euskal herria

Aranalde: "Guk urrats bat aitzinera egiten dugunean, haiek errepresioarekin erantzuten dute"

EIPK-ko mintzaidea gauez askatu dute Soto del Real kartzelatik, ordainetan bermerik eskatu gabe. Hilaren 17an atxilotu zuten, Baiona inguruan. Astean behin aurkeztu beharko du epailearen aitzinera, sinatzera, eta ezingo da atera Espainiako Estatutik.

Jokin Aranalde bart gelditu da aske.
Jokin Aranalde bart gelditu da aske. Angel Calvo / EFE

Berria -

2014ko uztailak 30

Jokin Aranalde gauean utzi dute aske, eta goizaldean iritsi da Ibarrara (Gipuzkoa). Info 7 irratian egindako adierazpenetan, esan du "emozio asko" sortu zaizkiola itzuleran, eta "ederra eta bikaina" izan dela. Gogoan izan ditu espetxean geratu direnak ere.

Horrekin batera, "biziki" eskertu du "mugimendu politiko eta sozial zabalaren elkartasuna". Azaldu duenez, iheslarien ordezkaritzak "lan isila baina handia" egin du. "Ipar Euskal Herrian babesa topatu dut maila guztietan; hitz onak besterik ez dut".

Atxilotu zuten unea ere gogora ekarri du. Atxiloketa "bortitza" izan zela oroitu du; Baionatik Espainiara eraman zutenean jasotako tratua, berriz, "zuzena" izan zen. Soto del Real espetxean egon den bitartean, bakarturik eduki dute. Hiru gizonezko zeuden egoera horretan. "Ordu gutxi egin ditugu elkarrekin, baina harremanak oso sakonak dira kartzela barruan".

Azken atxiloketaren aurretik, iazko ekainaren 24an atzeman zuen Aranalde, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ekainaren 15ean egindako Herria Dugu Arnas ekitaldiaren ondotik, Espainiak egindako euroagindu eskari bat zela medio. Aranalderen arabera, "bistakoa" da erabaki politiko bat izan zela, "eraso politiko bortitz bat". "Guk egindako urratsa benetan ausarta, eraikitzailea eta irekitasun guztiarekin egindakoa izan zen. Guk urrats bat aitzinera egiten dugunean, haiek errepresioarekin erantzuten dute".

Salatu du epaiketa "fartsa bat" izan zela. Euroagindua onartzea "prozesuaren aurka zihoan erabaki politiko bat" zela iritzita, intsumisioa hautatu zuen.