Berria.eus

Gizartea Brigada berezietako ertzainek bakarrik erabili ahal izango dituzte gomazko pilotak

Publizitatea

Gizartea

iņigo cabacasen heriotza

Brigada berezietako ertzainek bakarrik erabili ahal izango dituzte gomazko pilotak

Ekainaren 1etik 2013ra bitarte, polizia etxeetako ertzainek "mugatuta" edukiko dute horien erabilpena. Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Legebiltzarrean egindako agerraldian azaldu du Ertzaintzako kide guztiek ekainaren 1etik aurrera identifikazio zenbaki bat eramango dutela eta operazioan zuzenean parte hartutako ertzainei espedientea zabaltzeko agindua eman duela. BERRIA.INFOk zuzenean eman du agerraldiaren berri. Atzo, jende ugari bildu zen Cabacasen aldeko hileta elizkizunean.

2012-04-12 / Berria

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian esan du operazioan zuzenean parte hartu zuten ertzainei espedientea zabaltzeko agindua eman duela.

Horrekin batera jakinarazi du 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera polizia etxeetako ertzainek ez dutela pilotak botatzeko eskopetarik izango eta brigada mugikorrek eta bereziek "salbuespen" egoeretan erabili ahal izango dituztela. Ekainaren 1etik 2013ra bitarte, polizia etxeetako ertzainek "mugatuta" edukiko dute horien erabilpena, eta Ertzaintzako kide guztiek ekainaren 1etik aurrera identifikazio zenbaki bat eramango dute.

Epaileari duten informazio guztia emango diotela esan du Aresek, eta hori dela modu onena ikerketaren inguruko zalantzak sortu nahi izan dituztenak "isiltzeko".

"Ez dugu ezer ezkutatuko; amaierara arte helduko gara, kosta ahala kosta", esan du. Barkamena eskatu die senide eta lagunei, gertatu den "injustiziagatik".

Ertzainen profesionaltasuna datuekin defendatuko duela azaldu du, eta "errespetua" eskatu du Ertzaintzarekiko. "Edozeinek egin dezake akatsen bat, eta hori gertatzen denean onartu eta zuzendu egin behar da". Aresek esan du ez duela onartuko ibilbide luze bat "zikintzea", eta babesa agertu die ertzainei.

"Begi bistakoa da zerbaitek huts egin duela"

Aresek dio gertaerak jakin bezain pronto, ostiralean bertan, ikerketa abiarazteko abisua eman zuela. Atzo, zuen informazio guztia helarazi zioten justiziari, eta haren esku jarri zuen Ertzaintzaren talde bat, haren aginduetara lan egiteko. Herritarrei esan die amaierara arte heltzen interesatuena Eusko Jaurlaritza dela.

"Ertzaintzak milaka alditan gomazko pilotak erabili ditu, baina guztiok autokritika egin behar dugu, halakorik berriro gerta ez dadin", esan du. Onartu du hainbat zauritu izan direla azken urteetan. "Begi bistakoa da zerbaitek huts egin duela". Horregatik, material hori erabiltzeko protokoloak berrikusi behar direla azaldu du.

"Ertzaintzaren presentziak ez ditu istiluak sortzen, Ertzaintzak askatasunak eta eskubideak bermatzen ditu", gaineratu du. Haien betebeharra "indarra" erabiltzea da, "beharrezkoa" denean. Erantzukizun politikoa bere gain hartu du gertatutakoaren gainean.

Varela: "Egokitutako operatiboa jarri genuen martxan"

Aresen ondoren, Jose Antonio Varela Ertzaintzaren buruak hartu du hitza. Ikerketak azken orduetan aurrera egin duela azaldu du, baina behin betiko ondorioak ez daudela. Ertzainen eskutik eta hainbat lekukoren eskutik testigantzak jaso dituztela esan du.

Varelak dio "egokitutako" operatiboa jarri zutela martxan partidaren egunean, aurretik egon ziren aurreko ekitaldietan egin zuten moduan. "Zelai zabaleko gudua" zegoela esanez dei bat jaso zutela esan du. Hara joanda, lagun bat atxilotu zuten, eta, gero, beste lagun bat. Kirruli tabernaren inguruan ertzainei "botilak, edalontziak eta latak" jaurti zizkietela dio, eta 24 ertzain gehiago bidali zituztela hara, hiru furgonetatan.

Ertzain guztiak Bilboko polizia etxekoak direla argitu du. Haren arabera, Cabacasek ez zuen bertatik bertara jaso pilotakada; "gutxienez, 22 metrora zeuden ertzainak".

Egoera lasaitu ondoren Cabacas topatu zutela dio, lagun bat laguntzen ari zitzaiola. Ondoren "borra" bat aurkitu zutela esan du. Varelak esan du ez dizkietela Cabacasen lesioaren inguruko mediku informazio ofizialik eman. Gaineratu du istiluetan hiru ertzain zauritu zirela.

Autopsiak baieztatu zuen Cabacas pilotaka batek hil zuela

Cabacasen heriotzaren inguruko xehetasunak emateko, gertaera baloratzeko eta hainbat neurri proposatzeko egin du agerraldia. Bileraren aurretik Jose Antonio Valera Ertzaintzaren buruarekin bildu da Ares. Miguel Buen Segurtasunerako sailburuordea ere haiekin izan da.

Atzo Radio Euskadin emandako elkarrizketan aurreratu zuenez, posible da ertzainek "arduragabekeriaren bat" egitea, eta Aresek berretsi zuen ikerketa "azken muturreraino" eramango dutela. Autopsiak baieztatu zuen ertzainen pilotakada batek hil zuela Cabacas.

El Correo egunkariak gaur jaso du ikerketa sei ertzainaren inguruan burutzen ari direla. Gaztearen heriotza ekarri zuen Ertzaintzaren oldartzearen aurretik ustez borrokan ibili ziren bi gazte atxilotu egin zituen atzo Ertzaintzak, eta atxilotutako jarraitzen dute.

Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak gertatutakoa homizidioa izan litekeela azaldu zuen atzo.

Atzo, Cabacasen aldeko hileta

Atzo arratsaldean lagun ugari bildu ziren Cabacasen aldeko hileta elizkizunera. Loreak, Athleticeko bufandak eta banderak eskaini zizkioten elizaren inguruan. Inguruko tabernek ordu erdiz ateak itxi zituzten, familiari elkartasuna adierazteko.

Bilboko Bilduk "elkarretaratze isila" iragarri du gaurko, udaletxearen aurrean. Atzo Udaleko bozeramaileen batzordeak onartutako testua ez sinatzea erabaki zuen.

Biharko Cabacasen senide eta lagunek elkarretaratze isila iragarri dute, Basauriko Arizgoiti plazan (Bizkaia), 20:30ean. Hala jakinarazi dute ohar baten bidez.