Mundua

Raul Castro izendatu dute Kubako estatuburu

Fidel anaia eta presidente ohiari aholkua eskatzen jarraituko duela agertu du kargua hartzeko hitzaldian. Lehentasuna herritarren beharrak asetzeko ekonomia berregokitzea dela nabarmendu du, "sozialismoaren barruan".

Berria -

2008ko otsailak 25
Analisten aurreikuspenak bete ditu Kubako Legebiltzarrak, eta Raul Castro aukeratu du Estatu Kontseiluko presidente; hots, Kubako estatuburu. Nolanahi ere, 2006ko uztailetik ari da kargu hori betetzen, behin-behinean, Fidel anaia eta estatuburu ohiaren gaixotasunaren ondorioz. Joan den astean iragarri zuen Fidelek behin betiko utziko zuela kargua, Kubako buruzagitzan jarraitzeko behar besteko osasunik ez zuela iritzita. Hala ere, nolabait lan politikoa egiten segituko zuela iradoki zuen, idazten jarraituko zuela eta "ideien soldadu" izango zela agertuz. Horrez gain, Raul anaia eta presidente aukeratu berriak lehen unetik utzi du agerian Fidelek presente jarraituko duela Kubako politikagintzan, kargua hartzeko hitzaldian anaia eta estatuburu ohiari aholkua eskatzen jarraitzeko baimen publikoa galdegin baitio Legebiltzarrari. Legebiltzarrak berehala eman dio baimen hori. Raul Castrok 76 urte ditu, eta anaiari uztartuta ibili da Kubako Iraultzatik. Bere lehentasuna Kubako ekonomia berregokitzea dela adierazi du, herritarren beharrak ase ditzan, baina aldaketa horiek "sozialismoaren barruan" egingo dituela azpimarratu du.