Berria.eus

Gizartea Iruñetik Gipuzkoa alderako AHT proiektua bazter utzi dute

Publizitatea

Gizartea

AZPIEGITURAK

Iruñetik Gipuzkoa alderako AHT proiektua bazter utzi dute

Gaur egun obretan dagoen zatia soilik izango da abiadura handikoa, Castejon eta Iruñea artekoa. Iruñetik Gipuzkoa alderako biderik ez dute egingo, eta Castejondik Espainia alderakorik ere ez. Egungo trenbide sareari beste bat erantsiko diote, Europako zabalerarekin.
AHTa egiteko lanak, Cadreitan, iaz. /
AHTa egiteko lanak, Cadreitan, iaz. / Lander F. Arroiabe, ARP

2013-05-10 / Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuak onartu du. Abiadura handiko trenaren egungo proiektua ez dute gauzatuko. Iruñea eta Castejon arteko zatian baino ez diote abiadura handiari eutsiko. Castejondik Espainiarako zatian, bai eta Iruñetik Gasteizkoarakoan ere, egungo trenbidea moldatu eginen dute, hirugarren errailaren bidez, Europako zabalerara moldatuz. Iruñea eta Euskal Y-aren arteko Gipuzkoa bitarteko lotura, beraz, bertan behera geldituko litzake. Epe motz eta ertainera, behintzat. Horixe zehaztu du Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarralukik, Nafarroako Parlamentuan. "Eusko Jaurlaritzak Ezkio-Itsaso bitarteko loturaren alde egiten du. Lanean ari gara, haiekin eta Espainiako Gobernuarekin. Madrilera joanen gara dauden alternatiben berri jasotzera. Ez dugu aukera hori bazter uzten, baina epe luzerako helburua da. 2024rako? nik zer dakit! zaila ikusten dut", erran du, Sustapen Batzordeko parlamentarien aurrean.

Abiadura handiko trenaren bidea, beraz, irla baten modukoa izanen da Nafarroako korridorean, Aralar-NaBaik, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta AHT Gelditu Elkarlanak azken asteotan aurreratu eta nabarmendu bezala. Proiektua moldatu eta gero, aurrekontua 1.200 milioi euro ingurukoa izanen dela erran du Zarralukik parlamentuan. Hasierako egitasmoarena, berriz, 4.000 milioi ingurukoa zen. Zarralukik argi utzi du proiektua aldatzeko arrazoia egungo egoera ekonomikoa dela, eta ontzat jo du hirugarren errailaren bidez proiektu hori moldatzeko urratsa. "Urrats garrantzitsua da".

Oposizioko taldeek iritzi ezberdinak agertu dituzte Zarralukik iragarritako aldaketen inguruan. PSNrentzat ez dira berri ona. Bilduko parlamentari Victor Rubiok, berriz, pozgarritzat jo du proiektu berriak dirua aurreztea. Hala ere, Castejon eta Iruñea arteko zatian abiadura handiari eutsi nahi izatea "zentzugabekeriatzat" jo du. Zer-nolako interesak dituzte UPNk eta Nafarroako Gobernuak hori egiteko?", galdetu du parlamentuan. Zarralukik ez du erantzun. Ezkerrak ere berri ontzat jo du proiektua bertan behera uztea. Aralar-NaBaik ere bai, eta zalantzan jarri du Castejon eta Iruñea arteko zati osoa eginen dutenik. PPNk aldaketak egoera ekonomikoak bultzatu dituela erran du.

 
Edurne Elizondo

Informazio osagarria

Publizitatea

Gizartea saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak