Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Presoek herritarrekin partekatu nahi dute "askatasunerako" legezko bidea

Publizitatea

Politika

euskal presoak

Presoek herritarrekin partekatu nahi dute "askatasunerako" legezko bidea

Eztabaidako ondorioen txostena ezagutarazi du EPPK-k. Preso bakoitzak jakinaraziko ditu txosten juridikoa eta urratsak. Kolektiboak «bere binkulazio politiko zuzena ezker abertzalearekin» izango du.
Euskal presoen alde Bilbon egindako manifestazioa, Sarek deituta. /
Euskal presoen alde Bilbon egindako manifestazioa, Sarek deituta. / Marisol Ramirez, Argazki Press

2017-07-16 / Enekoitz Esnaola

EPPKren 2013ko abenduaren 28ko adierazpenaren ostean saiatu ziren hango kideak legediaren bidean aurrera egiten, baina ez zuten lortu. Hasieratik ezezkoa zuten Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik; gainera, euskal presoen eremuaren kontrako operazioak egin zituen Madrilek. Orain, azkeneko urte erdian barne hausnarketan egon ondoren, EPPK-k «ildoa berritu» du eta beste saio bat egitera doa «askatasuna eskuratzeko», eztabaidako ondorioen txostenak jaso duenez —BERRIAk eskuratu du—. Badira alde batzuk duela hiru urte pasako ahaleginetik: presoek euren egoera juridikoaren berri herritarrei emango diete, gero urratsak egiteko —horiek ere ezagutaraziz—, haien babesa lortzeko eta prozesua partekatzeko; eta legediko pausoak ematen hasteko orain baldintza ez da presoak lehendabizi Zaballako (Araba) eta Mont de Marsango (Okzitania) kartzeletan batzea, kaleratze prozesurik bada ontzat joko dituztelako aurrerapausoak, eta hasiko direlako espetxeetan eskaerak bideratzen. Halaber, ondorioen txostenean bada politikoki —eta juridikoki?— garrantzia duen esaldi bat: «EPPKren binkulazio politiko zuzena ezker abertzalearekin izango da».

Hartu dute erabakia, jakinarazi ere bai, eta kolektiboko «zuzendaritza berriak taxutuko du aurrera begirako ildo praktikoa». Presoek urri amaiera arteko epea dute zuzendaritzaren osaera bozkatzeko —zortzi lagunekoa—. Hala ere, bitartean bakoitzak erabakiko du bere egoera juridikoaren arabera eskaerak egiten hasi ala ez; batzuk hasiko direla uste dute ezker abertzaleko iturriek.

2013ko adierazpenetik suma daitekeen beste alde bat da EPPK-k orain ezinezko jotzen duela presoen auziari ere irtenbidea emateko alde biko negoziazioa izatea. Sortuk duela urte eta erdi jakinarazi zuen Aieteko Konferentziara iristeko (2011) Madrilek ETArekin, nazioarteko bitartekarien bidez, konpromiso batzuk hartu zituela espetxe eremuan eta. «Aieteko Adierazpenean presoen gaia ETAk bere gain hartu bazuen, gaur egun, halako alde biko negoziaketaren zantzurik ez dago», dio EPPK-k orain, txostenean.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aitortu du aurrerantzean ere ez dutela erraza izango, estatuak saiatuko direlakoan ildo berria «oztopatzen eta indargabetzen», baina, gatazkaren ondorioak gainditzeaz gain, prozesu independentista elikatu nahi dute. Ondorioz, «erresistentzia» fasea atzean utzi, eta «askapen prozesurako» dinamika bat abiatuko dute: legearen erabilpena, «espetxeak husteko» eta, estatuek «nahi» dutenari aurre eginez, fase politiko berrian presoak ez izateko «oztopo harria». Horregatik egin dute barne eztabaida, EPPK-k dioenez, eta gustura amaitu dute: %87,2 izan da parte hartzea, eta horietatik %73,4 azaldu dira zuzendaritzak proposatu zuen oinarrizko txostenaren alde.

Bide orri bat

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura idatziak dakarrenez, bide orri bat izango dute. Preso bakoitzak erabakiko du zer pauso egin. Aurrez, bere txosten juridikoa izango du, eta legelarien laguntzarekin aztertuko ditu «egin daitezkeen eskaerak edo bide legalak: erredentzioak, kartzela destinuak, graduen aldaketa, baimenak, baldintzapeko askatasuna eta abar». Bada berritasuna gradu aldaketen eta baimenen aukera jasotzea EPPK-k. Oinarrizko txostenak zekarrena onartu dute, beraz, presoek, mugatzat jarriz «damua eta kolaborazioa». Bide hori lantzen duen preso orok kolektiboaren sostengua eta laguntza jasoko ditu.

Espainiako Gobernuak urtarrilean EH Bilduri idatzi baten bidez erantzun zion, sakabanaketa amaitzeko ez ezik, bost direla espetxe onurak lortu ahal izateko euskal presoek bete beharreko lege baldintzak: «Erakunde terroristarekin haustea, indarkeria uztea, biktimei espresuki barkamena eskatzea, erantzukizun zibila bere gain hartzea eta autoritateekin kolaboratzea». Ikusi beharko da Madrilek nola interpretatzen duen EPPK-k iragarri izana «bere binkulazio politiko zuzena ezker abertzalearekin» izango duela eta ez dela «beste erakundeen menpekoa». Iaz Abian prozesuan ebatzi zuten ezker abertzalearen antolakundeak Sortu —erreferentea—, LAB eta Ernai direla. Gainera, ETAk 2011ko urrian eman zuen jarduera armatua bukatutzat. Horrez gain, kolektiboak 2013an «zinez aitortu» zuen «gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina», eta badira erantzukizun zibilari aurre egiten dioten preso ohi batzuk. Ezker abertzaleak arriskurik handiena «autoritateekin kolaboratzeari» ikusten dio.

Ordea, Madrilek beti igo nahi izaten du koska bat, eta esaten du ez duela espetxe politika aldatuko ETA desegin artean. ETAk Aberri Egunean zioen aurrera begirako erabakiez hausnarketa egingo duela.

Justizia arloko beste bi neurri jorratuko ditu EPPK-k: «tortura» bidez lortutako adierazpenen ondorioz kartzelatu zituzten kideen kasuak berrikusteko eskatuko dute, eta «trantsiziozko justiziaren» alde egingo dute.

Bidea euskal gizartearekin lankidetzan egin nahi dute, eta diseinu oso bat egotea nahiko lukete.

Publizitatea

Sortu kontua
Enekoitz Esnaola

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak