hedabideen diru laguntzak

BERRIAko langileek eskatu dute beren ahaleginarekin ez "zuritzeko" murrizketa

Oroitarazi dute urteotan diru sarreren %11,1 galdu dutela, eta kritikagarri dela Jaurlaritzak aurrekontu urritzearekin lotzea laguntzaren beheratzea.

BERRIAren 10. urtemuga ospatzeko jaialdira bildutakoen talde argazkia, Martin Ugalde parkean.
BERRIAren 10. urtemuga ospatzeko jaialdira bildutakoen talde argazkia, Martin Ugalde parkean. JON URBE / ARP

Arantxa Iraola -

2014ko urriak 24

Egunotan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lotu egin ditu BERRIAri diru laguntza urritu izana —iaz baino 210.000 euro gutxiago; %14ko mozketa— eta BERRIA Taldeak berak bere aurrekontuan egindako murrizketa. Argudio horrek nahigabea eragin du BERRIA Taldeko langileen artean: «Min handia». Taldeko langile batzordeak ohar baten bidez gogoratu du aurrekontuaren murrizketa ulertu behar dela «krisiari» aurre egiteko hartu behar izan diren neurri ugarien barruan,eta langileek beren gain hartu behar izan dutela, hein handi batean, horrek ekarri duen «zama». Horregatik, Jaurlaritzari eskatu dio ez «zuritzeko» gehiago murrizketa halako argudioen bitartez.

Krisiak eragindakoa izan da BERRIA Taldearen aurrekontu murrizketa, eta horren gaineko beste inolako interpretaziorik ezin dela egin esan dute langileek. Gogora ekarri dute «ezinbesteko neurriak» hartu behar izan direla krisi urteotan proiektuari eusteko, eta gogorra izan dela enbata. Zailtasunak ekarri dituzten bi aldagai batu dira; prentsa idatziaren krisia eta gainbehera ekonomikoa. Eta langileek bidean asko galdu dutela gogorarazi du batzordeak: «2008tik gure soldata ez da batere handitu, eta paga bat eta erdi galdu dugu; 2013tik ere, gainera, soldata jaitsiera ere izan dugu».

Horrek guztiak langileengan eta haien senideen bizi-baldintzetan eragin zuzena izan duela erantsi du: poltsikoa nabarmen hustu zaiela. Datu zehatzak eman ditu, argigarriak: iragan sei urteetan langileek, batez beste, diru sarreren %11,1 galdu dute. «Hamar hilabetez kobratu gabe egotearen pareko galera da. Murrizketarik gabe jasoko genukeen ordaina baino %17 txikiagoa da gure soldata egun». Gogora ekarri dute lehendik ere apalak direla soldatak; Hego Euskal Herriko batez bestekoa baino %24 txikiagoak, hain zuzen. Azaldu dute neurriok ezinbestekoak izan direla BERRIA argitaratzen jarraitzeko, eta ahalik eta lanpostu gehienei eusteko, bidean hainbat galdu badira ere.

Jaurlaritzaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzak berriro erantzun die mozketaren harira egin diren kritikei. Administrazio publikoak hedabide guztiak aintzat hartu behar dituela esan du, eta hautu egokia egin duela aurten laguntzak banatzeko orduan irismenaren irizpidea lehenetsita. «Hau ez da hedabide batzuen alde eta beste batzuen kontra egitea». Gogora ekarri du irizpideak finkatzeko eskubiderik ez dutela, gainera, diru hartzaileek.

Auzitan jarri ditu BERRIA Taldeak murrizketa gaitzesteko plazaratu dituen zifrak —«egiazko eragina 97.043 eurokoa da»—, eta gogor kritikatu ditu protesta mezuak. «Ezin da ulertu BERRIAren bizialdi osoko babesle nagusiari aurre egiteko kanpaina». Elkarlanerako prest dagoela esan du, eta ukatu egin du aurtengo laguntzak zehaztean sektorearen babes eta atxikimendurik gabe jardun dutela. «Irizpideak behin betikoz finkatu aurretik eragile ugariren iritziak entzun eta haiekin kontrastatu ditugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna