Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Puigdemont kartzelatzea eskatu dute unionistek Bartzelonan

Publizitatea

Mundua

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Puigdemont kartzelatzea eskatu dute unionistek Bartzelonan

Milaka herritar elkartu dira Espainiako batasunaren alde 'Katalunia bai, Espainia ere bai' lelopean. Manifestazioak, ordea, ez du lortu indar erakustaldia egitea, eta urrun gelditu da joan den igandean bildu zuen jende kopurutik. Elkarte unionistek gizartea "hautsi" duen "auzi faltsua" baztertzeko galdegin diote Generalitateari. PPko eta Ciudadanoseko hainbat ordezkarik ere parte hartu dute mobilizazioan.

2017-10-12 / Berria

Milaka herritar elkartu dira gaur goizean Bartzelonan Espainiaren batasunaren alde mobilizatzeko. Societat Civil Catalanak deitu du manifestazioa, eta hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin. Besteren artean, Espanya i Catalans, Empresaris de Catalunya, Concordia Civica, Convivencia Civica Catalana, Regeneracion Democratica, Movimiento Civico 12-O, Profesores por el Bilingüismo, España Generosa eta Españoles de a pie elkarteek.

Manifestazioa Pedrera plazatik abiatu da 11:00etan, eta Katalunia plazan amaitu da ordu bete beranduago. Bidean, Espainiaren aldeko ohiak entzun dira, TV3 talebista publiko kataluniarraren kontrakoa, eta, bereziki, Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen aurkakoak. Manifestariek haren kartzelaratzea eskatu dute behin eta berriz.

Amaieran, elkarte unionistetako ordezkariek adierazpena irakurri dute. Teresa Freixes zuzenbide konstituzionaleko katedradunak Kataluniako agintariei eskatu die gizartean "haustura mingarria" eragin duen "auzi faltsua" baztertu dezatela, eta "normalizatu" dezatela demokrazia, gizarte "inklusiboagoa" lortzeko.

Freixesek "zuzenbide estatuaren baloreak" defendatu ditu, "lurralde nazional osoan herritarrek eskubide, betebehar eta aukera berberak izan ditzaten". Horretarako, "balore konstituzionalak" jorratuko dituen hezkuntza eredua galdegin du, eta "sezesionistek menperatuta daukaten errelatoa" eraldatzea.

Frixesek Generalitateari eskatu dio kataluniar guztientzako gobernatu dezala. "Batzen gaituena defendatzen dugu, bereizten gaituenaren gainetik", adierazi du. Hala, "egin beharreko aldaketek" herritarren "egiazko beharrei" erantzun diezaietela galdegin du, eta ez "epe motzeko helburu politikoei".

Societat Civil Catalanak deitutako manifestazioaz gain, ultraeskuineko hainbat talde ere mobilizatu dira gaur Bartzelonan. Independentsiten eta errefuxiatuen aurkako leloak ohiukatu dituzte, eta esteladak erre.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak