Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Errepidea infernu

Publizitatea

Mundua

Sutea Portugalen

Errepidea infernu

Lau fronte daude, eta horietako bi "oso bortitzak" dira oraindik. Hildako gehienak, familia osoak tartean, errepidean hil dira, auto barruan, suak harrapatuta (argazki bilduma). Desagertuen bila ari dira, 700 suhiltzaile sua kontrolatzen saiatzen diren bitartean.

2017-06-19 / Berria

Azken hogei urteetan mundu osoan pertsona gehien hil duen sutea da larunbatean Portugalen piztu zena. Herrialde horretan inoiz jende gehien hil duen sutea da, eta, piztu eta bi egunetara, sua kontrolatu nahian jarraitzen dute suhiltzaileek.

Dagoeneko 62 dira hildakoak, eta 62 zaurituak, baina agintariek datozen orduetan kopuru horiek handitzea espero dute. Larunbat arratsaldean piztu zen, Portugal erdialdean, Pedrograo Grande herrian. Herri txiki asko daude inguru horretan sakabanatuta, eta lautada horiek zeharkatzen dituzten errepideak izan dira tragediaren gune nagusia. Hildako gehienak autoan harrapatuta hil ziren.

Antonio Costa lehen ministroak esan du ez dutela horrelakorik gogoratzen Portugalen, eta litekeena dela hildako kopurua handitzea. Eguna argitu denean gauez iritsi ezin izan diren lekuetara iritsi dira erreskate zerbitzuak, eta hura infernua izan dela esan dute.

Figueiro dos Vinhos eta Castanheira de Pera herriak elkartzen dituen errepidean (hamabost kilometro) 30 lagun hil dira euren ibilgailuetan. Famili osoak daude horien artean, Joao Gomes Portugalgo Gobernuko Barne Administrazio idazkari nagusiak esan duenez. Suak errepidea inguratu zuen, eta handik atera ezin geratu ziren. "Ikaragarria da", gaineratu du Gomesek.

Beste hamazazpi lagun errepide inguruan hil dira eta beste hamar, nekazal inguruetan. Zaurituen artean lau oso larri daude. Hainbat etxe ere erre dira. Espainiatik, Frantziatik eta Italiatik laguntzen ari zaizkie Portugali suarekin. Portugalen ohikoak izaten dira suteak urte sasoi honetan, baina herritarrak jota daude gertatu denarekin.

Sua tximista batek piztu zuen ziurrenik Poliziaren arabera, eta portugaldarrak hortik aurrerakoa nola gertatu zen ezin ulertuta daude. Gomesek berak aitortu du lehen orduetan izan zuen hedadurak ez duela azalpenik.

Larunbatean tenperatura 40 gradutik gorakoa izan zen, eta haizete handiak izan ziren. Horrek eragin zuten sutea zabaltzea, eta azken orduetan ere beroa eta haizea nagusi dira. Sua itzaltzeko lanak zaildu ditu horrek.

700 suhiltzaileen gain, gizarte segurantzako 400 langile arriskuan dauden herrietara bidali ditu gobernuak, herritarren beharrei aurre egiteko. Ikastetxeak itxi egin dituzte, eta ehun lagun euren herrietatik atera dituzte.

Herriz herri ari dira desagertuta dauden lagunen bila. Biztanle gutxiko herrixkak dira, eta oso sakabanatuta daudenez eta sua aise zabaltzen ari denez, hainbat ordu beharko dituzte horretarako. Hiru  dolu egun ezarri dituzte Portugalen.

Marcelo Rebelo de Sousa presidenteak batasunera eta elkartasunera deitu du, eta suaren aurka "borrokan" jarraitzera animatu ditu horretan ari direnak, eskerrak emateaz gain. "Une honetan sentitzen dugun minak ez du neurririk, gure elkartasunak ez duen bezalaxe".

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak