Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
2019-27-09
1.- Eusko Jaurlaritza eta EAEko diputazioek alde batetik, eta HEKIMEN euskarazko hedabideen elkarteak bestetik, elkarrekin eginiko prozesuaren emaitza da gaur BERRIAk eta Jaurlaritzak sinatzen dugun hitzarmen hau, baita herenegun argitaratu den gainerako euskarazko hedabideentzako diru laguntza deialdia ere. Jaurlaritzak, diputazioek eta Hekimenek elkarrekiko aitortzatik abiatuta eta ardurak partekatzeko helburuarekin egin dute bidea, luzaroan ikusi ez dugun konfiantzazko lan-giroan.
Urte askoan euskal hedabideen sektoreak hainbat eskari luzatu dizkie bertako administrazioei, hala nola:
-Hedabideok egindako lana balioestea.
-Sektorearen beraren izaera estrategikoa aitortzea.
-Euskal hedabideen sektorea egonkortzeko eta baldintzak duintzeko bidea adostea.
-Egonkortasunaz jabetzeko baliabide gehiagoren beharraz jabetzea.
-Kostuen azterketan oinarritutako dirulaguntza eredu berria abiatzea.
Eskari horiek aintzat hartu direlako iritsi gara gaur hona.
Gure egunkariak, BERRIAk, oso garrantzitsutzat jo du hitzarmen bidez pauso hau eman izana.
2.-BERRIA euskaldunon egunkari nazionala da, eta bai Administrazioak bai sektoreak argi dute ezinbestekoa dela herri honentzat, euskararentzat.
Komunikabide honen eginkizun nagusia kalitateko informazioa ematea da, ikuspegi kritikoarekin eta independentearekin, eta esan gabe doa, euskaraz. Euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko eguneroko lanabesa da BERRIA.
Halaber, Administrazioa eta euskal hedabideen sektorea bat datoz euskal komunikazio eremu sendo bat izatea garrantzitsua eta ezinbestekoa dugula, gutxiagotutako hizkuntza ororen berreskuratze eta normalizaziorako estrategikoak baitira komunikabideak, eta halaxe euskarari dagokionez ere.
Izan ere, hedabideak euskararen herriaren leihoak dira: hedabideetatik jasotzen du Euskal Herriak etxekoen eta munduaren berri, eta horietatik transmititzen da Euskal Herriaren beraren arnasa ere.
Gainera, hedabide sare indartsu eta dinamikoa pluraltasunaren eta informazio eskubidearen bermea ere bada: hedabideen eskaintza plurala iritzi aniztasunaren oinarrietako bat baita.
3.-Euskal hedabideen sistema bera osatu eta indartze horretan, eta guri dagokigunez, BERRIAren egonkortasuna lortu eta garapena azkartzeko, nahitaezkoa zen instituzioekin lana berritzea: orain artekoa izan den baino akordio zabalagoa izatea.
Hau abiapuntua da, ez gaitezen tronpatu; dena dugu egiteko oraindik. Gurea, egunkarien sektorea, etengabe eta azkar ari da aldatzen: nola kontsumo ohituretan hala produkzio moduetan.
Edukien bidez erreferentzialtasunean jauzia eman nahi dugu, BERRIAren irakurle kopurua handitu, dauzkagunak egonkortu eta berriak lortuz; baina horrek guztiak inbertsioak eskatzen ditu, berritzen segitzea, negozio aukera desberdinak lantzea eta jorratzea.
4.- Hitzarmen honen bidez, besteak beste, lantaldearen baldintzak hobetu ditugu zertxobait, soldatak igota, baina euskarazko hedabideen sektoreko batez bestekoaren azpitik gaude oraindik BERRIAn: pentsa dezakezuenez, horrek nekez laguntzen du egonkortasunean.
Bide honetan, beraz, badugu zer urratu oraindik.
Ez gara aspertuko esaten lantaldea dela proiektu honen oinarri ezinbesteetako bat. BERRIAren balio estimagarriena egunero lanean diharduten emakumeak eta gizonak dira, etxea barrutik kanpora janzten dutenak: informazio eta kultur edukien sortzaile eta eragile, euskararekin konprometituak. Profesional beteak.
5.- Giza taldearekin batera, BERRIA komunitatea dugu etxeari eusten dion beste habea.
Irakurle, sustatzaile, lagun, denon artean osatzen dugun komunitateak eragiten dio BERRIAri aurrera. Gure egitekoa izango da Komunitate hori elikatu, piztu, aktibatu, zaindu, gurera atxiki eta handitzea: Komunitate hori ezagutzea dugu erronka; kideen portaerak, gustuak, motibazioak eta beharrak ulertzea, BERRIAtik erantzun egokia ematen jakin dezagun.
Atzo eta gaur bezala, etorkizunean ere Berrialaguna izango da gure oinarri estrategiko nagusia, proiektuaren bideragarritasuna bultzatuko duen zutabe nagusia.
Hala bada, Berrialagunei, herritarrei, euskaltzaleei dei egin beharrean gaude, gaur ere: Inoizko finantzaketa publiko handiena izango du BERRIAk, bai: %30ekoa izango da orain. Baina sektoreko gainerako hedabideen aldean, estaldura publiko baxuena izaten segituko du.
Gaur hemen sinatzen dugun hitzarmen hau 3 urterako da. Hitzarmen sendoa dugu, Eusko Jaurlaritzarekin izandako lankidetzaren fruitu, eta eskertuta gaude. Mugarri bat da eta ospatzekoa.
Eta badakigu: azkar joaten dira hiru urte: bien bitartean lanean segituko dugu, garai berrietara egokitzen, langileen baldintzak hobetzeko ahaleginean, irakurleak eta Berrialagunak asetzeko bidean.
Baina egia esango dizuet: hiru urteko hitzarmen gehiago espero ditugu, euskaldunek eta BERRIAk, euskarazko egunkari nazional bakarrak, behar-beharrezkoak izango dituztelako.
Edozein zalantza argitzeko, jar zaitez gurekin harremanetan
943-30 43 45 (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)
Txat bidez (astelehenetik ostiralera: 08:30-16:00)