zurikoa da, baina ez dute jakinarazi haren nortasuna. Ospitalera eraman dute hura ere, eta senda agiria jaso ondoren eramango dute polizia etxera.

Mayk esan du beldurgarria dela gertatutakoa, eta erasoa "nazkagarria" dela gaineratu du, "Londreskoa eta Manchesterrekoa bezain beste". Adierazi du "ekintza terrorista" guztiek gizarta zatitzea dutela helburu, baina "gorrotoak eta gaizkiak" ez dute irabaziko. Atxilotua atxiki zutenak goraipatu ditu Mayk. "Gure gizartean tolerantzia handia izan da erradikaltasunarekin urte askoan, eta erradikaltasun mota guztiez ari naiz, baita islamofobiaz". Adierazpen askatasuna eta edozein erlijio bakean bizitzeko eskubidea babestuko dutela esan du.

Oinezkoak meskitatik atera berriak ziren gauerdian, ramadan garaiko otoitzaren ondoren. Lekukoen arabera, hasieran mantso zihoan furgoneta, baina, abiadura hartu, eta hainbat lagun harrapatu ditu. Erresuma Batuko Musulmanen Kontseiluak adierazi du erasoaren atzean musulmanen kontrako gorrotoa dagoela. Harun Khan kontseilu horretako idazkari nagusiak esan du azken aste eta hilabeteetan islamofobiak gora egin duela, eta Theresa May lehen ministroari eskatu dio meskiten inguruan segurtasuna handitzeko, aurki amaituko delako ramadana eta Eid ospakizuna egingo dutelako.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak