Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Eskuin muturrarekin "epel" jokatzea egotzi diote Trumpi

Publizitatea

Mundua

AEB-ak

Eskuin muturrarekin "epel" jokatzea egotzi diote Trumpi

Hiru pertsona hil dira Virginia estatuko Charlottesville hirian izandako liskarretan. Estatuburuak esandakoa berretsi du Etxe Zuriak, eta zehaztu du Trump zurien eskuin muturreko taldeez ere ari zela "gorroto eta banaketa" amaitzea aipatu zuenean.
Hildakoen omenezko elkarretaratzea, Charlottesvillen. /
Hildakoen omenezko elkarretaratzea, Charlottesvillen. / Michale Reynolds, EFE

2017-08-14 / Berria

Eskuin muturreko hainbat talde elkartu ziren joan den larunbatean Charlottesville hirian (Virginia, AEB). Eskuina bat eginda lelopean, indar erakustaldia antolatua zuten egun horretarako, gerra zibilean esklabotzari eustearen alde borrokatu zen jeneral baten estatua kentzekoa zutela aitzakia hartuta. Eskubide zibilen aldeko mugimenduek horren berri izanik, kontramanifestazioak antolatu zituzten. Ordea, protestak tragedia bihurtu ziren azkenean. Eskuin muturreko manifestari batek autoarekin jo zituen kontramanifestazioan parte hartzen ari ziren hainbat pertsona, eta 32 urteko emakume bat hil zuen, eta dozenaka lagun zauritu. Poliziak hilketa egotzi dio 20 urteko gazteari. Horretaz gain, beste bi pertsona hil ziren segurtasun indarren helikoptero bat erorita —ez dute argitu istripuaren zergatia–.

Jason Kessler eskuin muturreko buruzagia izan zen protesten deitzailea. Hark liskarrak gaitzetsi ditu, baina segurtasun indarren "prebentzio faltari" egotzi dio haien erantzukizuna. Harekin bat etorri da David Duke presidentetzarko kanpainan Donald Trumpen alde agertutako Ku Klux Klaneko buru ohia ere: "Gure herria berreskuratzeko prest gaude. Trumpek emandako hitza beteko dugu. Horregatik bozkatu genuen haren alde, gure herria berreskuratzeko".

Eskuin muturreko buruzagien hitzek eta AEBetako estatuburuak asteburuan gertatutakoaren aurrean agertutako jarrerak kritika zaparrada eragin du. Izan ere, Trumpek liskarrak gaitzetsi dituen arren, ez ditu eskuin muturreko taldeak aipatu agerraldian, "gorrotoa eta banaketa" baizik: "Elkarrekin egin behar dugu aurrera, beren nazioa maite duten amerikar gisa".

Presidentearen erantzuna epeltzat jo dutenen artean izan da Cory Gardner senataria. Hark hala erantzun dio estatuburuari: "Deabruari bere izenez deitu behar zaio. Zuri arrazistak ziren horiek, eta etxeko terrorismoa zen hau".

Kritikei aurre eginez, Etxe Zuriak berretsi egin ditu presidentearen hitzak, eta nabarmendu du indarkeria guztiak gaitzetsi dituela hark, baita eskuin muturrak eragindakoak ere.

Eskuinaren ikur

Southern Poverty Law Center erakundeak eskuin muturreko taldeak sustatzea egotzi dio estatuburuari. "Hauteskunde kanpainan zela, talde arrazista zurien mezuak birtxiotzen zituen; tartean, beltzak zurien aurkako krimenen %80en erantzule zirela zioen bat". Hala, zehaztu du hark kargua hartu eta lehen 34 egunetan eskuin muturrarekin lotutako milatik gora eraso salatu zituztela.

 

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak