Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
2022-04-07
Lehen ikasturtea egin du BERRIA Ikasgelak, egunkariaren edukiak eskoletan lantzeko moduan eskaintzen dituen webgune berriak. Joan den urriaren 26an aurkeztu genuen, zortzi hilabete daramatza martxan, eta BERRIAko lantaldeak oso balorazio ona egin du.
Hezkuntza BERRIArentzat oso gai inportantea dela esan genuen proiektua aurkeztu genuenean: ez soilik euskara normalizatzeko tresna gisa, hori ere garrantzitsua baita, baizik eta gizartearen kohesiorako eta hazkunde kritikorako. Aintzat hartu genuen, gainera, irakasleak direla BERRIAzale asko, eta, proiektu honekin, zerbitzu bat zabaldu nahi genuen hezkuntza komunitatearentzat, baita komunitate horrekin harremanak trinkotu ere.
Uste dugu neurri handi batean lortu ditugula helburu horiek. BERRIA Ikasgelak egunkarian argitaratutako artikulu batzuk hartzen ditu, eta egokitu egiten ditu, 12 urtez gorako ikasleekin ikasgeletan lantzeko moduan. Ikasturtean, artikulu berriak gehitzen aritu gara egunero, eta orain 264 artikulu eskaintzen ditugu, estilo askotakoak eta gai askori buruzkoak. BERRIAlagunen ekarpenei esker egin dugu urrats hau, eta etorkizunean eskaintza handitzen jarraituko dugu.
Buletin bat ere sortu dugu Ikasgelarentzat, astero sortzen ditugun eduki berriak erakusteko. 840 lagunek eman dute izena buletin horretan orain arte. Berrehun ikastetxetako baino gehiagotako irakasleak daude horien artean, eta horiek hasita daude BERRIA Ikasgelako edukiak beren ikasleekin lantzen. Ikusten ari gara egunero erabiltzen ari direla edukiok eskoletan, baina erabilera hori zabaldu nahi dugu orain, ahalik eta ikastetxe gehienetara iristeko.
Proiektu honekin, argi ikusi dugu euskarazko materiala falta dela eskoletan lan egiteko. Hutsune handi bat dagoen susmoa genuen, eta berretsi egin dugu ikasturte honetan. BERRIA Ikasgela ez da arazo guztien konponbidea, baina modu bat da aktualitateari lotutako edukiak hedatzeko, Euskal Herria erreferentziatzat hartuz eta euskaraz. Ikasturte honetan, hezkuntza munduko eragile gehienekin eta laurehun bat irakaslerekin egon gara aurrez aurre, proiektua aurkezteko. Guztiek eskertu dute BERRIAren ahalegina, eta guztiek esan digute beharrezkoak direla horrelako proiektuak, euskarazko eduki digitalen gabezia handia delako. Bestalde, COVID-19aren pandemiak are nabarmenago egin du baliabide pedagogiko digitalen beharra, eta behar horri ere erantzuten dio BERRIA Ikasgelak.
Erronka interesgarriak ditugu begien aurrean: hezkuntzarako euskarazko baliabide pedagogikoak zabaltzea, hezkuntzarako euskarazko edukiak ugaritzea, eta eduki errealetatik —benetako gertakizunei lotutako edukietatik— abiatuta lanketa pedagogikoak planteatzea. Uste dugu azken puntu hori garatu behar dugula, eta BERRIA Ikasgela eskoletara eramateko moduak landu behar ditugula hemendik aurrera, uste baitugu lanketa pedagogiko oso interesgarriak egin litezkeela errealitateari lotutako edukiekin.
Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)