Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Bilboko ustezko erasotzailea espetxeratzeko agindu du epaileak

Publizitatea

Gizartea

GENERO INDARKERIA

Bilboko ustezko erasotzailea espetxeratzeko agindu du epaileak

Atzo okerrera egin zuen igandean eraso egin zioten andrearen osasunak, eta 12:35ean hil da. Elkarretaratzea egin dute Bilboko udaletxe aurrean, erasoa gaitzesteko.
Eguerdian Bilbon eginiko elkarretaratzea.
Eguerdian Bilbon eginiko elkarretaratzea. / Luis Jauregialtzo, ARP

2013-06-05 / Berria

Igande arratsaldean erasotako emakumea hil da gaur eguerdian, atzo arratsaldean haren osasunak okerrera egin ostean. Gaur goizean emakumearen egoerak ez du hobera egin, eta Basurtuko erietxeko iturriek BERRIAri baieztatu diote 12:35ean hil dela.

Andreak 29 urte zituen, eta jatorriz Nigeriakoa zen. Igande arratsaldean jasan zuen erasoa: gizon batek Zen4 gimnasiora indarrez sartu eta bortizki jo zuen. Ertzaintza bertara heldu zenean, emakumea konorterik gabe zegoen, hilzorian. Bertan suspertu behar izan zuten, erietxera eraman aurretik.

Ustezko erasotzailea, espetxera

Ustezko erasotzailea, J.C.A., 47 urteko gizonezkoa eta gimnasioaren jabea, gaur goizeko hamarretan eraman dute epailearengana, deklaratzera. Hura espetxeratzeko agindu du epaileak. Gorpuzkiak topatu zituzten haren etxean, eta ertzainei aitortu zien andre bat hil zuela. Poliziek ondorioztatu dute topatutako arrastoak emakume bakarrarenak direla.

Juan Kalparsoro EAEko Justizia Auzitegi Goreneko fiskalburuak esan du 30 urtetik gorako espetxe zigorra jaso dezakeela. "Biolentzia matxistaren erakusgarri da kasu hau, izan dituen ezaugarriak bereziki izugarriak izanda ere". Behin behinean espetxeratzeko eskatuko zuela Fiskaltzak aurreratu du.

Protestak atzo eta gaur

Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Bilboko udaletxeko atarian, erasoa gaitzesteko. Alderdi politikoetako ordezkariak izan dira bertan, eta adierazpen bat adostu dute udaleko taldeek. Protestan, Ibon Areso Bilboko jarduneko alkateak eskatu du "edozelako genero indarkeriarekin zero tolerantzia" izateko.

Bilkuran izan dira Bilboko Udaleko zinegotzi guztiez gain, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Goreneko presidentea, Juan Kalparsoro fiskalburua, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Patxi Lopez PSEkoa.

Atzo ere, ehunka lagun batu ziren atzo Bilbon eraso sexisten aurka protesta egiteko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak