Barne Produktu Gordina

Aberatsagoak (estatistikari esker)

Kontuen eguneratzeak 1.377 milioi euro gehitu dizkio iazko EAEko barne produktu gordinari. 740 milioiko ekarpena egiten diote legez kanpoko jarduerek ekonomiari.

Ertzaintzak sarekada batean atzemandako heroina eta kokaina. /
Ertzaintzak sarekada batean atzemandako heroina eta kokaina. / Miguel Toa/EFE

Ivan Santamaria -

2014ko irailak 27

Eurostatek aginduta, BPG barne produktu gordina kalkulatzeko modua eguneratzen ari dira estatistika erakundeak. Gaur, eragiketaren berri eman du Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek. Horren ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia orain arte kalkulatzen zena baino handiagoa da. Alegia, BPGa handitu da.

Hainbat elementu aintzat hartu behar izan ditu Eustatek kalkulua eguneratzeko. Legez kanpoko jarduerek eman dute zeresan handiena. Eurostatek argi utzi du sistema berrian, ESA-2010 izenekoan, horietako batzuen eragina zenbatu behar dela. Adibidez, droga salerosketa, prostituzioa eta tabako kontrabandoa. Eurostatek jarritako baldintza bakarra da eragiketa horietan alde guztiak ados egotea. Esaterako, lapurreta bat ez da eragiketa ekonomiko bat, baina bai kaleko droga salmenta bat.

Eustatek neurtu du legez kanpoko jardueren ekarpen hori. Emaitza da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiari %1,1 gehitu izana, 2010. urtean. Hori, eurotan, 740 milioi baino gehiago dira. Eustatek atera duen kalkulua atzo INEk Espainiarako atera zuena baino pixka bat handiagoa da —%0,85 da INEren emaitza—. Euskal Estatistika Erakundeak ez du zehaztu nolako iturriak erabili dituen legez kanpoko jarduera horien emaitza lortzeko.

Kalkulu berria baliatuta, 2010. eta 2013. urteen arteko barne produktu gordinaren emaitza berrikusi du Eustatek. Oinarria ezarri den urtean, 2010. urtean, ekonomia orain arte kalkulatzen zena baino %3,8 handiagoa zen. 2011n, %3,6; 2012an, %3,2; eta iaz, %2,1. Joan den urteko BPGak, hortaz, 1.377 milioi euro gehiago zituen.

Oinarriari erreparatuz, ekonomiari ekarpen handiena egin dion aldaketa ikerketa eta garapenerako (I+G) gastuaren kapitalizazioa da. Ekonomia %1,5 handitu du horrek. Ondoren, legez kanpoko jardueren ekarpena dago (%1,1), eta, azkenik, sistema berriko doikuntza tekniko ezberdinak —%1,2 gehiago, guztien artean—.

Arnasa administrazioentzat

BPGaren emaitza berriak moldaketa estatistiko hutsa baino gehiago dira. Izan ere, administrazioei ezarritako betebehar batzuk BPGaren ehuneko gisa kalkulatzen dira. Besteak beste, defizit muga eta zorpetzea. BPG handiago batek esan nahiko luke, hasiera batean, dirutan defizita apur bat handitzeko aukera izatea, eta, ondorioz, gehiago gastatzeko. Aldi berean, zorpetze tasa murriztuko lukete eragiketa berriek. Hurrengo urteko aurrekontuak prestatzerakoan arnasa pixka bat eman diezaieke, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren kontuei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: