Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Mari Puri Herrero: "Garai batean, emakumea eta artista izatea ia-ia bateraezintzat jotzen zen"

Publizitatea

Gizartea

Elkarrizketa

Mari Puri Herrero: "Garai batean, emakumea eta artista izatea ia-ia bateraezintzat jotzen zen"

1963an lehen erakusketa egin zuenetik, ibilbide luzea egin du Herrerok, baina ez du artearekin harritzeko gaitasuna galdu; oraindik interesatzen zaio ikusten duen guztia, eta, dioenez, "begiak zabaldu eta ingurura begiratzea sekulako festa da".
Muri Puri Herrero bere estudioan.
Muri Puri Herrero bere estudioan. Juanan Ruiz / Argazki Press

2013-09-15 / Gotzon Hermosilla

Herri txikia da Menagarai, Arabako Aiala eskualdean, Artziniega eta Amurrioren arteko bidean, naturaren erdi-erdian, larrez eta zuhaitzez inguratua. Bertan hartzen du atseden Mari Puri Herrerok (Bilbo, 1942) hiriaren zurrunbilotik bere burua bakandu nahi duenean. Atsedena ez ezik, inspirazioa ere bilatzen du inguruko soro eta zuhaiztietan. Urtearen erdia han ematen du; beste erdia, Madrilgo kale arte zabalean murgildua.

Euskal artistarik nazioartekoenetako bat da Herrero. Jende askoren akorduan, margolari bilbotarraren izena Marijaiaren irudiari loturik agertzen da beti, baina injustua litzateke Herreroren ekarria Bilboko Aste Nagusiaren ikonora mugatzea, 50 urteko ibilbide oparoak frogatzen duenez. Denborak esperientzia, jakintza eta ikuspegi irekia eman dizkio, baina ez dio bide berriak topatzeko gogoa amatatu, eta etengabeko bilaketan jarraitzen du, datorren urteko martxoan Madrilen, Alvaro Alcazar galerian, irekiko duen erakusketa berria gogoan.

Nolakoa izan zen Mari Puri Herreroren haurtzaroa?

Bilbo, garai hartan, oso hiri goibela zen, pizgarri askorik gabea. Baina niri gustatu egiten zitzaidan. Azken urteotan egin dituzten aldaketen kontra ez nago, baina Bilbo hark ez zuen gainerako hirien antzik: itsasadarraren mugimendua, altxatzen ziren zubiak, labe garaien isla... Labe garaiak, esaterako, kutsaduraren aldetik astakeria galanta izango ziren, baina, ikuskizun gisa, bikaina zen. Bilbo hiri bakana zen. Noski, handitzen zinenean eta beste gauza batzuk bilatzen hasten zinenean, konturatzen zinen alde horretatik ezer gutxi zegoela. Ikasketak Zallako barnetegi batean egin nituen, eta hango giroa ere nahiko goibela zen.

Noiz izan zenuen lehenengo kontaktua artearekin?

Zaletasun hori beti izan dut. Ez dut gogoratzen noiz hasi nintzen koloreekin jolasten. Liburu guztiak marrazkiz betetzen dituztenetakoa nintzen ni.

Hamalau urterekin arte eskoletara joaten hasi zinen, ezta?

Bai. Esan dudan bezala, neguan Zallako ikastetxe batean egoten nintzen, barneko ikasle, eta udan, berriz, Donostiara joaten ginen. Han, Ascensio Martiarenarekin egin nuen kontaktua. Eskola haietatik oso oroitzapen ona gordetzen dut. Martiarenak askotan aipatzen zituen Parisen egon zeneko kontuak, eta, jakina, kulturalki hain pobrea zen Bilbo hura ezagutzen genuenontzat sekulakoa zen Parisen margotzen egondako artista bat ezagutzea.

1958tik 1962ra Madrilen egon zinen ikasten. Gero Amsterdam, Paris... Garai hartan, artista batentzat ezinbestekoa zen kanpora ateratzea arrakasta izatekotan?

Niretzat, behintzat, bai, inolako dudarik gabe. Bilbon ez zegoen ezer: zineklub bat, gehienez ere. Eta gauzak ikusteko irrika sortzen zaizunean, eta, batez ere, gauza horiek gerturik ezagutzekoa, ezinbestekoa da kanpora joatea.

Madrilen nolakoa zen giroa?

Jende askorentzat, Madril zen ikusi beharreko lekua, eta hara jotzen zuten. Madrildarrak, berriz, ez ziren hainbeste. El Paso taldea orduan ari zen lehenengo urratsak egiten. Bazegoen kontu bat niri gustatzen ez zitzaidana: bazirudien antzinakoaren eta modernoaren artean hautatu behar zela. Modernoen artean, esaterako, museoetara joatea gaizki ikusita zegoen. Horrek nahigabetzen ninduen, niri garai guztietako artea asko gustatzen zaidalako. Amsterdamen, berriz, ez zen horrelakorik gertatzen.

Zergatik joan zinen Amsterdamera?

Ikusi nuen Alemanian, Herbeheretan, Belgikan eta inguruko herrialdeetan bazegoela grabatzaile ere izan ziren margolarien tradizio handia, eta hori asko interesatzen zitzaidan. Baina han ez zegoen tradizioaren eta modernitatearen arteko gatazka hori. 1966an joan nintzen, eta gogoan dut Amsterdamgo udal museoan Ameriketako Estatu Batuetako artista berrien erakusketa bat egon zela negu osoan: [Jackson] Pollock, [Roy] Lichtenstein, New Yorkeko eskolako guztiak eta abar. Baina, aldi berean, museo horretan edo ingurukoetan antzinako pintoreen lanak ere erakusten zituzten. Nik ez dut sinesten modernoaren eta tradizioaren arteko banaketa horretan. Argi dago orain ezin dela Vermeer-en moduan pintatu ofizio hori galdu delako, baina, konturatzen bazara, artistek beti eutsi diote garaian garaiko beren ikuspegiari.

Inoiz esan duzu Bilboko Arte Eder museoa umetan ezagutu zenuela eta oso zeure sentitzen duzula museo hori.

Bai, garai hartan Bilbon zegoen gauza apurretako bat zen Arte Eder museoa, eta emozio handiz gogoratzen dut parkera joaten nintzela neba-ahizpekin eta, pinturarekin zerikusia zuen guztia gustatzen zitzaidanez, museora sartzen nintzela, neu bakarrik. Amak pezeta bat ematen zidan, sarrerak horixe balio baitzuen, eta ni, sokan aritu beharrean, hara sartzen nintzen. Huts-hutsik egoten zen. Zaintzaileak nire atzetik etortzen ziren aretoz areto. Oso zirraragarria zen.

Gauzak oso desberdinak dira orain. Badirudi museoak halako lehia zoro batean sartu direla, zeinek jende gehiago erakarriko.

Orain antolatzen dituzten egitarau pedagogiko horien aldekoa naiz, noski. Horiei esker, bestela museoa sekula ezagutuko ez luketen ume asko hara joaten dira, eta askotan, Arte Eder museoko kafetegiko jendeak kontatzen didanaren arabera, ume horiek gurasoak eramaten dituzte asteburuan museoa ikustera. Baina nire esperientzia oso bestelakoa izan zen. Neu bakarrik areto huts horietan barna joanda, niretzat museoak misterio handia gordetzen zuen, eta seguru asko ez zitzaidala hain misteriotsu irudituko ume multzo baten barruan joan izan banintz.

Zure lehenengo erakusketa 1963an egin zenuen, eta nahiko iskanbilatsua suertatu zen, poliziak itxi egin zizulako, ezta?

Bai. Brigada politiko-sozialekoak etorri zitzaizkidan galdezka: «Eta hemen agertzen diren gizon hauek nortzuk dira? Eta zergatik daude horrela?». Apur bat ohikotik ateratzen zen guztia berehala susmopean sartzen zen. Horrek erakusten du zelako giroa zegoen. Suposatzen zen artean hasiberria zen neskato batek bodegoiak, loreak eta antzekoak pintatu behar zituela, eta hori egin ezean, zerbait arraro zegoela pentsatzen zuten. Inaugurazioaren egunean erakusketa ixteko agindu zuten, baina hurrengo egunean berriz zabaldu zuten.

Zure margo batzuetan Bilboko Albia lorategiak, Mazarredo kalea, Kale Nagusia eta abar agertzen dira. Zure umezaroko paisaiak, agian?

Ni Rekalde zumardian jaio nintzen, hango etxe modernistan. Beraz, alderdi horiek ondo ezagutzen ditut. Nik beti izan dut Bilboren ikuspegi hori, grisa izanagatik ere, atzean mendiak ikusten zirela. Edo [Arte Eder] museotik aterata, itsasadarrak egiten zuen bihurgunearen ikuspegia zoragarria iruditzen zitzaidan. Jakina, hori guztia aldatu da, edo desagertu da, baina nik ikuspegi hori gorde dut.

Paisaiak askotan agertzen dira zure margoetan. Baserri giroko paisaiak, baina baita hirietakoak ere.

Alde biak gustatzen zaizkidalako. Naturak indar handia dauka, baina hiriak ere maite ditut.

Eta paisaia horietan, landa girokoak zein hirietakoak izan, gizakiak agertu ohi dira

Ez dut aldez aurretiko teoria askorekin jokatzen. Nik asko marrazten dut, eta pentsatzetik marraztera oso berehalakoa izaten da dena. Gero bai, horretaz hausnartuta, gauza batzuetaz konturatzen zara.

Kritikariek esaten dute bilakaera bat dagoela zure ibilbidean, hasierako arte figuratibotik kontzeptu abstraktu eta lausoagoetara, ikuspegi figuratibo hori inoiz galdu gabe. Batzuek "errealismo magikoaz" ere egiten dute berba. Ez dakit ados ote zauden edo horiek guztiak kritikarien kontuak ote diren.

Nik uste dut arte guztiak abstrakzioak direla, lerroekin eta koloreekin jokatzen den neurrian. Egia da denborarekin lanbidea hobeto menperatzen duzula. Esan dizudan moduan, asko marrazten dut, eta gustatzen zait sentsazio hori, pintzelarekin aritzea idazten egongo banintz bezala. Baina gaia beti interesatzen zait. Gustatzen zait gauzak beren kasa atera daitezela, jario baten moduan, baina horrek ez du esan nahi ateratzen den guztiak balio duenik, bai baitakit zer bilatzen dudan, eta momentu guztietan dakit ateratzen den hori bilatzen dudana den ala ez den.

Batzuetan, adituek kontrajarri egin dituzte lan egiteko zure moldea eta 1960 eta 1970etako hamarkadetan euskal artean nagusi izan ziren joerak, Oteiza, Ibarrola edo Basterretxearenak.

Nik inoiz pentsatu dut horretaz, eta uste dut hori belaunaldien kontua dela. Aipatzen dituzun horiek taldeak sortu eta manifestuak egiteko joera izaten zuten. 1940ko hamarkadan jaio garenon belaunaldian, berriz, gure artean kasu askotan harreman bikaina izan dugun arren, ez gara izan talde eta manifestu zaleak. Eta hurrengo belaunaldian, aldiz, berriro agertzen dira manifestuak. Ez dakit. Nik uste dut artea oso pertsonala dela. Hori da nire iritzia, niri balio didana; beharbada beste norbaitek lehenetsiko du taldea edo multzoa, eta hori ere zilegi da.

Zer ematen dizu grabatuak, pinturak ematen ez dizuna?

Txikitatik beti gustatu zaizkit liburuetako irudiak. Asko erakartzen ninduten. Grabatua zer zen eta nola egiten zen ikasi nuenean, ikusi nuen hori asko gustatzen zitzaidala. Beste aldetik, materiala lantzeak ere erakartzen nau. Grabatuan ez ezik, gainerako arteetan ere horrek berebiziko garrantzia du. Txillidak, esaterako, badu meritu hori: landu dituen material guztiak, izan alabastro, brontzea edo harria, zein bere modura landu ditu beti. Ez da gauza bera kobrea urratzea eta paperaren gainean tinta isurtzea. Grabatuen emaitza gustatzen zait, baina lanbidea ere bai.

Hamaika aldiz galdetu dizute Marijaiaren sorreraz.

Bai, eta hamaika aldiz kontatu dut garai errepikaezin horretan eskatu zidatela eta, berez, urte hartarako kontua zela eta ez zegoela hura iraunarazteko asmorik.

Eta, hala ere, iraun egin du, eta festaren ikur nagusi bilakatu da. Zertan datza Marijaiaren arrakasta?

Ez daukat ideiarik ere. Asko harritzen nau, oso azkar egin behar izan nuelako.

Festazalea zara?

Batere ez. Lasaitasuna eta isiltasuna gustatzen zait, nire estudioan lan egitea. Aste Nagusian beti egiten dut osteratxo bat, jendea ikusteagatik, batez ere.

Marijaia urtero erretzen dute, eta urtero birsortzen da. Nolakoa da prozesu hori?

Bai, erretzen denez, urtero egin behar da berria. Aurpegia nik pintatzen dudan arren, azken urteotan Toño Valdiviesoren laguntza izan dut lana aurrera ateratzeko, ordu asko sartu behar baitira. Baina oraindik eramaten dut Marijaia berria egiteko prozesuaren kontrola.

Euskadi literatur sariaren oroigarria ere zeuk egindakoa da. Horrelako lanak enkargu hutsezkoak dira, edo artea gizarteratzeko modu bat izan daitezke?

Ez dut uste arteak museoetan itxita egon behar duenik. Beti egongo da jende gehiago San Mamesera joateko edo txikiteoan aritzeko margolan bat ikustera joateko baino. Baina aukeraren bat baldin badago artea beste norabait eramateko, ez zait txarto iruditzen.

2011n, Donostiako Arteko galerian antolatutako erakusketa batean hartu zenuen parte. Arts attack zen horren izenburua, eta xedea, emakume sortzaileen lanak ikusgarriago egitea. Arlo honetan ere gutxiagotzat hartzen dute emakumeen lana?

Gizartearen gainerako arloetan bezala. Egia da asko aurreratu dela, garai batean emakumea eta artista izatea ia bateraezintzat jotzen baitzuten. Gogoan dut ezkondu nintzenean, 1969an, jende askok esan zuela pintatzeari utziko niola. Niri burutik ere ez zitzaidan pasatu horrelakorik, baina jende askok uste izan zuen ezkonduz gero pintatzeari uztea zela normalena.

Hain ibilbide luzearen ostean, nola egiten da ilusioa mantentzeko eta gauza berriak probatzeko gogoa pizturik iraunarazteko?

Ez dakit nola egiten den, ez daukat horren formularik, baina egia da horixe dela gauzarik eskergarrienetako bat. Segitzen dut gauzak egiten, ezabatzen ditut gogobetetzen ez nautelako, berriro egiten ditut, berriro ezabatu... Hori mantentzen dut. Denborarekin gauza batzuk galtzen dituzu, eta beste batzuk irabazi: orain, adibidez, lehen baino kontzentrazio gaitasun handiagoa daukadala uste dut. Errutina bilakatuko balitz, utziko nuke. Oraindik asko interesatzen zait ikusten dudan guztia: begiak zabaltzea eta ingurura begiratzea sekulako festa da.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak