Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Euskara ebaluatuko dute amaierako azterketetan

Publizitatea

Gizartea

HEZKUNTZA

Euskara ebaluatuko dute amaierako azterketetan

Bileraren ostean atzera egin du Espainiako Gobernuak, eta ebaluazioan sartu ditu hizkuntza koofizialak. Euskarak eta gaztelaniak "oreka" izan beharko dute eskoletan. Estatuak erabateko kontrola izango du "enborreko" ikasgaietan —Historian, kasu—. Abenduaren 19an berriro batuko dira Wert eta hezkuntza kontseilariak.
Wert Espainiako Hezkuntza ministroa.
Wert Espainiako Hezkuntza ministroa.

2012-12-04 / Garikoitz Goikoetxea

Hezkuntza erreformari beste estutu bat eman dio Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak: gaztelania ez den beste hizkuntza batean murgiltze eredua ezartzea debekatu egin du. Euskarak pisu handia galduko du hezkuntzan, Madrilen oraingo proposamenarekin: hizkuntzetan, laugarren izango litzateke, gaztelaniaren eta atzerriko bi hizkuntzaren atzetik. Gaztelaniak eta euskarak "pisu orekatua" izan beharko dute; hala ez dela uste badute, gurasoek eskola pribatuetara bidali ahalko dituzte umeak, eta gero administrazioari pasatu gastuak.

Gaur arratsaldean egin dute bilera Wert ministroak eta hezkuntza kontseilariek. Hego Euskal Herritik, han dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde bat eta Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. Adostasunik ez dute lortu, eta abenduaren 19rako jarri dute hurrengo hitzordua. Azkena izango dela iragarri du Wertek. Ordurako, Jaurlaritza berria izendatuta egongo da, eta, beraz, EAJren sailburuak joan beharko du bilerara.

Hona Wertek proposatu dituen aldaketa nagusiak:

1. Hizkuntzak. Gaztelaniaz ikasi ahal izatea "bermatu" egingo du PPk. Murgiltze eredurik ezingo da egin, "oreka" izan beharko baitute gaztelaniak eta euskarak. Zirrikitu bat bada euskarari lehentasuna emateko, baina erabat mugatua: "Tratu berezia eman ahalko zaio hizkuntza koofizialari, baina horrekin ezingo da, inolaz ere, gaztelania diskriminatu". Ez dute zehaztu "diskriminatzea" zer den, ez "oreka" zeri esango dioten, ez nork erabakiko duen hori. Bidea jarri dute umeak eskola pribatuetara bidaltzeko, gaztelaniaz ikas dezaten; gurasoek ez badute sare publikoan edo itunpekoan ikusten bermatuta dagoela aukera hori, eskola pribatuetara jo ahalko dute, eta gastuak administrazioari pasatu.

2. Estatuaren kontrola. Hasierako asmoetatik beste urrats bat egin du aurrera Wertek, eta ikasgai batzuen curriculuma erabat kontrolatuko du estatuak. Gaur egun, honakoa da banaketa: Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak edukiaren %45 ezartzen dute, eta Espainiak, %55. Wertek orain hurrena proposatu zuen Hegoaldean %35 izatea eta Madrilen %65. Orain harago jo du. "Enborreko" ikasgaietan Espainiak izango du zeresana. Honakoak dira: Gaztelania, Atzerriko hizkuntza, Matematika, Gizarte Zientziak, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Geografia eta Historia, eta Latina. Erkidegoen eta ikastetxeen esku beste ikasgai batzuk geratuko dira; Erlijioa, Plastika, Filosofia eta Gorputz Heziketa, esaterako.

Amaierako azterketak izango dira DBH eta Batxilergoa amaitzean. "Enborreko" ikasgaiak sartuko dira horietan —estatuak zehaztuko dituenak—, eta "espezifiko" bat. Euskara horiek baino atzerago dago; "espezialitatekoa" izango da. Wert ministroak bileran atzera egin du, eta azkenean Euskara ere ebaluatuko dute azken azterketan. Madrilgo gobernuak izango du proba horiek zehazteko ardura.

3. Erlijioa. Elizaren aldarriari jaramon egin dio PPren gobernuak, eta arautu egin du Erlijioa ikasgaia nahi ez dutenek beste ikasgai bat eman beharko dutela: Balio Kultural eta Sozialak izeneko ikasgaia izango dute Lehen Hezkuntzan, eta Balio Etikoak, Bigarren Hezkuntzan. Erlijio ikasgaiko kalifikazioek ez dute balioko batez bestekoak egiteko, baina erabakigarri izango dira ikasturtea gainditu edo ez erabakitzerakoan. Herritartasunerako Hezkuntza eta haren ostean Wertek berak proposatutako Heziketa Zibiko eta Konstituzionala desagertu egingo dira.

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak