Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Hamar biztanletik seik baino gehiagok euskara ezagueraren bat dute Gipuzkoa, Bizkai eta Araban

Publizitatea

Gizartea

HIZKUNTZA

Hamar biztanletik seik baino gehiagok euskara ezagueraren bat dute Gipuzkoa, Bizkai eta Araban

15.000 euskaldun gehiago zeuden 2011n, 2006ko datuen aldean.

2013-07-18 / Berria

Bi urte edo gehiagoko biztanleen %62,8k euskara ezagueraren bat zuten 2011n: Eustat Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, %3,3 igo da kopuru hori, 2006. urtearekin alderatuta. Euskararen ezagutza maila kontuan hartuta, bi talde bereizi ditu Eustatek: euskaldunak (euskara ulertu eta euskaraz hitz egiten dutenak) eta ia euskaldunak (ulermen maila ona edo ertaina izan arren, hitz egiteko zailtasuna dutenak). Euskaldunak 790.000 lagun lirateke, eta ia euskaldunak 542.000. 2006ko datuekin alderatuta, 14.400 euskaldun gehiago zeuden 2011n, eta 82.600 ia euskaldun gehiago.

2011n, Gipuzkoa zen euskaldun gehien zuen lurraldea (%53), gero etorriko lirateke Bizkaia (%31,2) eta Araba (%23,9). Ia euskaldunei dagokienez ere, lurraldeen hurrenkera bera da: Gipuzkoan lau pertsonatik hiruk dute euskara ezagueraren bat, bostetik hiruk Bizkaian, ta bitik batek Araban. Datu horiek 2006koekin alderatuz gero, Bizkaia da euskaldunen eta ia euskaldunen kopuruan igoerarik handiena izan duena (%3,9), jarraian Gipuzkoa (%2,6) eta Araba (%2,3).

Euskararen ezagueraren homogeneizazioa eta hedapena

Jaiotza, heriotza, mugikortasun geografikoak eta euskara irakaskuntzan txertatu izanak homogeneizatu eta hedatu egin dute euskararen ezaguera. Jaiotza eta heriotzen ondorioz, euskaldunen ehuneko murriztu egin da euskalde eta udalerri batzuetan, hil direnen hizkuntza gaitasuna handiagoa zelako. Horrez gain, 2006 eta 2011 artean erregistratu diren joan-etorri geografikoen eraginez (kanpo immigrazioa eta hiru lurraldeetako udalerrien arteko egoitza aldaketak) euskararen ezaguera homogeneizatu egin da Gipuzkoa, Bizkai eta Araban. Horrek, baina, alderantzizkoak diren bi ondorio ditu: batetik, euskararen maila igotzea ahalbidetu duela horren euskaldunak ez ziren udalerrietan, eta aurkakoa gertatu da euskara maila altuena zuten udalerrietan. Hizkuntza mugikortasunak —euskara irakaskuntza arautuan edo euskarazko berariazko hezkuntzan ikasi izanaren ondorioz— pertsonen hizkuntza gaitasuna handitu du, euskara ia zerotik edo hasierako mailatik ikasten hasi arren.

Euskaldun gehien dituzten lau eskualdeak Bilbo Handia (205.000), Donostia (139.000), Arabako Lautada (57.000) eta Urola Kosta (55.000) dira. Eustatek adierazi duenez, baina, hainbat desberdintasun hauteman ditu eskualdeen bilakaeran: Gipuzkoa, Bizkai eta Araba osatzen duten hogei eskualdeetatik erdietan handitu egin da euskaldunen ehunekoa, 2006az geroztik. Igoeraren datu deigarrienak Arabakoak dira: igoerarik handiena euskararen presentzia txikia duten eskualdeetan gertatu baita: Arabako Mendialdean (%3,1), Kantauri arabarrean (%2,1) eta Gorbeialdean (%1,8). Era berean, euskaldunen ehuneko murriztu den eskualdeen artean, Makina-Ondarroa (%2,1) eta Arabako Lautada (%1,8) gailentzen dira; gainerakoetan, murrizketa ehuneko bat baino txikiagoa izan da.

Donostia, euskaldunen ehunekoak gora egin duen hiriburu bakarra

Donostia da euskaldunen eta ia euskaldunen ehunekoa handitu den hiriburu bakarra, 0,2 eta 2 puntu, hurrenez hurren. Gasteizen, euskaldunen ehunekoa 2,2 puntu txikiagotu da, eta ia euskaldunen ehunekoa handitu (3,4). Bilbo, berriz, bi horien artean legoke: euskaldunen kopuruak behera egin du (1,3 puntu) eta ia euskaldunenak gora (4,3).

Zazpi biztanletik batek euskaraz bakarrik hitz egiten du etxean Gipuzkoa, Bizkai eta Araban. Gipuzkoa gailentzen da hiruen artean, lautik batek egin baitu euskaraz bakarrik. Ama hizkuntza bata edo beste izan, datuak aldatzen dira: Gipuzkoan lautik hiruk dute euskara ama hizkuntza; Bizkaian biztanleriaren %13ak du euskara ama hizkuntza, eta Araban, berriz, %4k. Bizkaian %9k egiten du euskaraz etxean, eta %3k Araban.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak