Kontxako bandera (E)

Bandera Donostian geratu da 71 urteren ondoren

Donostia Arraun Lagunak-ek lehen luzean eutsi egin dio Orioren joaldiari, eta badian indartsuagoa izan da; 2,68 segundo atera dizkio. Arraunek lehen aldiz irabazi du bandera preziatua emakumezkoetan. 

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, bandera porturatzen. ANDONI CANELLADA, FOKU
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 12a
10:34
Entzun

Donostia Arraun Lagunak-ek garaipena lortu du Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian ere, eta, 71 urteren ondoren, bandera Donostian geratuko da. 1,64 segundoren aldea zuten donostiarrek Oriorekiko, eta, lehen jardunaldian bezala, garaipena lortu dute gaur ere. Lehen aldiz irabazi du, gainera, bandera emakumezkoetan. Juan Mari Etxaberen taldeak eutsi egin dio Orioren hasiera txanpa indartsuari, eta, ziabogan egindako maniobra onaren ostean, Oriori aurrea hartu dio. Hortik aurrera, menderatu egin du aurkari zuzena eta estropada. 2,68 segundoren aldea atera dio Oriori.

Bigarren kaletik joan da garailea, eta aurrenekotik bigarren sailkatua. Donostiarrari egokitu zaio hirugarrena, eta Hondarribiari laugarrena. Itsasoa aurreko igandean baino mugituxeagoa egon da gaur, zikinagoa. Dena den, arraun egiteko aitzakiarik gabeko baldintzak egon dira. Semaforoa berde jarri orduko, Donostiarrak eman ditu lehen palakada indartsuak. Erne egon dira Torrekua ontziko arraunlariak. Halere, lehen txanpa bukatzerako, Oriok hartu du burua; estropada lehertzera joan dira Nadeth Agirre eta haren kuadrilla. Horixe izan da Xanti Zabaletak arbelean idatzita zeukan estrategia, Arraun ataka estuan jartzeko asmoz. Alta, Lugañene ontzikoak ez dira urduri jarri, eta euren arraunketari eutsi diote, segundo bat atzetik zihoazen arren.

Olatuen errepunpak ontziei Aquarium aldetik nahiz Santa Klara uharte aldetik jotzen zieten, eta, hori ekidite aldera, bi ertzetan zihoazen Hondarribiak eta Oriok erdiko kaleetara hurbildu dira. Oriok, behintzat, etekina atera dio mugimendu horri, eta beste segundo bat atera dio Arrauni; bi segundoko abantaila izan duten Zabaletaren taldeak. Eta errenta horrekin heldu da San Nikolas ontzia ziabogara. Halere, maniobran Orioko arraunlariak beranduxeago sartu du arraun txikia, eta joan egin zaie ontzia. Arraun Lagunak-ek azkar eman du maniobra, eta parean irten dira. Oriotarrek kareletik bota dute aurretik egindako lan ona.

Bueltako luzea arraunzaleentzako zirraragarria izan da. Arraun Lagunak-ek eta Oriok buruz buruko lehia izugarria izan dute. Batek jo, besteak erantzun. Haizeak lehenengo kaletik laugarrenerako norabidea zuenez, Nadeth Agirrek ontzia bigarren kalera eraman du, baina han zuen zain Lugañene ontzia, tinko. Andrea Astudillo lemazainak Etxabe prestatzailearen agindua bete, eta bigarren kaleari eutsi dio; 31 eskutik zuen. Une askotan, bi ontzien arteko distantzia oso laburra izan da, eta itsasoko epaileak behin baino gehiagotan bandera zuria atera dio Oriori. Halabeharrez, Agirren ababorrera jo du, baina ez da gehiegi urrundu. Santa Klara uhartearen parean zeudenean, Arraunek branka erakutsi du, eta olatu koxkorrei etekina atera die, pare bat tosta aurretik jartzeraino.

Kontxako badian sartu direnean, Oriok zirt edo zart egiteko garaia zuen. Agirrek hankan zihoazen arraunlariei palakadak sarritzeko eskatu die, eta eurek agindua bete. Segundo bakarrera hurbiltzeko gai izan dira, baina ez gehiago. Arraunekoak indartsuagoak izan dira azken txanpan, eta ez diote ihes egin garaipenak. Ez horixe. Donostiarrak helmugan ainguratuta dauden lau ontziak zeharkatu dituztenean, Lugañene ontzia malkoz isuri da, emozioaren emozioz. 2,68 segundora helmugaratu da Orio; 14ra Donostiarra; eta 19ra Hondarribia.

Irakurri gehiago:Zerrenda loriatsua handitzeko grinaz

Lehen txandan Tolosaldea izan da onena, eta, bi jardunaldietako denborak batuta, Hondarribiari aurrea hartu eta laugarrena izan da. Chapela bigarren postuan helmugaratu da, garailearengandik bederatzira; Hibaika hirugarrena izan da 15era; eta Deustu laugarrena 22ra.

Kontxako Banderako bigarren jardunaldiko denborak:

1. Donostia Arraun Lagunak 10.33,56

2. Orio 2,68ra

3. Donostiarra 14,44ra

4. Tolosaldea 14,90era

5. Hondarribia 19,56ra

6. Chapela 24,54ra

7. Hibaika 30,44ra

8. Hondarribia 37ra

Kontxako Banderako bi jardunaldiak batuta:

1. Donostia Arraun Lagunak 21.05,18

2. Orio 21.09,50

3. Donostiarra 21.28,24

4. Tolosaldea 21.36,14

5. Hondarribia 21.37,94

6. Hibaika 21.53,16

7. Chapela 21.56,84

8. Deustu 22.05,82

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.