Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Dimisioa eman du mossoen buruak, "arrazoi politikoak" argudiatuta

Publizitatea

Mundua

Katalunia

Dimisioa eman du mossoen buruak, "arrazoi politikoak" argudiatuta

Batllek esana zuen galdeketarekin lotuta Puigdemont edo Forcadell atxilotzeko agindua helduko balitzaio "egoerak eskatzen duen moduan" jokatuko lukeela. Joaquim Fornek Barne kontseilariaren kargua hartu eta egun gutxira eman du dimisioa mossoen buruak. Pere Soler Campins izango da mossoen buru berria.
Albert Batlle, 'mossoen' buru ohia, artxiboko irudi batean. /
Albert Batlle, 'mossoen' buru ohia, artxiboko irudi batean. / Alejandro Garcia, EFE

2017-07-17 / Berria

Erreferenduma bermatze aldera haren inguruko nolabaiteko zalantzak zituzten hiru kontseilarik kargua utzi eta egun gutxira heldu da Kataluniako mossoen buruaren dimisioa. Albert Batllek ez ditu argitu erabakiaren zergatiak; soilik esan du "arrazoi politikoek" bultzatu dutela horretara.

Pere Soler Campinsek hartuko du Batlleren lekua. Bihar egingo dute izendapena. Generalitateko kartzela zerbitzuen zuzendari nagusi izan zen, 2013an. Terrassakoa da sortzez, eta abokatua ikasketaz eta ofizioz. CiUko zinegotzi ere izan zen, Terrassan bertan.

Joaquim Forne Barne kontseilari berriak iragarria zuen Albert Batllerekin eta Barne kontseilariaren karguan egondako Jordi Janerekin biltzeko asmoa, baina bilera egin baino lehen eman du dimisioa Batllek. Haren erabakia ontzat jo du Fornek.

2014tik zegoen karguan Batlle. Aurretik, 1995 eta 2003 artean, PSCko zinegotzi izan zen Bartzelonako Udalean, eta, ondoren, 2011 bitartean, Generalitatean aritu zen. Mossoen buruzagitza hartu aurreko urteetan, berriz, Kataluniako Ustelkeriaren Aurkako Bulegoko zuzendariordea izan zen.

Duela hilabete batzuk, elkarrizketa batean, Batllek adierazi zuen erreferendumarekin lotuta Carles Puigdemont presidentearen edo Carme Forcadell legebiltzarreko buruaren aurkako atxilotze aginduak jasoz gero, "egoerak eskatutako moduan" jokatuko zuela.

Kargua uzterakoan, Batllek nabarmendu du ziur dagoela mossoek aurrerantzean ere herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatuko dituztela, "legea errespetatuz".

Gaiarekin zerikusia duten albisteak