BERRIAren iazko kontuak

2019-23-07

Iban Arregi Epelde / Kontseilari ordezkaria

1. Ekonomikoki, baldintza zailetan eusten.

BERRIA Taldearen 2018. urteko ustiapen kontu kontsolidatuak 40.962 euroko galera eman du. 2017. urtean lortutako emaitza 118.478 euro okertu da. Diru sarrerak nabarmen hazi dira (450.961 euro, %5eko hazkundea), baina diru irteeren hazkundea handiagoa izan da (553.637 euro, %7 gora). Emaitza fiskala, dena dela, positiboa izan da.

Diru sarreren atalean, hiru lerrotan izan dira hazkunde esanguratsuak: publizitate salmentan (213.838 euro, %13ko hazkundea), BERRIAlagun norbanakoen ekarpenetan (156.494 euro, %24 gehiago) eta beste diru sarreretan (112.712 euro –tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza—). Bestalde, salmentak %1 jaitsi dira (56.220 euro), egunkari salmenten jaitsierak eraginda.

Diru irteerei dagokionez, aurrezpen handia izan dugu BERRIAren inprimatze gastuetan (120.123 euro, %14ko jaitsiera), Bidasoa inprimatzeko zentroak egin duen tarifen egokitzapenaren ondorioz. Hala ere, egokitzapen horrek berak ere eraman gaitu urte amaieran, akziodun gisa, Bidasoan dugun inbertsioa zuhurtziaz baloratzera eta inbertsio osoaren balizko narriadura hornitzera (2017arekiko 367.020 euro hazi dira dotazioak). Bestelako inbertsio finantzarioek ere galera izan dute 2018. urtean (75.051 euro).

Aurreko urteetan ez bezala, BERRIA egunkaria argitaratzen duen Euskal Editoreak irabaziak izan ditu (165.250 euro). Publizitatean eta BERRIAlagunen ekarpenetan izandako igoeren ondorio da hori. BERRIAren publizitate salmenta kudeatzen duen enpresak ere, Iragarrik, irabazi esanguratsuak izan ditu (89.226 euro). Dotazioen ondorioz, BERRIA taldeko enpresa nagusian pilatu dira aurtengo galerak, Euskarazko Komunikazio Taldearen emaitzan (228.069 euro).

2. Iaz baino diru sarrera gehiago

2016an, ordu hartako Eusko Jaurlaritzak emandako hiru urteko ebazpenarekin, diru laguntzen kopuruak jaisten segitzen du (Euskal Editorea-ren kasuan, %20 da finantzaketa publikoa; talde osoaren kasuan, %18), eta egunkari salmenta ere beheraka doa, pixkanaka-pixkanaka (2017an baino %3 gutxiago fakturatu da). Aldiz, publizitate sarrerak %15 igo dira BERRIAren kasuan, eta BERRIAlagunatik datozen sarrerek ere %13 egin dute gora urtebetean. Horretaz gain, zerbitzu salmentaren emaitzak ere onak izan dira, 2017an baino % 3 gehiago fakturatzea lortu delako (1.634.845 euro guztira, eta ia 200.000 euroko etekina).

Azken urteotako sarrera eta gastu kontsolidatuen taula, berriz, hau litzateke (milakotan):

 

 

Taldeko diru sarrera nagusiak, atalka, hauek izan ziren:

 

- Sarrera gehienak, % 50, produktu eta zerbitzu salmentatik datoz; guztira, 4.363.851 euro. Hain justu, egunkari salmentatik 2.728.856 euro 2018an, eta zerbitzu salmentatik, berriz, 1.634.995 euro.

 - Publizitate salmentatik 1.813.991 euro lortu ziren iaz, sarrera guztien % 21.

 - Bestelako sarrerak sarrera guztien %20ra iritsi ziren 2018an, eta atal horretan jaso ziren diru laguntzak eta aparteko bestelako sarrerak (promozioak eta beste); 1.789.049 euro sartu ziren bide horretatik. Diru laguntzetatik 1.635.498 euro jaso ziren, sarrera guztien %19. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politika Sailetik BERRIAk zuzenean jasotako laguntzak 1.331.601 eurorenak izan ziren, taldeko sarreren % 15, eta gainontzeko laguntzak txikiagoak izan dira: Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak emandakoak eta IKT garapen desberdinak egiteko lortutakoak.

 - BERRIAlagunen ekarpena ezohiko sarreratan daude jasota (797.362 euro, sarrera guztien %9).

 

 

 3. Gero eta BERRIAlagun gehiago

Emaitza ekonomikotik harago, oso kontuan hartzekoa da BERRIAlagun kopuruan gertatzen ari den gorakada. 2018 bukaeran 2017an baino 774 BERRIAlagun gehiago genituen (+%12); guztira, ia 15.000. Ezinbestekoak dira BERRIAlagunak proiektu honentzat, diru iturri propio sendorik gabe nekez egin dezakeelako aurrera egunkari independente batek. Denon ahalegina eskertzekoa eta beharrezkoa izango da .

 

 

4. Audientzietan, geldialdia

Paperean, CIESen inkestak jaitsiera txiki bat iragarri zion BERRIAri 2018an (CIESen arabera, 2017an egunero 58.000 irakurle zituen, eta 2018an, 53.000). Jaitsiera hori ohikoa izan da prentsa arloan.

Interneteko hedapenari dagokionez, BERRIAren webgunearen 2018ko datuak iazkoaren antzekoak izan dira, jaitsiera txiki batekin erabiltzaile kopuruetan eta saio kopuruetan.

Erabiltzaile kopuruari dagokionez, jaitsiera % 3,6 da aurreko urtearekiko. Esan liteke 2017an Kataluniak eta Bertsolari Txapelketak izandako eragin berezia ez dela ordezkatu beste gertaera informatibo batzuekin. Azken sei urteetako datuak kontuan hartuta, esan daiteke urtean 2 milioi erabiltzaileren kopurua gainditzeko zailtasunak dauzkagula.

 

 

Saio kopurua ere % 3 jaitsi da iazkoaren aldean.

 

 

Aurreko urteetako joeraren bidetik, nabarmen handitu da trafiko mugikor eta sozialaren pisua. 2017an, saio guztien % 49 telefono bidez sortutakoa izan zen; 2018an, berriz, %52,71 da (hiru puntu gehiago). BERRIAren aplikazioak apur bat igo da (%1 erabiltzaileetan eta % 7 saioetan).

 5. Langileria, egonkortuta baina eusten

Lantaldearen tamainak egonkor segitzen du Berria Taldean, eta 2018 bukaeran kontratuen % 72,47 finkoa zen, eta, guztira, 218 langile zituen taldeak. Dena dela, 2018an ere ez zen lortu soldatak eguneratzea (2019an emango da pauso hori), eta %1 besterik ez zen lortu igotzea.


6. Finantzaketa publikoa aldatzeko bideak ikertzen

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politika Saila, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntz Berdintasuneko Zuzendaritza eta Hekimen azterketa sakon batean aritu dira 2018an, eta diru laguntza politikaren lerro nagusiak adostea lortu zen. Horrela, 2019-2021eko aldirako hitzarmena sinatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta BERRIAk, eta, hitzarmen horren arabera, urtero, 2.320.000 euro jasoko ditu BERRIAk egunkari multimedia egiten jarraitzeko.

 

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)