Publizitatea

Zuzeneko kontakizuna

19:05
2016-12-06

Gaurko Landakoenea-n, BERRIA TBren Durangoko Azokaren inguruko saio berezian: Patxi Zubizarretak Erantzuna haizean dabil liburuaren pasarte bat irakurri du, argitaletxeen eta diskoetxeen balorazioa eta Kokein taldeko kideek Gaur kanta aurkeztu dute. Amaitzear da azoka, eta horrekin batera, Landakoenea saioa eta zuzeneko kontakizuna.

Maialen Unanue

18:31
2016-12-06

Ekhiñe Eizagirreren lehen poema liburu Alde erantzira nabil oinarri hartuta, emanaldi berezia egiten ari dira Ahotseneako solasaldietan, argiak apalduta, eta aretoa beteta. Durangoko 51. Azoka amaitzen ari da; jende dezente dago, halere, Landakon eta Durangon.

Maialen Unanue

16:04
2016-12-06

Jendetza espero zen gaurko, eta hala izaten ari da. Izatez, goizean, minutu gutxiz izan bada ere, jendetzari aurre egiteko neurriak hartu behar izan dituzte Gerediaga Elkartekoek: ate guztietan, elkarteko kide bana jarri da, sartu-irtenak kontrolatzeko. Aforoa bete da, baina, esan bezala, minutu gutxiko kontua izan da. Orain, beteta dago azoka, baina kalez kale ibiltzeko moduan.

Maialen Unanue

11:43
2016-12-06

Gaur Francoren bilobari gutuna antzezlana bitan eskainiko dute Szenatokian. Atzo sarrera gutxi batzuk gelditzen ziren eguerdiko saiorako; arratsaldekorako, herenegun ahitu ziren guztiak. Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean egiten duten hirugarren lana da honakoa; Errautsak (2010) eta Hamlet (2013) izan ziren beste biak.

Maialen Unanue

10:43
2016-12-06

Durangoko 51. Azokaren bosgarren eta azken eguna da gaurkoa. Landakoko ateak ireki aurretik, balorazioa egin du Areto Nagusian Gerediaga Elkarteko lehendakari Nerea Mujikak. Azoka bukatu ez denez, "inpresioak" izan dituzte hizpide, datuak beharrean (halakorik ez dute oraingoz). Egutegian aurreratu egin dute azoka, ikasle eguna mantentzearren, eta, azkenean, bi ikasle egun izan dituzte: ostirala eta astelehena. Horrez gain, euskara ikasten ari direnak erakartzeko asmotan, lehenengo aldiz, helduentzako tailerrak egin dituzte ikasle egunean: "Tailer batzuek erantzun ona izan dute, beste batzuek ez hainbeste. Baina hurrengo urtean errepikatzeko asmoa dugu, hobekuntza batzuekin".

Bizitzekoa DA! izan da aurtengo leloa, eta adibideren bat ere eskaini du Mujikak: "Larunbat goizean, lauzpabost kalejira elkartu ziren azokaren inguruan: horretaz ari gara azoka bizitzekoa dela diogunean". Horrez gain, bisitaria ez dela erosle huts azpimarratu du: "Ikusle izatetik parte hartzaile izatera pasatu da bisitaria, inoiz baino gehiago. Azoka plaza bat da, euskal kulturaren plaza, eta gero eta gehiago gara plaza horretan parte hartzen dugunak". Bisitari kopuruaren aldetik, egun eta momentuen arabera gorabeheratsua izan dela azpimarratu dute, baina gaurko egunarekin iazko kopuruetara iristea espero dute.

Maialen Unanue