Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena

SAko sei legebiltzarkidetatik hiruren babesari esker Ibarretxeren Plana onartu du Eusko Legebiltzarrak

Arnaldo Otegi bozeramaileak iragarri bezala, SA Sozialista Abertzaleak taldeko hiru legebiltzarkidek (Otegik berak, Joseba Permachek eta Jon Salaberriak) Eusko Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren aldeko botoa eman dute, eta ondorioz Ibarretxeren Plana aurrera atera da Eusko Legebiltzarrean. 38 boz behar ziren gehiengo osoa erdiesteko, eta 39 batu ditu. Nolanahi ere, jarrera hori ez dela Estatutu berri proposamenaren aldekoa azaldu du Otegik, gatazka behin betiko konpontzeko prozesua abian jartzeko bultzada izan nahi duela baizik. Zehazki, aldeko hiru boto horien bidez Euskal Herriari, autodeterminazioari zein herri galdeketari, eta "gatazka gainditzeko prozesua zabalduko duen" akordio bati "bai" esan nahi diotela nabarmendu du. Bilkura amaitu eta berehala Zapaterori deituko diola agindu du Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, "negoziazio prozesua hasteko"
Otegi SAko hiru legebiltzarkidek proposamenaren alde bozkatuko dela iragartzen, eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria atzean.
Otegi SAko hiru legebiltzarkidek proposamenaren alde bozkatuko dela iragartzen, eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria atzean. Efe

Berria -

2004ko abenduak 30
Finean, =b aldeko 39 boto =b jaso ditu Ibarretxeren Planak (gehiengo osoa erdiesteko behar zituenak baino bat gehiago) eta =b kontrako 35 =b. Beraz, =b 74 legebiltzarkidek bozkatu dute =b, ihes eginda dagoen Josu Urrutikoetxeak ezik gainerako guzti-guztiek. Jaurlaritzako hiruakoak (EAJ, EA eta EB) eta SAko aipatutako hiru kideek bozkatu dute alde. PSEk, PPk eta SAko beste hiru legebiltzarkideek (Joseba Alvarezek, Jone Goirizelaiak eta Rakel Peñak) aurka. Kontrako hiru boto horiekin "interes partidistari, erreformari eta duela 25 urteko akatsak errepikatuko lituzkeen estatutuari" ezezkoa eman nahi izan diotela argitu du Otegik. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzaren Estatutu proposamena onartuta "aro politiko berri bat" hasi dela nabarmendu du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak osoko bilkurari amaiera emanez. Aro politiko horren garrantzia nabarmendu du, eta, beraz, Legebiltzarreko talde guztiei azaldu die laster haiekin guztiekin harremanetan jarriko dela garai berri hori nola kudeatu aztertzeko. Halaber, osoko bilkura amaitu eta segituan bi gauza egingo dituela agindu du Ibarretxek: batetik, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuari deituko diola Eusko Legebiltzarrak Estatutu berriaren proposamena onartu duela jakinarazteko eta, halaber, berehala negoziazio prozesu bat has dadila galdegiteko. Negoziazio prozesu horretara "jarrera guztiz irekiarekin" joango direla azpimarratu du Jaurlaritzako lehendakariak. =b SAren ezustekoa =b Dudarik gabe, SAren jarrerak sortu du ezustekoa Eusko Legebiltzarreko gaurko saioan. Otegik esan du ezker abertzalearen lehentasuna dela gatazka gainditzeko balioko duen prozesu bat martxan jartzea, eta beraz, eztabaida eta herritarrei hitza ematea ahalbidetuko duten bideak ez dituela eragotziko. Ildo horretatik, SAko legebiltzarkideak oroitarazi du Ibarretxeren Plana Legebiltzarreko batzordean eztabaidatzeko aukera beren abstentzioak eman zuela, eta, era berean, beren abstentzioari esker onartu zela diktamena edo Estatutu proposamenaren behin betiko testua. Hari beretik, gaur Planaren aldeko hiru boz emango dituztela iragarri du Otegik, eta babes boto horien bidez adierazi nahi dutena ere argitu du: alegia, "bai" esan nahi diotela "Euskal Herriari, autodeterminazioari zein herri galdeketari, eta gatazka gainditzea ahalbidetuko duen prozesu bat abiatzeari". SAk sei legebiltzarkide ditu une honetan —Josu Urrutikoetxea, zazpigarrena, ihes eginda dago—, eta hiruk alde eta beste hiruk aurka bozkatuko dutela iragarri du bozeramaileak. Kontrako hiru botoen bidez, "interes alderdikoiei, erreformari eta duela 25 urteko akats berak errepikatuko lituzkeen Estatutu berri bati ezetz" esan nahi diotela agertu du. =b Josu Urrutikoetxearen gutuna =b Hain zuzen ere, mintzaldiaren une batean Josu Urrutikoetxearen gutun bat irakurri du Otegik. Eskutitz horretan "ezker abertzale osoa" gatazka konpontzeko bideak zabaltzearekin engaiatuta dagoela eta bide horiek bultzatzeko prest dagoela berretsi du Urrutikoetxeak, Batasunak iragan azaroaren 14an Donostiako Anoetako belodromoan egindako proposamenarekin bat eginez. Indar guztiak eztabaidara esertzeko eta adostasunak lortzeko gonbita egin du sasian dagoen legebiltzarkideak, eta, halaber, "herri hitza emateko" galdegin du. =b Duela 25 urteko "akatsak" ez errepikatzeko eta gatazka gainditzeko deia =b Nolanahi ere, Otegik argi eta garbi utzi nahi izan du Ibarretxeren Plana aurrera ateratzea ahalbidetuko duten beren hiru botoak ez dituztela emango estatutu berri bat egiteko, gatazka behin betiko prozesua martxan jarri nahi dutelako baizik. Bide horretatik, kritika zorrotza egin dio EAJri, duela 25 urte, Gernikako Estatutua bultzatzean, "gatazkaren aldeko hautua" egin zuela egotzi baitio. "Metodo erratua planteatu zuen EAJk, batasun abertzale eta antifrankistaren ordez zatiketa bultzatu zuen. Dinamika horretan, Estatutu bat hitzartu zen, autodeterminazioari uko egin zitzaion eta lurralde zatiketa onartu zen. Areago, bazekiten proiektu politiko horren bidez gatazka politikoarekin elkarbizi beharko genuela, ez zuela gatazka politikoa konpontzen, baizik eta hldakoak, torturatuak eta errepresaliatuak zekartzala. Eta hala ere, hitzarmenaren ondorio gisa onartu zituzten", esan du Otegik. Hain zuzen ere, Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin bat eginez, une honetan atzera bueltarik ez duen aro politikoa abiatu dela iritzi dio SAko bozeramaileak, eta abagune horren aurrean bi aukera daudela nabarmendu du: duela 25 urte bezala gatazka iraunaraziko duen erreformaren alde egin, edo gatazka behin betiko konpontzeko bidea hartu. Ezker abertzalearen hautua gatazka gainditzea dela adierazi du; aldiz, Jaurlaritzaren Estatutu proposamenak, bere horretan, ez duela gatazka konpontzen. Hori dela eta, gatazka konpontzeko prozesua abian jartzeko deia egin du "inor baztertu gabe" eta "joko arauak" guztien artean adostuta. Otegiren arabera, joko arau horiek aukera politiko guztientzako baldintza berak bermatu behar dituzte, eta herritarren esku utzi behar du azken erabakia hartzea. Joko arau horiek onartzeko prest dauden galdetu die Eusko Legebiltzarreko gainerako indarrei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna