Esku hartzeko eskatu dio Abbasek nazioarteari

 

Berria -

2014ko uztailak 8

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak, Mahmud Abbasek, gaitzetsi egin du Israelek bart Gazaren aurka abiatutako operazio militarra, eta berehala geldiarazteko eskatu dio Israeli.

Nazioarteko buruzagiei ere laguntza eskatu die Abbasek, "eskualdeko hodamendia eta ezegonkortasuna handitzeko" soilik balioko duen operazioa geldiarazteko. Arabiar estatuetako buruzagiei ere egin die deia Abbasek, Tel Avivi "presio" egiteko galdeginez.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ordea, dagoeneko ohartarazi du operazioa "luzea" izango dela, eta Hamasi egotzi dio hura hasi izanaren erantzukizun osoa. Bide batez, nazioarteko agintariekin harremanetan jarri da Israelgo gobernuburua, operazioa babes dezatela eskatzeko.