Foro Sozialaren aholkuak bere egin, eta urrats gehiago iragarri ditu EPPK-k

Presoen etxeratzea. "Ontzat eman dezakegu gure etxeratze prozesua [...] lege baliabideak erabiliz gauzatzea, zigorraren onarpena dakarren arren".

Eragindako mina. "Gure jarduera politikoaren ondorioz gatazka politikoan izandako ondorioekiko erantzukizun osoa onartzen dugu".

Konpromisoa. "EPPK-k ez dio bere ardurari itzuri egingo, ez eta bestek zer egiten duten zeharka begiratuko berari dagozkionak egiterakoan".

Berria -

2013ko abenduak 29

Martxoaren 14an eta 15ean Iruñean eta Bilbon Bake Prozesua Indartzeko Foro Soziala egin zuten, eta foro hartatik eratorritako ondorioak eztabaidagai izan ditu EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bere hausnarketa prozesuan: “Konponbide prozesua lokaztu ez dadin, EPPK-k dagokion ardura hartu du bere gain”.

EPPK-k “ontzat” eman du presoen “etxeratze prozesua —Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbestez—, lege-baliabideak erabiliz gauzatzea”, horrek “inplizituki zigorraren onarpena” dakarren arren.

Prozesu hori “egitasmo orokor baten baitan, modu mailakatuan, konpromiso indibidualarekin eta denbora zuhur batean” gauzatzeko aukera aztertu eta jorratzeko prest azaldu da Euskal Preso Politikoen Kolektiboa.

Eragindako oinazea “zinez” aitortzen du EPPK-k. eta preso bakoitzaren erantzukizuna aztertzeko prest azaldu da, “baldintza eta bermeak dituen prozesu adostu batean”.

Foro Sozialean bildutako gomendioen artean bosgarrenari erantzuten dio horrela EPPK-k. Puntu horren arabera, presoen eta iheslarien itzultze prozesua “lege baliabideak erabiliz” gauzatu beharko litzateke, “era mailakatuan, banaka eta zentzuko denbora-tarte batean gauzatu behar dela onartuz”.