Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Su-eten "orokorra", "iraunkorra" eta "egiaztagarria" eman du ETAk

Publizitatea

Gizartea

ETA-REN AGIRIA

Su-eten "orokorra", "iraunkorra" eta "egiaztagarria" eman du ETAk

Erabaki hori "behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko" duen konpromisoaren adierazle dela agertu du. 'Aldebakarrekoa' hitza aipatzen ez duen arren, hala ulertzen da, ez du-eta meniarako baldintzarik ezartzen. Erakunde armatuak dio behin betiko konponbiderako prozesuarekin eta konfrontazio armatuaren amaierarekin ETAk duen konpromiso irmoa dela iragarritako su-etena. ETAren agiria
Gernikako Akordioaren irailaren 25eko ekitaldia.
Gernikako Akordioaren irailaren 25eko ekitaldia. / Argazki Press

2011-01-11 / Koldo Aldabe

«ioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki du ETAk», horixe erakunde armatuak atzo Gara egunkariaren bidez helarazitako agirian nabarmentzen den esaldia. Su-etena «iraunkorra» eta «benetan egiaztagarria» izatea eskatu zioten ETAri nazioarteko hainbat eragilek Bruselako adierazpenaren bitartez. «Nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea» galdegin zioten Gernikako Akordioa izenpetu zuten alderdi, sindikatu eta gizarte eragileek, «jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa». Aldebakarrekoa hitza aipatzen ez duen arren, hala uler daiteke, ez baitu meniarako baldintzarik aipatzen. Gainera, Gernikako Akordioaren izenpetzaileek su-eten hori jarduera armatua behin betiko uzteko «borondatearen» erakusle gisa eskatzen bazuen, erakunde armatuak dio behin betiko konponbiderako prozesuarekin eta konfrontazio armatuaren amaierarekin ETAk duen konpromiso irmoa dela iragarritako su-etena; eskatutako «borondatetik» «konpromiso irmo»-rako jauzia egiten du ETAk. Gernikari eta Bruselari begira Bistan da, hartutako erabakiak hedadura zabalagoa duen arren, Bruselari eta Gernikari erantzun die ETAk su-eten horren bitartez. Agiriaren hasieran bertan aipatzen du hori: «Azken hilabeteotan, Bruselatik Gernikara, mundu mailako izen handiko pertsonalitateek eta euskal eragile politiko eta sozial andanak, mendeetako gatazkari konponbide justu eta demokratikoa ematearen beharra nabarmendu dute». Eta erakunde armatuak «bat egiten du» horretan: «Konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa lanabes eta euskal herritarren borondatea iparrorratz duen prozesu demokratikoaren bidez etorriko da». Prozesu demokratiko horrek nolakoa behar duen izan ere marrazten du agiriak; esaten du «ukazio egoera eta eskubide urraketa oro» gainditu behar dituela, eta lurraldetasunaren eta autodeterminazioaren «gakoei» erantzun behar diela. Euskal eragileen egitekoa Euskal eragile politiko eta sozialei dagokiela dio «Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren formulazioa adosteko akordioak erdiestea, proiektu politiko guztiak ahalezko eginez, independentzia barne». Eta prozesuaren amaieran euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatu beharko direla «beren etorkizuna inolako muga eta esku-sartzerik gabe hautatzeko». Bermeak eta bitartekoak ere eskatzen ditu, alde guztiek errespeta ditzaten lortutako akordioak eta euskal herritarrek erabakitakoa. ETAren irudikoz martxan jarri beharko litzatekeen prozesuaren ezaugarriak dira horiek. Baina ez ditu baldintza edo exijentzia gisa aurkezten. Gauza bera esan daiteke Espainiako eta Frantziako agintariei zuzenduz ETAk agirian dioena. ETAk «dei» egiten baitie «erantzukizun historikoarekin jokatzeko» garaitzat jotzen duen une honetan «errepresio neurri oro indargabetu eta Euskal Herriarekiko ukazioa behin betiko albora dezaten». Askotariko erreakzioak ETAren agiriak askotariko erreakzioak jaso ditu. Asko, ordea, aurretik eginiko adierazpenen antzekoak izan dira, bereziki Bruselako adierazpenari eta Gernikako Akordioari erantzungo zion agiria nahikotzat ez zuten eta ETAren behin betiko amaiera iragartzea exijitzen duten alderdi eta ordezkarienak. Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eta Bruselako adierazpenaren bultzatzaileak atzo esan zuenez, adierazpenean eskatu zitzaiona bete du ETAk: «Nahasezina den aldebakarreko su-eten orokor, egiaztagarri eta iraunkorra eman du». Gernikako Akordioaren izenpetzaile diren alderdi, sindikatu eta eragile ia denek ere uste dute ETAk erantzun positiboa eman diola akordioan eskatzen zitzaionari. Horrela uste dute, besteak beste, ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak, ELAk, LABek eta Lokarrik. ETAk urrats hori eginda, Espainiako Gobernuari ere urratsak egitea dagokiola iritzi diote. Gernikako izenpetzaileen artean izan da, ordea, ETAk eskatutako guztia ez duela bete uste duenik. Su-etena pauso garrantzitsutzat jo arren, «aldebakarrekotasuna» ez duela betetzen esan zuen atzo Aralarrek. Alderdi abertzaleen artean, dena den, zuhurtasun handiena EAJk erakutsi zuen. Iñigo Urkullu buruzagiak, gainera, Gernika eta Bruselako bidean ez galtzeko esan zion ETAri, eta «euskal gizarteak eskatzen diona» bete dezan eskatu zion, atzoko agiriak ez duelako halakorik egiten. PSE-EEko Jose Antonio Pastor eledunarentzat ere «ez da nahikoa» ETAren atzoko agiria, eta PPko buru Antonio Basagoitik honela ikusi du: «Urte berri, agiri zahar». Zapatero, Rubalcaba... «Agiriak ez du balio, ez dugu guardia jaitsiko»; Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapateroren hitzak dira. Zapateroren arabera, ez da «inolako elkarrizketarik» izango. «Ez daukate zer eginik; armak uztea besterik ez dute», esan du, eta aurreratu du ezker abertzalea ez dela izango maiatzeko hauteskundeetan. Lehendakariorde eta Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak azaldu zuenez, berriz, ez da «berri txarra», baina ezta espero zuena ere, «ez baita amaierako agiria», eta «garrantzitsua» den arren, «ekintzekin eta baldintzarik gabe» egiaztatu beharrekoa da. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek «urrats txikitzat» jo du agiria, eta «nahikoa ez den arren» indarkeriaren amaiera «gerturatzen» ari dela dio. Nafarroako Gobernuarentzat ere atzokoa ez da «Nafarroako gizarteak espero duen agiria», eta, haren ustez, «ohiko hitz-jarioa eta erretorika da».

Gaiarekin zerikusia duten albisteak