Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Itzaletik argira ateratzeko unea

Publizitatea

Ekonomia

Krisia Eurogunean

Itzaletik argira ateratzeko unea

Bere historiako atzeraldirik handiena gainditu berri du Europak, azkenik, baina susperraldiaren bidea iraunkorra izateko mehatxu eta arrisku ugari daude.

2013-09-08 / Ivan Santamaria

Sarritan errepikatzen den axioma da ekonomia munduan: atzeraldiak aurretik espero baino sakonagoak izan ohi dira, baina susperraldiak ere uste baino azkarrago gertatzen dira. Itxaropen hori du Europako Batasunak orain, bere historiako atzeraldirik luzeena gainditzea lortu duen honetan. Eutsi ahalko dio oraingoan hobekuntzari?

Bost urte igaro dira Lehman Brothesen erorketak krisiaren faserik gordinena martxan jarri zuenetik. Mundua finantza hondamendi baten ertzean egon izanak erorketa eragin zuen ekonomia errealean. Europako Batasuneko barne produktu gordina, esaterako, %5 baino gehiago hondoratzeraino iritsi zen urte batetik bestera. Gerra garaietan soilik ikusitako zerbait da.

2009. urteko gainbeherari Atzeraldi Handia deitu zitzaion. Erorketa handia izan zen, bai, baina ez zen gehiegi luzatu: bost hiruhilekoan iraun zuen. 2009. urteko udazkenerako atzeraldi teknikoa atzean utzi zuen Europak. Finantza sistema salbatzeko asmoz egindako ahaleginaren arrakasta ikusi zuten orduan Europako agintari nagusiek. Irteera iradokitzen ei zuten kimu berdeak bilatzea ariketa politiko bilakatu zen.

Okerrena atzean utzita, susperraldi azkar bat izatea zen itxaropena. Garaiko eztabaida nagusia zen irteeraren itxura, letra askotarikotan irudikatuta. Baikorrenek V itxurako susperraldia zuten amets. Alegia, erorketaren pareko susperraldi azkarra egotea. Uzkurrenek U itxurako bat aurreikusi zuten, hazkunde gutxiko bolada esanguratsu bat berriro ekonomia suspertu baino lehen. Errealitateak, ordea, aukerarik txarrena eskaini zuen: W. Hau da, atzeraldi baten ondoren susperraldi arin bat baino ez, berriro atzeraldian erortzeko.

Hamazortzi hilabetean iraun du gainbeherak. Apiril eta ekaina bitartean hondoa jo, eta hazkundera itzuli da Europa, barne produktu gordina %0,3 hazita eurogunean, eta %0,4 batasun osoan.

«Bigarren atzeraldi handi batean sartzen ari da Europa. Kasu honetan, bere buruari eragindakoa», idatzi zuen orduan Paul de Grauwe London School of Economics fakultateko irakasle eta ekonomialariak. Giro aldaketa ondo laburbildu zuen. Finantza krisia gainditzeko milaka milioi gastatzea defendatu ondoren, iturria itxi eta lehentasuna defizit publikoaren kontrolari eman zitzaion. Alemanian Angela Merkelen eta Frantzian Nicolas Sarkozyren bedeinkapena izan zuen norabide aldaketa. Austeritatearen aroa.

Krisi ekonomiko arrunta baino gehiago izan da Europarentzat, batasun proiektuaren izaera eta etorkizuna bera zalantzan jartzeraino. Proiektu politiko-ekonomiko nagusiak, euroak, sortzez zituen arrakalak bistan geratu dira. Grezian hasitako sutea Portugal, Irlandara eta Ziprera hedatu zen. Gillotinaren itzala hurbiletik ikusi dute Espainiak eta Italiak. Krisi existentziala, azken finean. Langabe kopurua %7tik %12ra igoarazi duen gainbehera eurogunean: 7,8 milioi langabe gehiago azken bost urteotan.

Oraingoan bai?

Aurreko urteetako eskarmentua gogoan, bigarren atzeraldiaren amaiera zuhurtziaz hartu dute agintari politikoek. «Krisia amaitu delako zorioneko mezuak ez hastea espero dut», esan zuen Olli Rehn EBko Ekonomia komisarioak, datua ezagutu bezain laster. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearen ustez, amaitu da euroaren geroa arriskuan jartzen zen garaia, baina krisi ekonomikoak bere hartan dirau.

Erakundeen aurreikuspenek ere zuhurtzia hori islatzen dute. Ez da hazkundeari indarrez helduko zaionik espero, ez, gutxienez, 2014. urtean. Bruselaren azken aurreikuspen ofizialak eurogunean barne produktu gordina %1,2 handitzea kalkulatu zuen. Are eta zuhurragoa da EBZ: hazkundea %1era mugatu du, asteon behera berrikusi ondoren.

Finantza merkatuen egoera lasaitu dela egia da. Asteon, urte bat beteko da Mario Draghik EBZren estrategia berria aurkeztu zuenetik, gastuak finantzatzeko arazoak izan zezaketen herrialdeen zor publikoa erosteko programan oinarrituta. Harrezkero, arrisku sariak eta interesak jaitsi dira, eta burtsetan gorakada adierazgarria gertatu da. Haatik, susperraldia geratzeko iritsi den edo ez argitzeko zenbait mehatxu ditu aurrez aurre Europak, barnean argitu beharrekoak batzuk, baina nazioarteko egoeraren menpe beste batzuk.

Barnean hiru fronte ditu irekita Europako Batasunak. Lehenbizikoa finantza sistemaren egonkortasuna da. Hala uste du, behintzat, NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Lehentasun nagusia, erakundearen ustez, bankuen balantzeak konpondu eta garbitzea da, kreditu iturria zabaltzeko. Egoera baretu arren, finantza sistemaren zatiketak bere horretan dirau: kreditua askoz ere garestiagoa da hegoaldeko herrialdeetan. Kreditu falta hori hazkundea trabatzen ari da herrialde askotan. Finantza sistema egonkortzeko asmoz, banku batasunaren proiektua abian du Europak, oraindik ere erabat definituta ez dagoena, eta EBZk proba berriak egingo dizkie garrantzi sistemikoa duten bankuei, gabeziak behin betiko azaleratzeko helburuarekin.

Bigarren frontea Grezia da. Euroaren krisia piztu zuen txinpartaren suak amatatu gabe jarraitzen du. Udan, hirugarren erreskate baten beharrari buruzko iritziak ugaritu dira, batez ere Alemanian. Ez litzateke aurrekoak bezain handia izango — 10.000 milioi euro aipatu izan dira —, baina dagoeneko herrialdeak duen krisi sozial eta politikoa areagotzeko arrisku bizia dago. Gainera, Portugal eta Irlanda erreskatearen laguntza programa atzean utziko duten edo ez erabaki beharko dute, eta Zipreren egoera argitu.

Hirugarren interes puntua tokikoa da, baina ondorio orokorrak izango dituena: Alemaniako hauteskundeak. Alemaniako gobernu kontserbadorea izan da Europak krisiari erantzuteko erabili dituen politiken arduradun eta bultzatzaile nagusia. Austeritatearen aldeko apustu argia egin du Angela Merkelek, Europa erdiguneko eta iparraldeko zenbait gobernurekin batera. Bide zorrotz hori apur bat lasaitu da azken urtean, baina Merkelen koalizioak berriro ere hauteskundeak irabazten baditu, Europaren estrategia aldatzea posible da, eta horrek beste herrialdeetan ere eragina izango luke. Momentuz, Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak Alemaniaren mezuarekin bat egin du, eta herrialdearen «hobekuntza» austeritateari zor zaiola ziurtatu du.

Barnean ez ezik, Europaren susperraldia ere nazioartean gertatzen ari diren mugimenduen menpe geratuko da, neurri batean. Sirian nazioarteko esku hartze militarra gertatzeak izan ditzakeen ondorioak dira azken buruhaustea, baina epe ertainera begira garrantzi handiagoa izan dezake goraldian dauden herrialdeetan hasi den zurrunbiloak.

Siria, Asia eta AEBak

Siriako egoera okertu izanak energiaren prezioetan eragina izan dezake. AEBetatik eraso azkar baterako prestakuntzek gora bidali zuten petrolio upelaren prezioa, 92 euro ingururaino. Azken hilabeteotan, igotzeko joera izan du petrolioak, eta Siriako gatazkak hori indartu du.

Aurrera begira, ziurgabetasun handia dago. Siria ez da, berez, petrolio ekoizle handi bat. 2.500 milioi petrolio upel ditu gordailuetan eta 400.000 inguru punpatzen ditu egunero (munduko 33. ekoizlea da). Alderatzeko, Libiak 45.000 milioi upeletik gorako erreserba frogatuak ditu. Siriako ekoizpena beste herrialdeek oreka ditzakete. Arriskurik handiena gatazka inguruko herrialdeetara zabaltzea litzateke. Ekoizpena baino gehiago, petrolioaren garraioak izango lituzke arazoak, esaterako, Iranek Ormuzko itsasartea blokeatzea erabakiko balu.

Gerra hotsak alde batera utzita, nazioarteko ekonomia AEBetako Erreserba Federalaren (Fed) erabakiei begira jarri da. Susperraldia indartzeko asmoz, ekonomiari diru merkea punpatzen aritu da Fed azken urteotan. Orain, hazkundeak berriro indarra hartu duenean, pizgarri horiek noiz eta nola erretiratu behar diren aztertzeari ekin dio.
Iturria ixteko aukeraren aipamen hutsak lurrikara txiki bat eragin du udan. Gorabidean diren zenbait herrialdetatik dirua erretiratzen hasi dira inbertitzaileak. Kapitalen irteera azkar horren eraginez txanpon ugarik balio galera esanguratsua izan dute, batez ere, Indian eta Indonesian. 1997an Asian gertatutako finantza krisiaren oroitzapen mingotsa berritu dute mugimendu horiek. Egoera ez da ordukoa bezain larria, baina, Txinan izan ezik, herrialde horien bultzada geratu eta hazkundea moteltzen hasi da.

Erreserba Federalaren estrategian berehalako aldaketak espero ez badira ere, oraingoz EBZk bere dibisa politikari eusteko asmoa duela berretsi du asteon Draghik. Diruaren prezioa bere horretan utzi du, baina, berriro ere, gehiago jaisteko atea zabalik utzi du, susperraldia oso ahula dela nabarmenduta.
Atlantikoaren beste aldetik etor daitezkeen ondorioak ere zaintzapean ditu.

Unean uneko mehatxu horiei oraindik ebatzi beharreko erronka bat gehitu dio Paul De Grauwek, krisia behingoz gainditzeko. Orain arte, anatema den zerbait. «Hobekuntza iraunkorra bakarrik izango da posible kreditu emaileek, batez ere Alemaniak, onartzen dutenean euroguneko hegoaldeak zor dizkien diru guztia ez zaiela itzuliko». Hori gabe egon liteke susperraldirik?

 

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria

Informazio osagarria

Publizitatea