Berria.eus

Gizartea Hollandek uste du bera presidente izateko baldintzak badaudela

Publizitatea

Gizartea

Frantziako presidentzia hauteskundeak

Hollandek uste du bera presidente izateko baldintzak badaudela

Botoak zenbatuta direla, %28,6ko babesa lortu du PSko hautagaiak. Sarkozy UMPkoa izan da bigarren, %27rekin, milioi erdi bat botora. FNk indar handia erdietsi du: %18, ia sei milioi eta erdi boto. Ezkerreko Fronteak ia lau milioi boto eskuratu ditu (%11,1), MoDem zentrokoak 3,2 milioi, eta Berdeek 800.000 mila. Bigarren itzulia maiatzaren 6an izango da, Hollande eta Sarkozyren artean.
François Hollande eta Nicolas Sarkozy, gauean.
François Hollande eta Nicolas Sarkozy, gauean.

2012-04-22 / Berria

Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzuliko emaitzak aztertuta, François Hollandek (PS) uste du bera presidente izateko baldintzak badaudela. Atzo hark jaso zuen boto gehien, %28,6. Milioi erdi bat botora geratu zen Nicolas Sarkozy (UMP) Frantziako behin-behineko presidentea, %27rekin. PSk 10,2 milioi boto lortu zituen, eta UMPk 9,7 milioi.

Bigarren itzulia maiatzaren 6an izango da. Lehen itzulian inork ez duenez botoen %50 gainditu, boto gehien jasotako bi hautagaiak pasatuko dira bigarren itzulira. Hots, Hollande (Ruan, 1954) eta Sarkozy (Paris, 1955).

"Irabaziko dugun konfiantza daukagu", esan du PSko hautagaiak, goizean, Parisen, alderdiaren egoitzara abiatu aurretik. Haren arabera, Ezkerreko Fronteak atzo jasotako sostengua garrantzitsua izango da maiatzaren 6rako —ia lau milioi boto—, alderdi hartako boto-emaileek PSren alde bozkatuko dutelakoan.

FNko atzoko 6,4 milioi boto-emaileek zer egingo duten ere erabakigarria izango da. MoDem zentrokoak 3,2 milioi boto pilatu zituen, eta Berdeek, 800.000 mila.

Sarkozyk "entzun" du boto-emaileek esandakoa

"Boto-emaileei esan nahi diet: entzun zaituztet", esan du goizean Sarkozyk, lehen itzulian bigarren geratu ondotik. Bi aste hauetan Hollanderekin jendaurreko hiru eztabaida egin nahi dituela adierazi du: arlo ekonomikoaz, sozialaz eta atzerri politikaz. "Une erabakigarria da. Frantziarrek osagai denak behar dituzte aukeratzeko, eta ni ez naiz ezkutatuko".

PSko hautagaiak erantzun du eztabaida bakarraren aldekoa dela, beste hauteskundeetan ere bat egin izan delako.

Ekainean Legebiltzarrerako bozak izango dituzte.

 

Gizartea saileko albiste gehiago

Adostua, eraikia, partekatua

Semearekiko lotura biologikoari baino pisu handiagoa eman diote eraikitako harremanari, baina zaintza sarea zabalduz landu dute hori. Amatasuna askatasunarekin uztar daitekeela uste baitute.

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak