euskal presoak

Erkorekaren ustez, presoek "ez dituzte betetzen" banakako bergizarteratzeko konpromisoak

Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, ezker abertzaleak "zerbait gehiago" egin dezake pauso hori gauzatzeko bidean.

Berria -

2014ko uztailak 5

Josu Erkorekak Europa Press berri agentziari emandako elkarrizketan adierazi du presoek ez dutela "agindutakoa" betetzen, ez bergizarteratzeari dagokionez, ezta espetxeetako legedia onartzeari dagokionez ere. "Baldintzak betetzen dituenak" behin-behineko askatasuna lor dezakeela gaineratu du.

Presoen konpromisoez gain, Espainiako Gobernuaz ere mintzatu da. Haren iritziz,  espetxe politikaren arloan ez ditu "esperotako pausoak eman". Ezker abertzalearen aldetik, berriz, esan du ez dagoela eskaera "argi eta sendo bat", presoei bide horretan aurrera egiteko eskatzeko: "Ezkutuan egiten duten edo ez, ez dakit, baina publikoki ez zaie ikusten jarrera zorrotz bat hartzen".

Horiek guztiek ez ezik, "mundu guztiak egin dezake gehiago", Erkorekaren iritziz. Uste du Jaurlaritzak ez diola "mugitzeari utzi", baina beti "bakerako eta elkarbizitzarako planeko parametroen barruan". "Ez gara gelditu, baina ez dugu inor engainatu; argi utzi dugu mundu guztiaren aurrean zein izango zen guk jarraituko genuen bide orria".