Ibarretxe, Lopez eta Otegi epaitu egingo ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Saiz epaile instruktoreak hartu du erabakia Jaurlaritzaren lehendakariaz, PSE-EEren zuzendaritzakideaz eta ezker abertzalearen mintzaideaz. Ares PSE-EEren buruzagia, eta Etxeberria, Petrikorena, Barrena eta Dañobeitia ezker abertzalearen mintzaideak ere epaituko ditu. Bilerak egiteagatik desobedientzia egitea leporatuta auzipetu dituzte ezker abertzalearen kideak, eta desobedientzia egiteko ezinbesteko laguntzaile izatea egotzita beste hirurak. Ahozko epaiketa egingo diete.

Berria -

2007ko urriak 30
Gaur jakin denez, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEren zuzendaritzakideak eta Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena, Pernando Barrena eta Olatz Daņobeitia ezker abertzalearen mintzaideak epaitu egingo ditu EAEko Auzitegi Nagusiak. Hala erabaki du Roberto Saiz EAEko Auzitegi Nagusiko epaile instruktoreak, eta ahozko epaiketa egingo die. Fiskaltzak hiru eguneko epea dauka helegitea aurkezteko eta defentsen abokatuek hamarrekoa. Epaile instruktorearen ustez, "nahikoa oinarri juridiko badago delitua egon zela pentsatzeko". Auzitegiak ez du epaiketaren datarik jarri oraindik. Ibarretxe iaz ezker abertzalearen kideekin bildu zen, baita Lopez eta Ares ere. Horregatik desobedientzia egitea leporatuta inputatu zituen auzitegiak Otegi, Etxeberria, Petrikorena, Barrena eta Daņobeitia, eta desobedientzia egiteko ezinbesteko laguntzaile izatea egotzita Ibarretxe, Lopez eta Ares. Ermuko Foroak jarritako helegiteak tarteko abiatu ziren auziak, eta Dignidad y Justicia taldeak ere politikarien kontra egitea erabaki zuen gero. Ibarretxeren kontra bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du herri akusazioak, Lopez eta Aresentzat bederatzina hilabetekoa, eta Otegi, Etxeberria, Petrikorena, Barrena eta Daņobeitiarentzat urtebetekoa bakoitzarentzat. Kargu-gabetzeak ere eskatu ditu. Hain zuzen, herri akusazioa osatzen duten elkarteak dira epaiketa egitearen alde dauden bakarrak: Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia elkarteak. Izan ere, desobedientzia deliturik ez dagoela eta epaiarekin aurrera jarraitzeko arrazoirik ez dagoela argudiatuz auzia artxibatzea eskatu zuten aurretik inputatuen defentsek eta EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak. Saiz epaileak berak atzera bota zuen eskaera hori, joan zen uztailean. Saizek epaia aurrera eramateko prozedura laburtua aplikatzea erabaki zuen, eta inputatuen hiru aldeek erabaki horren kontra jarritako dei helegiteak atzera bota zituen lehengo astean auzitegiko Zibil eta Zigor arloko Salak. Hiru lagunek osatzen dute mahaia: helegiteen kontra egin zuten Fernando Ruiz Piņeiro mahaiko presidenteak eta Antonio Garcia Martinez magistratuak; Nekane Bolado magistratuak, berriz, kontrako boto partikularra eman zuen. Epaile instruktorearen esku geratu zen auziaren inguruko epaiketa egin edo ez. Hartu du erabakia: epaiketa. Auzipetuen artetik Otegi, Etxeberria, Petrikorena eta Daņobeitia kartzelan daude gaur egun, beste auzi batzuengatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna