Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Baiezkoaren aldeko kanpaina aurkeztu du CUPek Herrialde Katalanetako lau hiriburutan

Publizitatea

Mundua

Kataluniako prozesu subiranista

Baiezkoaren aldeko kanpaina aurkeztu du CUPek Herrialde Katalanetako lau hiriburutan

Ara egunkariko langileek oharra plazaratu dute iragartzeko erreferendumari buruz informatzen jarraituko dutela, "nahiz eta horrek Espainiako justiziaren jopuntu" bilakatu.
CUPeko kideek Bartzelonan egindako ekitaldia. /
CUPeko kideek Bartzelonan egindako ekitaldia. / CUP

Ofizialki erreferendumeko kanpaina ostiralean hasiko bada ere, CUPekoek babes ekitaldiak egin dituzte gaur Herrialde Katalanetako lau hiriburutan: Bartzelonan, Valentzian, Palman eta Perpinyan. "Herri osoa askatzea da gure helburua". Bartzelonako ekitaldian izan da Joan Garriga diputatua, eta nabarmendu du "geroa eraikitzeko erronka" dela urriaren 1eko erreferenduma. "Kontraesanak kaletik kudeatuko ditugu. Gehiengo parlamentarioa dugu, baina gehiengo sozial zabala nahi dugu". Mossoek datozen egunetan, Madrili entzungor egin, eta herritarren eskubideak babestuko dituzten itxaropena ere agertu du Garrigak. Bideoa: CUPeko kideak ukabila altxatuta, ekitaldiaren amaieran.

Antzeko ekitaldia zegoen aurreikusita Valentzian ere. Baina, Espainiako Polizia Nazionala joan zaie antolatzaileei, eta euren burua identifikatzeko eskatu diete bertan bildutakoei, argudiatuz ekitaldia "legez kanpokoa" zela. Azkenean, komunikatua irakurri diete bertara gerturatu diren kazetariei. "Eskuin muturrekoen mehatxuetatik babestu beharrean, identifikatu eta mihatu egiten gaituzte manifestu bat irakurtzeagatik", salatu du CUPeko kide Mireia Vehik Twitterreko bere kontuan.

Azken egunetan CUPeko kideen aurka agertutako pintaketei egin die erreferentzia Vehik. Anna Gabriel alderdiko bozeramaileari zuzentzen zaizkio horietako asko: Puta bat zara, Tiro bat Ana Gabrieli eta CUP ez zara ongi etorria irakur daiteke horietan.

Adierazpen askatasunaren alde

Erreferendumaren aldeko ekintzarik ez egiteko oharra jaso zuten atzo Kataluniako hainbat goi kargudunek, tartean, TV3eko zuzendaria. Arrabots handia eragin zuen azken horrek, eta Ara egunkariko langileek komunikatua plazaratu dute gaur iragartzeko entzungor egingo dietela Espainiako justiziaren oharrei, eta adieraztzeko eta informatzeko askatasunaren alde lanean jarraituko dutela orain arte bezala. "Argi esango dugu: prest gaude egunkari honek urriaren 1eko erreferendumarekiko hartu duen jarrerak ekar ditzakeen ondorioei aurre egiteko".

Gaiarekin zerikusia duten albisteak