Berria.eus

Gizartea Giza kate erraldoia egingo dute Gasteizen, epaiketen aurka "pausoa emateko"

Publizitatea

Gizartea

Epaiketak

Giza kate erraldoia egingo dute Gasteizen, epaiketen aurka "pausoa emateko"

Urtarrilaren 25erako egin du deialdia Gasteizko Harresia mugimenduak, eta Justizia Auzitegia, Eusko Legebiltzarra, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza, udaletxea eta Foruen plaza lotu nahi dituzte giza katean.
Giza katea osatzeko deia, gaur.
Giza katea osatzeko deia, gaur. / Gasteizko Harresia

2013-12-04 / Berria.info

3.000 lagun elkartzeko erronka jarri dute Eman Pausoa dinamika abian jarrita; 3.000 metroko bidea bete nahi dute. Hauxe eskatuko diete giza katean lotuko dituzten erakundeei: epaitegiei, "salbuespen legediak eta auzitegiak" bertan behera utzi eta torturaren aurka egiteko; legebiltzarrari, "salbuespen politika horiek" ez aplikatzeko; udalari, gaisteiztarrak babesteko; eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari, eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko.

Baina herritarrentzat berentzat ere badute mezua: "Geure buruari esango diogu geurea dela erantzukizuna, herritar xumeona". Horregatik, giza kate "koloretsua" osatzera deitu dituzte guztiak. Bide horretan laguntzeko, webgune berria ere aurkeztu dute: Gasteizkoharresia.com. Izena emateko aukera izango da hor, besteak beste.

48 gasteiztar, epaiketaren zain

Goizean egin dute agerraldia Gasteizko hainbat herritarrek, eta horien artean ziren asteotan Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren hainbat lagun ere. Gainera, gogoan izan dituzte Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou gazteak ere, urriaren 14an hasitako epaiketara agertu ez zirenak.

26/11 eta 35/02 sumarioetako auzipetuak ez dira, ordea, Auzitegi Nazionaletik igaro zain dauden gasteiztar bakarrak. Jakinarazi dutenez, beste 48 lagun ere epaituko dituzte datozen hilabeteetan. "Bidegabekeria hauek iragan bilakatu nahi ditugu".

 

Publizitatea