Berria.eus

Gizartea Izaskun Iantzi: "Hogei urtean isilarazi nahi izan dute tortura"

Publizitatea

Gizartea

tortura

Izaskun Iantzi: "Hogei urtean isilarazi nahi izan dute tortura"

Gaur bete dira hogei urte Gurutze Iantzi Guardia Zibilaren esku hil zela, 30 orduz atxilotuta egon ostean. Izaskun Iantzi ahizpak Euskadi Irratian salatu du erakundeen aldetik ez dutela inolako aitorpenik jaso. Mahai ingurua izango da arratsaldean, Urnietan (Gipuzkoa).
Gurutze Iantziri egindako omenaldia, gorpua Urnietara iristean. /
Gurutze Iantziri egindako omenaldia, gorpua Urnietara iristean. / BERRIA

2013-09-24 / Berria

Gurutze Iantziren ahizpak Euskadi Irratian gogoratu du gaur goizean hura atxilotu zuteneko gaua. Aurretik Julen Irastorza haren senarra atxilotu zuten, eta ahizpa atxilotu ostean gau horiek beldurrez bizi izan zituela esan du Izaskun Iantzik. Gaurko egunez telegrama bat jaso zuten etxean, eta han jakinarazi zieten atxiloturik zegoela hil zela Iantzi. 30 orduz izan zuten atxilotua. Telegrama jaso zuteneko amaren negarrak eta oihuak gogoratu ditu Iantzik.

"Gurutzerekin zer gertatu zen jakin nahi duenak harekin atxilotuta zeudenak entzutea besterik ez du", azaldu du Euskadi Irratian Iantzik. Esan du zalantzarik ez dagoela ahizpa torturen ondorioz hil zela, baina hogei urtean tortura "isilarazi" nahi izan dutela gaineratu du, eta ez dutela errealitate hori azaldu nahi izan.

Julio Iglesias Zamora Adarra mendiaren inguruetan zegoelakoan, hogei lagun atxilotu zituzten 1993ko iraileko egun horietan. Ondoren, Espainiak berak aitortu du, ordea, Iantzi ez zela ETAko kide, HBko militante soila baizik. Izaskun Iantzik zenbait komunikabidek orduan izan zuten jarrera deitoratu du, Poliziaren bertsioa jasoz: bihotzekoak eman ziola eta heriotza "naturala" izan zela. "Horrek asko mindu ninduen", esan du. 31 urte zituen Iantzik, eta lodi zegoela, arnasketa arazoak zituela eta halakoak esanez jantzi zuten bertsio hori poliziek eta gobernuak.

"Ez nazazue gehiago jo" oihuak ziegan

Iantzi eta Irastorzarekin batera atxilotu zuten Karmele Urbistondo. Irastorzarekin egin zuen topo ziegan Urbistondok: "Oihuak entzuten genituen, pertsona batenak. Gurutzerenak zirela konturatu ginen: 'Ez nazazue gehiago jo, ez nazazue gehiago jo'. Eta handik gutxira halako urduritasun orokor bat: jendea korrika, ahotsak, tentsioa... Bat-batean, gurpil aulki moduko bat ikusi genuen kalabozoko atearen azpialdeko kangrejotik".

Ez zekiten Iantzi ere atxilotua zutela, baina ibilkeragatik ezagutu zuen Urbistondok. "Eta horren ostean, bat-batean bukatu ziren tortura saioak eta galdeketak", gogoratu du Urbistondok BERRIAn. Iantzirekin batera atxilotutakoen tortura salaketak dira Guardia Zibilaren egoitzan gertatuaren lekuko —ospitalera ere eraman behar izan zuten haietako bat, Mari Jose Lizarribar, ubelduz josita—.

Gaur, mahai ingurua Urnietan

Iantziren heriotzaren 20. urteurrenean, aurreko astean omenaldia egin zioten Urnietan (Gipuzkoa), jaioterrian. Denbora horretan estatuaren edo beste erakundeen aldetik aitorpenik ez dutela jaso gaineratu du Izaskun Iantzik irratian. Gaur Egiari Zor fundazioak mahai inguru bat egingo du Urnietako Lekaio kultur etxean, 19:30ean.

Mahai inguruan izango dira Marina Bidasoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren zuzendaria, Maribel Bakero Urnietako alkate eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordeko presidentea, Karmen Galdeano Egiari Zor fundazioko kidea eta Gurutze Iantziren senideak.