Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Hizkuntza teknologietan oinarritutako hiru demo garatu dituzte

Publizitatea

Gizartea

TEKNOLOGIA

Hizkuntza teknologietan oinarritutako hiru demo garatu dituzte

Elkarola partzuergoaren barruan garatu dituzte hiru aplikazioak: erantzungailuetarako demo bat, osasun arlorako bat eta telelaguntza sistema bat. Proiektuak jarraipena izango du.
Elkarolako ordezkariak eta Jaurlaritzakoak, demoen aurkezpenean.
Elkarolako ordezkariak eta Jaurlaritzakoak, demoen aurkezpenean. Juan Carlos Ruiz, Argazki Press

2017-06-19 / Garikoitz Goikoetxea

Hizkuntza teknologiak oinarri hartuta, Elkarola partzuergoa osatu dute honako eragile hauek: Elhuyar fundazioak, EHUko Ixa eta Aholab ikerketa taldeek, Vicomtech-IK4 zentroak eta Tecnalia fundazioak. 2015ean hasi zuten bidea —lehenago ere beste proiektu batzuetan aritu ziren, 2002an hasita—, eta orain arteko emaitzak aurkeztu dituzte.

Bi arlotan aritu dira. Batetik, oinarrizko ikerketari dagokionez, adibidez, 85 argitalpen zientifiko egin dituzte; bestetik, ikerketa aplikatuan ere aritu dira, eta, besteak beste, zortzi patente erregistratu dituzte. Emaitza nagusi gisa, hiru demo aurkeztu dituzte. Honatx:

1. Lurraldea. Bezeroei arreta emateko gailua da. Bezeroak hots egiten duenean —idatziz ere bai—, gailua gai da lehenbiziko galderak egiteko eta bezeroa sail jakin batera bideratzeko. "Lengoaia naturalaren prozesamenduko teknikak sailkapen-algoritmo estatistikoekin konbinatuz, erabiltzaileak deskribatutako gertakaria zein sailetara bideratu behar den asmatzea lortzen da", azaldu dute bultzatzaileek.

2. Biozientziak eta osasuna. Demoaren funtsa da gaixotasunen eta sendagaien arteko erlazioak egitea, medikuntza testuen corpus bat oinarri duela. Gehiago garatu nahi dute aplikazioa, gaixotasunen eta sendagaien arteko loturak automatikoki egin ditzan.

3. Fabrikazio aurreratua. Telelaguntza sistema bat da. "Baina ohiko telefonozko laguntza sistema bat kasu batzuetan ez da nahikoa, errealitate areagotuko sistema batek askoz gehiago lagun dezake", adierazi dute. Ahots ezagutzako sistemaren bidez eta irudiak baliatuz, gailuak konpontzeko laguntza eman dezake demo horrek; gainera, hizkuntzaren itzulpen automatikoa ere egiten du, langileen arteko komunikaziorako.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute proiektuek. Aurrerantzean ere bai. Iosu Madariaga Teknologia eta Estrategia zuzendariak iragarri du aurten ere diru laguntza jasoko duela Elkarolak.

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak