Formakuntza feminista BERRIAn: (DES)IKASTEN

2023-01-03

BERRIA /

BERRIA feminista eraikitzea da lehentasunetako bat, ziklo berrirako helburuak markatzen dituen BERRIA Taldearen plan estrategikoan. Erronka horri aurre egiteko, formakuntza feministaren lerroa jarri dugu martxan, Emaginen aholkularitzarekin. 2022ko urrian hasi ginen, eta aurtengo ekaina bitartean formakuntza ziklo oso bat egiten ari da lantaldea, BERRIA Taldearen praktika feministaz hausnartzeko eta hori hobetzeko.

Lehen saioetan, talde mistoetan, analisi feministaren garrantziaz jardun dugu: zer esan nahi du gure entitatean ikuspegi feminista txertatzeak? Zer tresna eskaintzen dizkigu teoria eta praktika feministak? Nola ulertzen dugu zeharlerrotasuna? Zergatik da ezinbestekoa begirada intersekzionala?...

Bigarren fasean, oraingoan talde ez-mistoetan, ahalduntze taldeak eta desboteretze taldeak antolatu ditugu. Asteotan ari dira talde ez-misto horiek formakuntza egiten: emakumeak autodefentsa feminista lantzen ari dira, entitate barruan emakume izendatzearen ondorioez jarduteko eta ondoezak identifikatzeko. Gizonak, berriz, gizon izateko moduak birpentsatzeko eta maskulinitate hegemonikoaren gainean hausnartzeko saioak egiten ari dira.

Prozesua ixteko balorazio saio bat ere egingo dugu, talde mistoetan. Emakumeek eta gizonezkoek identifikatu dituzten beharretatik abiatuta konpromisoak hartzeko saioa izango da, BERRIA feminista helburu hartuta.

Bezero arreta

Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan

943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)

laguna@berria.eus

Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)