Literatura

Joxe Azurmendi: "Estatuak gehiengoaren kontzientzia ona zaindu eta gutxiengoaren kontzientzia txarra xaxatzen du"

Estatuak kontzientzien kontrola nola eta zertarako lantzen duen aztertu du 'Barkamena, kondena, tortura' saiakeran.

‘Barkamena, kondena, tortura’ saiakera aurkeztu du gaur Joxe Azurmendi filosofoak.

Juan Luis Zabala -

2012ko urriak 3

Gai baten inguruko “hiru konferentzia eta hitzaldi bat” bildu ditu Joxe Azurmendik Barkamena, kondena, tortura. Estatua kontzientzien kontrolatzailea saiakeran (Elkar). “Estatuaren hiru modu kontzientziaren kontrolerako” aztertu ditu egileak liburuan. “Bata da: 'Terroristek eta euren lagunek damutu egin behar dute, eta barkazioa eskatu'. Bigarrena da: 'Bortxa kondenatu egin behar da, publikoan norbait izateko, eta baita eskubide zibilak izateko ere'. Eta hirugarrena da: 'Terroristak edo esaten diren horiek, benetan kontzientzia absolutuki kontrolatzeko, torturatu egiten dira'. Hortik dator liburuaren titulua ere: Barkamena, kondena, tortura”.

Tortura, Estatuaren biolentziaren agerpen guztiak bezala, Estatuaren krimen guztiak bezala, “edo ukatu, edo ezkutatu edo makilatu, disimulatu” egiten da, Azurmendik salatu duenez. “Zoritxarrez, Estatuari ez zaio asko kostatzen hori egitea, publikoak sinetsi nahi duena horixe delako, Estatuak gauzak beharbada batzuetan gogor samar baina zuzen egiten dituela. Estatuak bortxaren ukoarekin publikoaren kontzientziak lasaitzen ditu”.

“Publikoaren edo demokraten kontzientzia ona” da gaur egun, Azurmendiren ustez, “Estatuaren bermea, lehen erlijioa izaten zen bezala. Estatuak, beraz, gehiengoaren kontzientzia ona zaintzen du, eta, neurri berean, gutxiengoaren kontzientzia txarra xaxatzen. Gehiengo on bat izateko, gutxiengo txar bat behar delako. Bestela, nola jakingo luke gehiengoak bera ona dela, aldamenean gaiztorik ez balego? Horregatik, Estatuak gutxiengoak —Estatuarekin berarekin identifikatzen ez direnak— kontzientzia txarrera botatzen ditu, eta hori da azkeneko denboran Euskal Herrian bizitzen ari garen polemika, propaganda edo ez dakit nola deitu behar zaion: damutu egin behar dela, kondenatu egin behar dela bortxa bere forma guztietan… Hori da kontzientzia txarraren kultibo bat”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna