Euskal presoak

EPPK-k auzitara joko du, sakabanaketa amaitu dadila eskatzeko

Sakabanaketaren 25. urtemugaren karietara ohar bat kaleratu du, eta herritarrei dei egin die mobilizatzen jarraitzeko

Presoen egoera salatzeko, espetxe baten aurrean eginiko ekimena.
Presoen egoera salatzeko, espetxe baten aurrean eginiko ekimena. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Berria -

2014ko irailak 23

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek Espainia eta Frantziako auzitara joko dute Euskal Herriko espetxeetara hurbildu ditzaten eskatzeko. Nork bere espetxeko zuzendaritzaren ezezkoa jaso ostean, erabaki horren aurkako helegitea jarriko dute presoek, EPPK-k BERRIA-ra bidalitako ohar baten jakinarazi duenez.

Euskal presoen sakabanaketaren 25. urtemugaren karietara ohar bat kaleratu du EPPK-k. Erabaki horren berri emateaz gain, herritarrei dei egin die euskal presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko.

Martxoan hasi ziren EPPK-ko kideak banakako eskaerak egiten; ekainean hasi eta uda osoan zehar aritu dira ezezkoak jasotzen, eta denek erantzun berbera jaso dute. Presoek euren etxeetatik gertuen dagoen espetxean egotea “oinarrizko eskubidea” dela argudiatu zuten EPPK-ko kideek.

Mezua EAJri

Sakabanaketaren hasieraren 25. urtemugarekin bat, EPPK-k azpimarratu du neurri horrek bilatzen zituen helburuak  “porrot” egin dutela. Neurri hori noiz, nola eta zergatik sortu zuten gogoratu du, eta gaineratu oraindik ere indarrean mantentzeak xede bat baino ez duela: herritarren artean «etsipena hedatzea» eta «prozesu politikoa errailetik aztertzea». Horren harira, EAJri galdetu dio duela 25 urte egin bezala, gaur egun ere “bedeinkatzen” jarraitzen duen edo ez euskal presoen sakabanaketa.

Aldiz, euskal gizarteak neurri horren aurka agertu duen jarrera txalotu du, eta egun “inoiz baino indar handiagoa duela” azpimarratu, Urtarrilaren 8an Bilbon eta ekainaren 14an Baionan eginiko manifestazio jendetsuak gogoratu ditu EPPK-k.

Era berean, sakanabaketak eragindako “zauri eta sufrimenduak” salatu ditu.