Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea "Sententzia oso garrantzitsua da"

Publizitatea

Gizartea

egunkaria auzia

"Sententzia oso garrantzitsua da"

Joan Mari Torrealdaik, Iñaki Uriak, Txema Auzmendik, Martxelo Otamendik eta Xabier Oleagak agerraldia egin dute gaur Martin Ugalde Kultur Parkean. Epaiko bi puntu nabarmendu dituzte, abokatuekin egon ostean: "Batetik, epaiak dio ezin dela hedabide bat itxi eta, bestetik, inkomunikazio garaian epaileen aldetik ez zela nahikoa kontrol izan". Oraindik ez dute erabaki kalte-ordainak eskatu edo ez. Auzi ekonomikoa Gipuzkoako Auzitegira pasatzeko eskaera egingo dute abokatuek egunotan. Apirilaren 25ean esker ekitaldi handia izango da Bilbon, Euskaldunan.

2010-04-12 / Berria

J Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko auzipetuek azpimarratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo emandako absoluzio epaia "oso garrantzitsua" dela, eta oso pozik agertu dira. "Gaurko agerraldira gure abokatuak ez dira etorri, epaia sakonago aztertu nahi dutelako eta hurrena emango dituzte azalpenak, baina esan digute aipatzeko sententzia oso garrantzitsua dela", adierazi du Oleagak auzipetuen izenean, Torrealdaik adierazpena irakurri ondotik. Oleagaren arabera, abokatuek sententziako bi puntu nabarmentzen dituzte: "Batetik, epaiak dio legeak nahikoa indar ez duela egunkariak ixteko, ezin dela hedabide bat itxi. Izan ere, printzipio nagusi bat hausten da itxiz gero: adierazpen askatasunaren printzipioa. Bestetik, torturari buruzko hausnarketan sententziak esaten du atxilotuen inkomunikazio garaian epaileen aldetik ez zela nahikoa kontrol izan". Oraindik ez dute erabaki kalte-ordainak eskatu edo ez. Abokatuak epaia zehatz-mehatz aztertu beharko du aurrenik, auzipetuek jakinarazi dutenez, "baina gaiaren azterketa lehentasunen artean daukate". "Garaipena izan da" Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean egin dute bostek agerraldia, 11:30etik aurrera. Hedabide ugari bildu da, baita Egunkaria-ko langile ohi eta auzipetuen lagun asko ere. Torrealdaik irakurri du adierazpena (hemen); euskaraz lehenik, gazteleraz gero. "Pozik gaude. Pozik daude gure etxeetan, gure familiak. Zama handia geneukan gainean eta arindu egin da. Epaiketa joan den moduan, espero zitekeen emaitza hau". Garaipentzat jo dute sententzia. "Esan dezagun: garaipena da, kontuan hartuta auzi honen jatorriko bultzada politikoan daudenek indar handia daukatela eta ez direla eurenarekin atera, kasu honetan. Aurreko guztia justifikatzeko eta etorkizunera begira euskalgintza soziala kriminalizatzeko jurisprudentziari bide egingo zion epai zigortzailea behar zuten, eta ez dute lortu. Egunkaria birrindu nahi zuten eta lortu zuten, bai, baina lehenengoaren errautsetatik BERRIA sortu zen. Hura bai sekulako garaipena". Hala ere, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioen helegitearen aukera hor dela ohartarazi du Torrealdaik, eta zuhurtzia eduki behar dela. "Kaltea eginda dago, atzerabiderik gabe. Gehienez ere injustiziaren gurpila gelditu egin da, behin-behinean". Eskerrak eman dizkiote euskal gizarteari, Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an Egunkaria itxi zuenetik emandako babesagatik. "Euskal gizarte zabalaren jarrera beroak urtu du, birrindu egin du, kasu honen jatorrian zegoen bultzada politikoa. Euskal jendarte zabalak gainezka egin dio bultzatzaile politikoen eragin maltzurrari. Eredugarria. Benetan, eredugarria". Kataluniako eta Madrilgo elkartasuna ere azpimarratu dute. 'Udalbiltza auzia', '18/98' eta 'Egin' gogoan Auzipetuek garbi dute Egunkaria-ren aurkako auzia politikoa izan dela, baina ez dela bakarra. Gogoan izan dituzte, hala, Udalbiltza auzia -aurki hasiko da epaiketa-, 18/98-koa eta auzi honetako Egin egunkaria -hainbat lagun daude zigortuta eta espetxean-. "Gogoko genuke, antzerako akusazio oinarria daukaten beste kasuetan ere eragin baikorra izango balu epai honek. Bihoakie gure agur zintzoa eta gure elkartasunaren besarkada beroa". Auzi ekonomikoa Gipuzkoako Auzitegira pasatzeko eskaera Auzi ekonomikoa zabalik du Auzitegi Nazionalak eta zortzi lagun epaiketaren zain daude. Iruzur ekonomikoa egin izana egozten diete, baina baita "erakunde terroristarekin" lotura edukitzea ere. Atzoko epaiarekin azkeneko puntu horrek ez du heldulekurik eta, hala, abokatuek egunotan eskatuko diote Auzitegi Nazionalari uko egiteko epaiketa egiteko eskumenari eta kasua Gipuzkoako Auzitegira pasatzeko. "Ez ahaztu: pieza ekonomiko honetan daude, paradoxikoa badirudi ere, kartzela zigor eskaririk gogorrenak. Auzi ekonomikoan gauden lagun batzuentzat 26na urte eta 33na milioi euroko zigorra eskatzera iristen da Dignidad y Justicia elkartea. Beraz, ezin da oraindik defentsa jaitsi. Erne mantendu beharra daukagu. Erne mantentzeko eskatzen diogu gurekin beti hain eskuzabal eta elkartasun baldintzagabean azaldu den euskal jendarteari", adierazi du Torrealdaik. Apirilaren 25ean ekitaldi handia Euskalduna jauregian Auzipetuek jakinarazi dutenez, apirilaren 25ean (igandea) "esker ekitaldi handia" egingo dute Bilbon, Euskalduna jauregian. 11:30ean hasiko da, areto nagusian.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak