LGTBI KOMUNITATEAREN EGUNA

"Gorroto" diskurtsoen aurka, kalera aterako dira ekainaren 28an

Manifestaziora deitu du Bizkaiko E28 koordinakundeak datorren asteazkenerako, LGTBI komunitatearen egunean. Borrokaren "merkantilizazioaren" aurka agertu dira.

Iazko manifestazioa, Bilbon. /
Iazko manifestazioa, Bilbon. / Marisol Ramirez/Argazki Press

Berria -

2017ko ekainak 22

LGTBIfobia eta gorroto diskurtsoen aurka borrokatzeko eta komunitatearen eguna ospatzeko mobilizatuko da Bizkaiko E28 koordinakundea, No es libertad de expresión, gorrotoa baino ez da lelopean. "Sistema heteropatriarkal baten aurka borrokatzen gara, botere ardatzen bitartez indarkeria sortzen duela ahaztu gabe", esan dute koordinakundeko kideek.

Horrela, aurten ere askotariko "indarkeria eta gorrotoa" jasan dutela salatu dute. "Autobus transfoboak, trans pertsonentzako hormona hornidura falta eta markak hautsi dituzten erasoak jasan ditugu". Ildo horretan, Txetxeniako kasua nabarmendu dute: "Torturatu eta erailtzen ari diren gizon gay eta bisexualak gogoan ditugu". Europako gobernuen "interes" falta ere aipatu dute, "LGTB+ etorkinen babes eskaerak erantzuterakoan".

Diskurtso horiek sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurkako "gorroto delituen hitzaurre eta oinarri ideologiko" direla uste dute. Horregatik, "LGTB+ legedi integral" baten proiektua erdiesteko eztabaida zabaltzeko beharra dago, haien iritziz.

"Merkantilizaziorik" gabe

E28 koordinakundeak "merkantilizaziorik" gabeko ospakizuna nahi du, aniztasuna ospa daitekeen helburu "kapitalistarik" gabea. "LGTB+fobiarik gabeko Bilbo nahi dugu, eta, horretarako, ezin dugu zikinkeria ezkutatu ortzadar koloreko alfonbra baten azpian, gure irudia garbitu eta mapan agertzeko. Ez dugu Bilbo friendly bat nahi; gure borroka eta eskubideekin konprometitzen den Bilbo bat behar dugu".

Ekainaren 28a "borroka" eguna dela adierazi dute, baina ospakizuna ere bai. "Ospa dezagun Harrotasunaren Eguna gure existentzia, ikusgarritasuna, errealitateak eta harremanak aldarrikatzeko eguna gisa, geldiarazi nahi gaituen sistema baten pean zutik jarraitzeko egun gisa". Manifestazioa 19:30ean abiatuko da, Bilboko Plaza Eliptikotik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna